Gozatu egin dute txikienek San Esteban auzoan lasterka

Ataria 2021eko urriaren 12a

Tolosako Herri Krosaren ondoren egin dute Txiki krosa San Esteban auzoan; adinka banatuta, distantzia ezberdinetako bi lasterketa egin dituzte.

Tolosako Herri Krosa egin da gaur goizean eta horren atzetik etorri da Txiki krosa ere. Bi proba prestatu dituzte: 6 eta 8 urte artekoentzat 500 metroko ibilbidea, eta 8 eta 14 urte artekoentzat 1.250 metrokoa. Umore ederrean egin dituzte bi ibilbideak gaztetxoenek. Denera, 202 haurrek hartu dute parte. 

Aurten, berrikuntza gisa, helburu solidarioa izan du txikienen lasterketak. Parte hartu dutenek, dortsala hartzerakoan, eskolako materiala utzi dute. Bildutako materiala Tolosaldea Sahararekin elkarteak jaso du, Saharako errefuxiatuen kanpamentuetara eramateko. Parte hartzaileek kamiseta jaso dute. Lasterketan zehar, lagun izan dute Estebania auzoko erraldoia.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!