Inpernuko Poza XVIII. Jardunaldia egin dute

Leyre Carrasco 2021ko urr. 9a, 14:18

'Erromeria' gaia abiapuntu harturik, erromeria munduan ezinbestekoa izan den Aiko taldeko arimak diren Sabin Bikandi eta Patxi Laborda izan dira gaurko hitzaldiko protagonista nagusiak.

Aldaketa nabarmenekin, baina Inpernuko Pozaren hamazortzigarren edizioa mantentzea erabaki du Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak. Hala, egun bakarreko jardunaldia antolatu dute gaur Tolosako Kultur Etxean. Erromeria izan da aurtengo gaia. Izan ere, erromeriak trikitixaren kabi izan dira urtetan, eraldaketa nabarmenen lekuko. Horregatik, aurtengoan hainbat galdera jarri dituzte mahai gainean: "Benetan ezagutzen al dugu erromeriek bete zuten funtzioa? Gaur egun funtzio bera al dute? Iraungo al dute erromeriek?". Honelako eta bestelako galderei erantzun diote erromeriarekin eta dantzarekin harreman zuzena duten Aiko dantza taldeko Sabin Bikandik eta Patxi Labordak.

"Ez dakigu hemendik berrogei edota ehun urtetara erromeria nolakoa izango den, jendeak ikusi behar du buruan daukagun betiko erromeria hori agian ez dela betikoa, gauzak aldatu egin direla, aldatzen ari direla eta aldatuko direla. Aikoren ikuspegitik, guk aldarrikatzen duguna da jendearen askatasuna dantzarako, ez horrenbeste dantza. Azken finean, erromeriak funtzio bat zeukan, eta orain agian, beste funtzio batzuk izango ditu, baina harremanetarako gune polita izan da eta izan daiteke. Dantzan dakigun bitartean, guk ere jokoan jarri ditzakegu beste baliabide batzuk; hau da, elkarbanatu ditzakegu gure dantza pertsonalak, ez dugu zertan eskema itxietan sartu behar", esan du Labordak.

Beraien ibilbide oparoak lagundurik, bertaratu direnak ez ezik, protagonistak ere erromeriaren kontzeptuaren inguruan hausnartu dutela azaldu dute bi protagonistek: "Guk ere inertziak ditugu eta horiek kolokan jarri behar ditugu, hezitzeko".

Mahai ingurua, 16:30etan

16:30ean, berriz, mahai inguru batean parte hartuko dute Eusko Ikaskuntzako partaide den Xabier Etxabe, Emile Durkheim Bordeleko ikerketa zentroko zuzendaria den Xabier Itçaina eta, hainbat urtez Euskal Dantzarien Biltzarreko lehendakari izan den Joseba Altubek. Erromeriaren errealitatea lurraldez lurralde ezberdina delakoan, Aritz Ibañez dantzari eta kazetari nafarrak moderatzaile jardungo du.

Mahai ingurua streaming bidez ikusgai egongo da EHTEren Instagram (@trikitixa_elkartea) eta Facebook (@trikitixa.es) kontuetan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!