Kirol instalazioen kudeaketarako zerbitzuak kontratatzeko lizitazioa abiarazi du Tolosako Udalak

Tolosaldeko Ataria 2021ko urr. 11a, 13:59

Hobekuntzak txertatu dira herritarrei eskainitako zerbitzua hobetzen jarraitzeko helburuarekin. Besteak beste, kirol instalazioen ordutegia zabaldu egingo da: astean zehar 7:00etatik 22:00etara, eta jaiegunetan 8:00etatik 14:00etara.

2005ean zabaldu zituen bere ateak Usabalgo Kirol ekipamenduak. Denbora honetan, ia azpiegiturarik erabiliena bilakatu da kiroldegia, hainbat instalazio berri sortu dira eta beste batzuk handitu edo hobetu dira: rokodromoa, solariuma, skate-parkea edota futbol zelaia. Udal kirol instalazio guztien kudeaketa bateratuagoa, eraginkorragoa eta integralagoa bultzatzeko, 2013an Berazubi estadioa eta 2017an Beotibar frontoia batu ziren Usalbal kiroldegia kudeatzeko zerbitzu-kontratura.

Azken urte eta erdiko pandemiaren ondorioz, udal kirol instalazioen kudeaketa integralerako zerbitzuak kontratatzeko lizitazioa luzatu zuen Tolosako Udalak. Datorren urtean amaituko da indarrean dagoen kontratua eta hori dela eta, zerbitzu horiek berriz ere kontratatzeko lizitazioa martxan jarri du udalak.

Aldaketa ugari izan dituen eta konplexutasun handia duen kontratazioa da, beraz, kirol instalazioena. Horregatik, lizitazio berriari hasiera eman aurretik, hainbat azterketa egin dira; tartean, beste herrietako ereduen azterketa eta konparaketa, eta zerbitzua udalarena izateko aukeraren azterketa. Orain arteko zerbitzuaren balorazioa ere egin da, eta herritarrek positiboki baloratu dute jasotako zerbitzua.

Gauzak horrela, ondorio guztiak kontuan izanda, eraginkortasun printzipioari eusteko eta herritarrei zerbitzurik egokiena bermatzeko udal instalazioen kudeaketa osorako zerbitzua kontratatzea erabaki du udal gobernuak eta azken osoko bilkuran onartu zen lizitazioari hasiera ematea. Beraz, dagoeneko enpresek aurkeztu ditzakete beren proposamenak.

10 urterako, azpiegiturak mantentzeko inbertsioekin

Kontratuaren iraupenak eragin zuzena du inbertsioak egiteko gaitasunean eta horregatik, azterketa ekonomikoak egin ondoren, kontratu berria 10 urterako izatea zehaztu da, enpresa esleipendunak azpiegiturak egoera onean mantentzeko inbertsioak egiteko gaitasuna izan dezan.

Kirol instalazioen kudeaketa integralerako zerbitzuaren emakidaren balio zenbatetsia, 4.570.531,22 eurokoa da; urteko ustiapen aurrekontua 2 milioi ingurukoa izango dela aurreikusten da eta kontratuaren baitan, instalazioak mantentzeko, berritzeko eta hobetzeko inbertsioak egingo dira, 1.730.000 euroko aurrekontuarekin.

Modu honetara, kirol instalazioak egoerarik onenean mantendu nahi ditu udalak, herritarrei eskainitako zerbitzu eta azpiegiturak egokiak eta kalitatezkoa izan daitezen. Zerbitzuak hobetzen jarraitzeko helburuarekin, hainbat hobekuntza ere txertatu dira lizitazioan, bereziki ordutegiari lotuta, zabaldu egingo baita: astean zehar 7:00etatik 22:00etara eta jaiegunetan 8:00etatik 14:00etara egongo dira irekita kirol instalazioak.

Orain arte bezala, udalak instalazioen erreserba egin ahal izango du udal zerbitzu publikoak eta herriko taldeen jarduerak bermatzeko. Langileei dagokienez, langileria subrogatu beharko du enpresa esleipendunak. Langile guztiek bete beharreko baldintzetako bat euskaraz hitz egiteko gai izatea da; arduradunek, gainera, EGA titulua edo baliokidea izan behar dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!