Tolosaldeko ospitale publikoa

Ospitale publikoaren eraikuntzarako urrats bat gehiago

Ataria 2021ko urr. 7a, 15:57

Tolosako Udalak bi saio ireki egingo ditu herritarrekin, diagnosia egin, egon daitezkeen aukerak aztertu eta ekarpenak jasotzeko.

Tolosako iraileko osoko bilkuran aho batez onartu zuten eskualdeko ospitale publikoaren eraikuntzarako Hirigintza Antolamendurako Plan Orokorraren aldaketa puntuala abiaraztea. Modu honetan, Tolosako Udalak esan du urratsak ematen jarraitzen duela eskualdeko ospitale publikoa eraikitzeko.

2020an hasi zen udala titulartasun publikoko ospitale berria eraikitzeko kokapenak aztertzen. Azterketa horrek bi fase izan ditu, guztira 13 eremu aztertu dituzte eta irisgarritasun, mugikortasun eta bizilagunenganako eraginak kontuan izanda ondorioztatu dute suhiltzaile etxe pareko kamioi aparkalekua dela eremurik egokiena ospitale berria kokatzeko.

Egoitz Sorozabalek, lurralde arloko eta hirigintza saileko zinegotziak, azaldu duen moduan “2009tik indarrean dagoen HAPOan ez dago aurreikusita eremu horretan ospitalerik eraikitzea eta horregatik da beharrezkoa Plan Orokorrean aldaketa egitea; legeak ezartzen duen moduan, beharrezkoa da herritarren partaidetza bermatzea eta horretarako partaidetza programa garatu da”. Hala, talde eragilea osatuko dute inplikatutako erakundeen parte hartzearekin: Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila, Foru Aldundia eta Tolosako Udala eta bi saio ireki egingo dituzte herritarrekin.

Lehena, dokumentua osatu aurretik egingo dute, diagnosia egin eta egon daitezkeen aukerak aztertu eta herritarren ekarpenak jasotzeko. Ondoren, informazioa jaso ostean, dokumentua herritarrekin partekatuko dute. Eta azkenik, osoko bilkuran onartu beharko da.

“Eskumenak erakunde ezberdinen artekoak direnean, elkarlana ezinbestekoa da, horregatik Eusko Jaurlaritzarekin hartu-eman estuan gabiltza lanean eta horregatik, baita ere, parte hartuko du Osasun Sailak HAPOaren aldaketaren prozesuan” adierazi du Sorozabalek. Zinegotziak argi utzi nahi izan du, HAPOaren aldaketak ez dituela ez eredua, ez eta eskainiko diren zerbitzuak baldintzatuko.  “Osasun Saila orain ari da Plan Funtzionala egiten eta azterketa horrek zehaztuko ditu etorkizuneko ospitaleak izango dituen zerbitzuak” esan du. "Oraindik lanketa mardula dugu aurretik, pausoak ematen joan ahala argitu, zehaztu eta bideratuko dira hainbat gai, eta garrantzitsuena da aurrerapausoak ematen jarraitzea eta orain arte bezala Tolosako Udalak eman beharreko pausoak eman ditu eta emango ditu ospitale publikoaren eraikuntzarako”. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!