Mikel Lizartzak 40 kilogatik galdu du apustua

Ataria 2021eko urriaren 12a

Iñigo Merkaderrek 3017 kilo pilatu ditu, Lizartzak 2981,50. Korrika tolosarra izan da azkarrena, baina segan buelta eman dio apustuari hernaniarrak.

Urnietako Xoxokan jokatu dute gaur goizean herri kirol apustua Iñigo Merkader eta Mikel Lizartzak. Korrika ekin diote desafioari, 6 kilometroko ibilbidea eginaz. Hasieratik hartu du aurrea Lizartzak, baina alde handirik atera gabe, Merkadarrek bere erritmoari bikain eutsi baitio. Ondoren, ordu eta erdi osatu arte segan aritu dira. Segundo gutxiko abantailari segidan eman dio buelta lan horretan Merkaderrek. Lizartzari kosta egin zaio trantsizioa egitea. Hala eta guztiz ere, segan atzetik aurrerako lana egin du tolosarrak, eta sailetan bera izan da gehien moztu duena. Kiloek, ordea, alderantzizkoa erakutsi dute. Txartel gorri bat, hau da, 20 kiloko zigorra izan arren, hernaniarrak irabazi du apustua 3017 kilorekin. Lizartzak 2981,5 bildu ditu. 3.000 euroko jokoa, beraz, hernaniarrak irabazi du.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!