Joseba Mercader, Europakoan hirugarren eta Espainiakoan bigarren

Imanol Garcia Landa 2021ko urr. 7a, 11:57

Joseba Mercader, eskuinean, Europako Txapelketan.

Joseba Mercader surflari tolosarrak hirugarren egin berri du surf egokituko Europako Txapelketan, eta bigarren postua lortu du Espainiako Txapelketan.

PS-S1 modalitatean lortu ditu postu horiek, orain arte lortu dituen onenak, Viana do Costelon (Portugal) Europakoa, eta Nigranen (Galizia) Espainiakoa, iraileko azken asteburuan. Galizian olatu txikiak izan zirela dio Mercaderrek, zailak hartzeko, eta Portugalen olatuak bazeudela baina «itsasoa oso nahasia zegoenez, ez ziren olatu markatuak, eta zaila zen jakitea non jarri».

Mercaderrek adierazi duenez, txapelketetan parte hartzean lehenengo helburua «ondo pasatzea» da, eta «beste toki batzuetara joanez, jende berria ezagutu eta hondartza ezberdinetan surf egitea». Bestalde, Munduko Txapelketan parte hartzeko sarbide bat dela dio, puntuak lortu eta aurten Kalifornian abenduan egingo den txapelketara joateko. «Psikologikoki bultzada handi bat suposatzen dit. Partaide guztiak ezagutzen dugu elkar eta familia handi bat bezala gara; lagun onak dira eta irribarre bat ateratzen laguntzen diguten pertsona asko dago Espainiako selekzioan. Izan ere, lan ederra egiten ari dira talde teknikotik zein federaziotik».

Surf egokituan ez dute beste lehiarik izan aurten. «Uretara sartzen zaren bakoitzean bi modalitate daude; batetik, surf librea, hau da, ondo pasatzea eta uretan lasai egotea, eta bestetik denborak kontuan hartuta aritu eta txanda batean bazeunde bezala egotea. Nik nahiago dut lehenengoa baina noizbehinka entrenamenduak ere egin behar dira», zehaztu du Mercaderrek.

Aurtengo Munduko Txapelketara joateko nahia du Mercaderrek, baina aukera hori hautatzailearen esku dagoela gaineratu du. Iazkoan Espainiako selekzioak taldeka irabazi zuen eta «oso motibatuta» daudela dio berriro ere irabazteko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!