Tolosako Herri Krosa bueltan da berriro

Imanol Garcia Landa 2021eko urriaren 7a

Iñaki Sanchez eta Jose Luis Goenaga 'Pele', Tolosako Herri Krosaren antolakuntzako kideak, aurtengo kamiseta eta kartelarekin.

Iaz egin gabe geratu ondoren, aurten berriro antolatu dute San Esteban auzo elkartekoek. Urriaren 12an, datorren astearte goizean egingo dute.

San Esteban auzo elkarteak Tolosako Herriko Krosa antolatu du urriaren 12rako, datorren astearterako. Iaz ezin izan zuten antolatu eta aurtengoan 33. aldia izango du probak. Izena bi modutara eman daiteke: aurretik Shanti Kirolak dendan, 10 euro ordainduz, edota egunean bertan auzo elkartean, 15 euroan. Parte hartzaileek kamiseta jasoko dute izena ematerakoan, nahi izanez gero krosa berarekin egiteko, eta probaren ondoren egingo den kirol materialaren zozketan parte hartuko dute. Proba 11:00etan hasiko da, San Esteban auzotik, eta bertan bukatuko da.

Ibilbideak zortzi kilometro ditu eta zelaia da, Tolosa ia osoa zeharkatuz. Behobia Donostia lasterketarako prestaketa moduan jaio zen Tolosako Herri Krosa, eta gaur egun ere horretarako erabiliko dute hainbat korrikalarik. Parte hartzeko adina 16 urtetik aurrera da, baina gazteago den norbaitek parte hartu ahal du gurasoen baimena izanez gero.

Txiki krosa ere egingo dute aurten. Helduen krosa eta gero izango da, 12:00ak aldera. Bi proba egingo dira, 6 eta 8 urte artekoentzat, eta 8 eta 14 urte artekoentzat. Izena ematerakoan ez da ordaindu behar, baina eskolarako materiala eraman daiteke, Tolosaldea Sahararekin elkarteak jasoko duena. Parte hartzaileek kamiseta jasoko dute.

MENDI MARTXA

San Estebango kultur astearen barruan kokatzen da Tolosako Herri Krosa, eta egitarauko lehen ekitaldia igande honetan izango dute, mendi martxarekin. 09:00ak aldera elkartuko dira auzo elkartearen egoitzaren ondoan, eta kotxeetan Iturriotzera abiatuko dira, gero handik oinez Zelatunera joateko. Nahi duen guztia gonbidatuta dago parte hartzera.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!