Tolosako udal gobernuak aurreko legealdian eraikin sozio-kulturalei buruzko azterketa egin zuen, azpiegituren eta bertan eskaintzen ziren zerbitzuen inguruko informazio zehatza izateko, eta horiek hobetzeko lan lerroak eta proiektuak zehazteko, herritarrei eskainitako zerbitzua hobetzen jarraitzeko helburuarekin. Azterketan atzeman zuten kultur etxeko egungo espazioa zaharkituta eta gain-okupatuta dagoela, eta irisgarritasun baldintzak ez daudela bermatuta. Hori dela eta, kultur etxea eraberritzeko proiektua abiarazi du aurten Tolosako Udalak, etorkizunean udal liburutegia bertan kokatu dadin. Horrek guztiak, zerbitzuen eta udal-eraikin eta espazioen berregituraketa ekarriko du.
Dagoeneko aukeratu dute lan horretaz arduratuko den enpresa; Estudio Beldarrain SLP enpresari esleitu zaio proiektuaren idazketa, 57.153,60 euroko prezioan (BEZ barne). Enpresak hamar hilabete izango ditu proiektua garatzeko, eta kultur etxea eraberritzeko eta liburutegi berria bertan kokatzeko proposamena landu beharko du; liburutegia inklusiboa izan dadin bermatu beharko du, haur, gazte eta helduak kontuan hartuz. Bestalde, eraikinaren ondare balioari buruzko analisia ere egingo da.
Herritarren iritzia
Azpiegitura hau herritarrek erabiliko dute; horregatik, udalaren ustez ezinbestekoa da haien parte hartzea proiektua garatzeko. Eraikin sozio-kulturalen inguruko azterketa egin zenean, herritarrek egin zituzten bere proposamenak eta horiei erantzutea du helburu proiektuak.
Fase berri honetan ere tolosarrek parte hartzeko aukera izango dute. Bi saio ireki egingo dira eta baita elkarrizketak ere, hausnarketak egin eta proposamenak jasotzeko, eta, azkenik, hirugarren saio bat egingo da proiektua erakusteko eta azken ekarpenak jasotzeko.