Galtzaundi 30 urte

30 urteko ibilbidea erakusketa batean

Ataria 2021eko urriaren 7a

Galtzaundi Euskara Taldeak erakusketa bat prestatu du Galtzaundi aldizkariaren 0 zenbakia argitaratu zela 30 urte bete direla gogoratzeko. Atzo inauguratu zuten, eta aldizkariaren sorrerako eta eskualdeko tokiko komunikabideetako ordezkariek hartu zuten parte.

1991ko maiatzaren 26an argitaratu zen Galtzaundi aldizkariaren 0 zenbakia. Sortu berria zen Galtzaundi Euskara Taldea eta euskaltzale elkarteak abiarazitako lehen proiektu garrantzitsuenetakoa izan zen eskualdeko notiziak bilduko zituen hilabetekaria martxan jartzea. Aldizkaria hasi zen Tolosaldeko berriak lantzen, inguruko herrietako gertakizunei eta protagonistei orrialdeak eskaintzen; euskaratik eta euskaraz.

Horren gertuko ditugun tokiko komunikabideen aitzindaria izan zen Galtzaundi aldizkaria. Eta duela 30 urteko efemeride hura gogorarazteko, aldizkariaren historia jasotzen duen erakusketa prestatu du Galtzaundik. Erakusketan jasotzen dira hedabidearen hastapenak, historia, bitxikeriak, lorpenak, eta beste zenbait xehetasun. Erakusketa ibiltaria izango bada ere, estreinakoz Tolosako Aranburu jauregian egongo da ikusteko aukera, urriaren 23ra bitarte.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!