Paella erraldoia, arrakasta handiko jaiak borobiltzeko

Josu Artutxa Dorronsoro 2021eko urriaren 12a

Bost egunez luzatu diren jaietako azken egunean, otordu ederra egin dute auzotarrek; Leire Alonso nagusitu da toka txapelketan eta arratoia errez amaituko dituzte festak

7 kilo arroz, dozenaka oilasko pusketa eta era guztietako barazkiak. Guzti hori mimo handiz eta denbora luzez ondo kozinatu, eta 100 bizilagunentzat prestatu dute Berazubi Auzo Elkarteko kideek. Izan ere, gaur, auzoko jaien azken egunean, paella erraldoiak erakarri ditu begirada guztiak.

Aurrez, emakumezkoen toka txapelketa jokatu da eta Leire Alonso izan da onena. 24 jaurtiketetatik, hamarretan jo du burdinean. Harrituta utzi zituen auzotarrak, eta hauek txalo sorta bat jo zien saioa amaitu zuenean. Alonsok, beraz, merezimendu osoz irabazi zituen txapela eta garaikurra.

Paella erraldoia amaitzen dutenean, auzotarrek zain izango dute Pancho Balbuena abeslaria. Doinu mexikarrez girotuko du auzoa, eta berarekin batera abestera ausartzen ez direnek, gorputza mugitzeko aukera izango dute ondoren, areto dantzen saioa izango baita plazan. Txistorra janez eta arratoia errez borobilduko dute eguna, eta ondorioz, baita aurtengo festak ere.

Askatasun handiagoa

Hain justu, borobila izan daiteke aurtengo festak nolakoak izan diren deskribatzeko hitza. «Herritar ugari bildu da, batez ere, musika emanaldietan, eta beraz, oso pozik gaude festek izan duten erantzunarekin. Giro oso ona izan dugu», aitortu du Jose Antonio Telleria auzo elkarteko kideak. Oraindik elkarteak balorazio orokorrik egin ez badu ere, auzotarren jarrera «bikaina» izan dela nabarmendu du.

Azken aldiz politikariek neurriak murriztu zituztenetik, Berazubi auzokoak izan dira Tolosan ospatu diren lehen festak. Hori dela eta, askatasun handiagoa izan dutela aitortu du. «Argi ikusi dugu herritarrak gogotsu zeudela», gaineratu du.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!