Apeaderoa egokitzeko lanak atzerapen handiarekin datozela esan du Eguzkik

Ataria 2021ko urr. 7a, 11:22

Bertako irisgarritasuna eta segurtasuna hobetzeko aldarrikapena aspaldikoa dela, eta lanak ez gehiegi luzatzea espero dutela esan dute plataformatik.

Tolosako apeaderoan irisgarritasuna hobetzeko lanak hasiko direla iragarri dute berriki, eta albiste ona dela adierazi du Eguzki plataformak, hori bai, "atzerapen handiarekin" datozela esan du.

Eguzkik azaldu duenez, nasatik trenera igotzeko eta trenetik nasara jaisteko "zailtasuna eta arriskua" aspaldiko kontua da, "batez ere Brinkolako norabidean". Hala, irisgarritasun eta segurtasun hobekuntza horiek aspalditik aldarrikatu izan dituela gogoratu du: "2008tik aldian behin eskatu diegu bai Adifi eta baita Tolosako Udalari ere lanak hasteko, azkenekoz, 2019an, udal hauteskundeen bezperan. Zoritxarrez, orain arte ezer gutxi egin dute".

Plataformak esan du Tolosako apeaderoa Gipuzkoan gehien erabiltzen den geltokietako bat dela, zehazki ranking-eko seigarrena, egunero mila pertsona baino gehiagok erabiltzen dutelarik. Brinkola norabideko nasara iristeko 24 eskailera igo behar dira, baina, arazo edo arrisku nagusiena nasa eta bagoiaren artean dagoen tartea dela dio, 50 zentimetro baitaude, eta 40 zentimetro altueran. "Gauzak horrela, trenera igotzea edo trenetik jaistea oso arriskutsua da, guztiz ezinezkoa ez bada, adineko pertsonentzat, elbarrientzat edota, adibidez, haurren karroekin edota erosketa-karroekin joaten direnentzat". Alde horretatik, Eguzkik gogoratu du Arartekoak 2011n irisgarritasunari buruz egin zuen txostenean Tolosako apeaderoa iristezina dela ondorioztatu zuela.

Bada, plataformak dio apeaderoan lanak egiteko iragarpena "ongi etorria" dela, baina horien epeak kezkatzen du: "Arduradunak orain arte zein motel ibili diren ikusita eta Urnietako eta Andoaingo aurrekariak ikusita, beldur gara 2025era arte, behintzat, Tolosak ez duela apeadero seguru eta irisgarria izango".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!