'Zimurrak' bilduma, urriko irakurle taldean

Ataria 2021eko urriaren 12a

Galtzaundi Euskara Taldeak antolatutako irakurle taldeak urriaren 21ean egingo du hurrengo saioa, Tolosako kultur etxean; Paco Rocaren 'Zimurrak' komikia landuko dute.

Galtzaundi aldizkariaren erakusketa bisitatzeaz gain, eskualdeko euskaltzaleek beste hitzordu bat dute urrian, kasu honetan, Galtzaundi Euskara Taldearen irakurle taldearekin. Hilaren 21ean izango da hurrengo saioa, Tolosako kultur etxean, 19:00etan. Paco Rocak 2014an argitaratu zuen Zimurrak komikiaren inguruan hitz egingo dute, eta ohiko moduan, Yurre Ugartek dinamizatuko du.

Orain arte komikietan gutxi jorratutako gaiak landu ditu Rocak Zimurrak lanean, besteak beste, Alzheimer gaitza eta zahartzaroko dementzia. Sinesgarria da narrazioa, dokumentazio lan zorrotzaren ondorioz, gertukoen eta senitartekoen pasadizoak bildu zituelako. Album honek Komikiaren Sari Nazionala bereganatu zuen 2008an; zinemarako egokitzapenak, berriz, bi Goya sari lortu zituen.

Hitzorduan parte hartzeko aurrez eman behar da izena. Horretarako, Galtzaundiren bulegora gerturatu (Nafarroa Etorbidea 6, Tolosa), galtzaundi@galtzaundi.eus helbide elektronikora mezu bat bidali edo 943 655 004 telefono zenbakira deitu behar da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!