Harrera beroa egin diote Carlos Peñari, 24 orduko igeriketa saioa amaitu ondoren

Erabiltzailearen aurpegia Urola Kostako Hitza: Amaia Urbieta Arruti 2021ko urr. 11a, 14:59

Aurreikusi bezala, 24 orduko zeharkaldia egin zuen igerian Oria ibaian, Gipuzkoan lan egiten duten erizainak omentzeko. Ekintza solidarioa amaitu berritan, lore sorta eta aurreskua eskaini zizkioten tolosarrari.

24 orduz Oria ibaian igerian ibili zen Carlos Peña igerilari tolosarra, Gipuzkoan lan egiten duten erizainak omentzeko. Larunbat eguerdian abiatu zen, eta atzo 12:00etan amaitu zuen ekintza solidarioa hasi zen leku berean, Orioko Arraunetxe parean. 

Behin erronka amaitu ondoren, Peñari eta lagun izan dituen bi piraguistei harrera beroa egin zieten igerilariaren emazteak, Gipuzkoako Erizainen Elkargo Ofizialeko lehendakari Pilar Lekuonak, elkargoko beste hainbat erizainek nahiz Orioko Udaleko ordezkariek. Lore sorta emateaz gain, aurreskua eskaini zioten; horrez gain, Lekuonak eskerrak eman zizkion Gipuzkoako erizain guztien izenean. 

Heldu berritan, oraindik ere hotzez dardarka ari zela, zeharkaldia zer moduz joan zen azaldu zuen Peñak. “24 orduetatik hamabi argiarekin izan dira eta beste hamabi argirik gabe. Horrek pixka bat zaildu egin digu kontua. Mareak oso indartsuak izan dira, orduan, jaitsi erraz egin gara, baina igotzeko, portu aldean bueltaka egon behar izan gara". Zailtasunak zailtasun, “gustura” geratu zen egindako balentriarekin tolosarra.

Ez da igerilariak halako ekintza deigarria egiten duen lehen aldia. “Muturreko igerilari solidario” gisa izendatzen du bere burua, eta munduko bi errekor ditu bere palmaresean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!