ELKARRIZKETA

«Espazio hutsekiko fobia oso lotuta dago bakardadearekin»

Irati Saizar Artola 2021ko urr. 7a, 11:58

Festa bat amaitu eta espazio bakarti horrek sortutako hutsunea du ardatz 'Kenophobia' dantza ikuskizunak; Osa+Mujika konpainiaren obra bihar izango da ikusgai Tolosako Leidor aretoan, 20:30ean.

Hiru dantzari ariko dira oholtzan, eta tartean izango da Jaiotz Osa (Zumaia, 1987) koreografoa. Xabier Mujika jantzitegi eta espazio eszenikoen diseinatzailearekin batera sortu du Kenophobia, dantza garaikidea nagusi den 50 minutuko pieza.

Espazio hutsekiko beldurra da kenofobia. Zuen lana ere norabide horretan doa?

Hala da. Espazio hutsekiko fobia hau oso lotuta dago bakardadearekin. Festa batean inspiratzen gara eta festa amaieran sortzen den hutsune horrekin jolasten dugu. Jendea badoa eta pertsonaiak bakarrik sentitzen dira; hutsune horretatik abiatuz hasten da gure pieza.

Bakardadearekiko beldurra ere izan daiteke?

Bakardadearen beldurra islatzen dugu, eta gero, pertsonaia bakoitzak bere trauma edo ezegonkortasun psikologikoa azaltzen du, baina, piezan zehar, ezegonkortasun eta beldur horiek gainditzen doaz eta amaieran mezu positibo bat dago. Trauma horiek gainditzen dituzte eta ikuslearen aurrean ospatu ere egiten dute; mezua da festa bat amaitzean badakigula beste bat etorriko dela, eta bizitzako erruleta horretan gaudela.

Hori guztia dantza bidez janzten duzue.

Gure ardatza dantza garaikidea da. Baina gorputza eta mugimendua erabiltzeaz gain, dramaturgia asko lantzen dugu, eta garrantzitsua da ikusleek mugimenduaz gain istorio horiek ikustea.

Musikak lagunduta egiten duzue?

Asko laguntzen digu musikak. Eta gainera, beste zuzendaria, Xabier Mujika, jantzigintza eta eszenografia mundutik dator, eta plastika eszenikoak ere asko laguntzen digu ikuskizuna aurrera eramaten.

Sentimenduak adierazten dituzue. Nola lantzen dituzue?

Prozesuan zehar asko hitz egiten dugu dantzariekin. Eszenan gauden hiruron beldurrak asko erabili ditugu. Hortik abiatuz, mugimendu asko daude musikaltasunarekin finkatuta, baina beste asko esperientzietatik datoz, elkarrekin hitz eginda, bakoitzaren fobiak azaleratuta, nondik datorren fobia hori aztertuta... eta gero gorputzera eramaten saiatzen gara.


Nortzuk arituko zarete oholtzan?

Oihana Varela, Raymond Naval eta hirurok gara dantzariak. Zuzendaritzan, berriz, Xabier Mujika eta biok aritu gara guztia prestatzen. Eta Alvaro Estradak eramaten du argiztapena.

Ideia nondik etorri zaizue?

Hasiera batean, festa bat benetako pertsonaiekin islatu nahi genuen. Dantzari multzo bat gara, baina hirurak oso ezberdinak gara. Askotan, dantzan, sinkronia edo halako perfekzio moduko bat bilatzen da interpreteen artean. Guk benetako festa bat islatu nahi genuen, benetako pertsonekin. Asko inspiratzen gaitu oholtza gainean dantzariak baino lehen pertsonak ikusteak. Horrela, Oihanaren bideo bat ikusi genuen eta asko inspiratu gintuen; ondoren, Raymondena ikusi genuen eta hiruron artean sortzen zen erlazio bisual horrek bete egin gintuen. Festan inspiratu gara, festa aurretik denok ditugun espektatibetan, festa ondoren nola sentitzen garen. Gure esperientzietan oinarritzen gara inspirazioa aurkitzeko, beraz, obra honetan asko dago guk bizitakotik.

Helburu jakinik badu lanak?

Mezu oso potolo bat dago. Hiru pertsona daude, bakoitzak bere trauma du, baina gai da trauma hori ospakizun bezala erabiltzeko. Mezu positibo horrekin amaitzea eta ikuslea identifikatua sentitzea nahi dugu. Bakoitzak bere ahuleziak ditu, baina batzuetan ahulezia horiei buelta eman eta potentzia izan dezake bizitzan aurrera jarraitzeko; mezu hori ikusi egiten da eta guretzat garrantzitsua da ikusleak hori ulertzea. Nik uste ulertzen dela eta euforia horrekin ateratzen zara antzokitik.

Nolako eszenografia du?

Erabiltzen dugun elementua zerua da. Hasieran buelta asko eman genizkion buruari aldi berean festa bat eta hutsunea nola irudikatu zehazteko. Zerbait oso konkretua ez zena behar genuen, eta zeru moduko bat izan zitekeela pentsatu genuen. Zerua espazio hutsa da, baina aldi berean badu berea. Azkenean, zeru batean egongo bagina bezala irudikatu nahi izan dugu. Elementu gehiago ere badaude obran zehar: edariak ateratzen ditugun karro bat dago eta bestelako elementuak ere erabiltzen ditugu festa hori irudikatzeko. Espazio abstraktua izan dadin landu dugu, baina aldi berean ikusleak ikus dezala festa batean gaudela.


Osa+Mujika konpainia duzue sortuta. Zer konpainia da?

2017an sortu genuen. Hasiera batean ni bakarrik hasi nintzen bakarkako lan bat egiten, Suddenly izenekoa, inongo itxaropen berezirik gabe. Konpainia askotan nenbilen lanean, eta koreografo moduan nire lana egiteko gogoa nuen. Berehala, ordea, Xabier Mujika sartu zen jantzigintzan, pieza motz bat zena luzatzen hasi ginen, emanaldiak ateratzen hasi ziren eta identitate bat sortzen ari ginela ikusi genuen. Osa+Mujika konpainia hortik sortu genuen eta lau urte pasa dira. Oso pozik gaude eta jarraitzeko intentzioarekin.

'Kenophobiaz' gain, beste hainbat proiektu ere sortu dituzue.

Suddenly lanaren ondotik etorri zen Kenophobia; ondoren, Expectations will not kill you kalerako lanarekin biran ibili ginen pasa den urtean. Iaz ere, Bilboko Azkuna zentroaren eta Rotterdamen kolaborazioari esker Loser pieza sortu genuen, urriaren 23an Donostiako Tabakaleran aurkeztuko duguna. Momentuz, urtero pieza bat ateratzen ari gara eta pozik gaude.

Bisualki indartsuak diren istorioak kontatzen dituzue guztietan?

Guretzat oso garrantzitsua da ikusleei inpaktua eragitea. Istorioa bisualki indartsua izateaz gain, dramaturgia ere asko lantzen dugu eta nahiz eta dantza garaikidea izan, eta askotan dantza estilo hau abstraktua izan, ikusleek ulertu ahal izateari garrantzia ematen diogu. Istorioa ulertu eta guk helarazitako mezuak iristea nahi izaten dugu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!