Diagnosia egiten hasi dira gazte politikak diseinatu eta zehazteko

Eneritz Maiz Etxarri 2021ko urr. 6a, 16:50

Tolosako Udalak haur, gazte eta nerabeen diagnostikoa eta plana garatuko ditu etorkizuneko gazte politikak gauzatzeko. Herriko eragile eta talde ezberdinen, eta bereziki gazteen parte hartzearekin egingo dute diagnosia, eta ostean osatuko dute plana. Horretarako metodologia eta teknika ezberdinak erabiliko dituzte.

Haur, gazte eta nerabeen diagnostikoa eta plana gauzatzeko  proiektua jarri du martxan Tolosako Udalak. Bi atal izango ditu proiektuak, eta orain diagnostikoa egiten hasi dira. Tolosatzen ekimenaren barruan   haur, gazte eta nerabeen sustapenaren gaineko lan ildoa dute, eta horren barruan beharrezkoa ikusi dute plangintza bat diseinatzea. Plangintza hori diseinatu ahal izateko gaur egungo errealitatearen argazkia atera nahi du Tolosako Udalak.  

Azken urte luzean «aldaketa handiak» eman direla esan du Jon Ormazabal Gazteria zinegotziak, eta «agerian jarri dute gazte politikak eguneratzeko beharra». Etxe barruko lanak egiten udalean aurretik hasi zirela zehaztu du, eta asteartean egin zuten lehenengo bilera herritarrekin, proiektua zein izango den azaltzeko. Siadecoren lankidetza izango dute datozen hilabeteetan, eta Nerea Cereceda Haur, Nerabe eta Gazteen Sustapenerako teknikariarekin eramango dute aurrera proiektua. 

Diagnostikoa eta plana herriko eragile, pertsona gazte eta elkarte ezberdinekin elkarlanean egingo dutela zehaztu du Cerecedak: «Aurre lan bat egina dugu udaletxe barruan teknikari ezberdinen elkarlanarekin, eta baita herriko eragile ezberdinekin ere». Bertan zenbait gai definitu zituzten: «Zer landu nahi den haur, gazte eta nerabeen alorrean, eta martxan jarriko dira zenbait prozesu».

Diagnostiko faseak bost hilabeteko iraupena izango du: «Plana diseinatzerako orduan, egungo errealitateari egokitutako plan erreal bat izatea da helburua», dio Cerecedak. Egindako diagnositik ateratako ondorio eta emaitzekin planaren zirriborroa osatuko dute, eta inplikaturiko eragileekin partekatuko dute beren ekarpenak jasotzeko. 

Jasotako ekarpenak aztertu ostean osatuko dute behin betiko plana 2022 urtean. 
Plana diseinatu nahi du Tolosako Udalak, eta plan hori diseinatu ahal izateko, aurrez, diagnostiko egoki baten beharra dagoela azpimarratu du Jon Arrugaeta Siadecoko teknikariak. 
Aurreko lanak egiten hasita daudela esan du Arrugaetak: «Diagnostiko hori egin ahal izateko gazteekin zerikusia duten hainbat gai edo eremu definitu ditugu, eta horrela abiatuko da ikerketa».

Hamabi gai
Oraingoz hamabi gai identifikatu dituzte, eta horien gaineko informazioa biltzen hasiko dira: denbora librearen erabilera; partaidetza soziala; hezkuntza formala eta ez formala; komunitatearekiko lotura, hau da, helduekiko, familiarekiko, herriarekiko; genero berdintasuna eta kultur aniztasuna; udalaren eta herriko zerbitzu eta ekipamendu ezberdinen pertzepzioa eta erabilera; udalarekiko harremana eta komunikazio kanal posibleak; herriko eragile ezberdinen arteko harremanak; 18-20 urtetik gorakoentzat funtsezkoa den lana, etxebizitza eta bizi proiektua garatzeko zein baldintza eta zailtasun dituzten; kultura arloko gabeziak, eta horiek asetzeko egin daitezkeen ekimen posibleak; komunitate digitala: internet, eta gazteen artean hain zabalduak dauden sare sozialak; eta kontsumo ereduak, hau da, gazteek zenbateraino kontsumitzen duten herrian eta nola kontsumitzen duten.

Zuzeneko informazioa
Horiek guztiak abiapuntu izango dituztela argitu du Siadecoko teknikariak. Gai horiei buruzko informazioa lortzeko, berriz, bi informazio iturri nagusi izango dituzte. Alde batetik, zeharkako informazioa erabiliko dute: «Jada udalak eta gainerako eragileek gazteei buruz eginak dituzten azterketak eta ikerketak baliatuko ditugu». Eta bestetik, horrez gain, «funtsezkoa izango da zuzeneko informazioa». 

Zuzeneko informazioa lortzeko teknika kualitatiboak aplikatuko dituztela esan du Arrugaetak, udal barruko eragileekin, eta baita kanpoko eragileekin ere. «Kanpoko eragileak gazteekin lanean ari diren taldeak eta elkarteak izango lirateke, eta, noski, gazteak eurak ere bai». Funtsezkoa izango dute gazteekin egotea, eta gazteek euren egoera nola bizi duten aztertzea.
Tekniken artean, elkarrizketa sakonak egingo dituzte: modu pertsonalean eta banan-bana informatzaile kualifikatuekin. Lehenik, horiek identifikatu eta elkarrizketa sakonak egingo dituzte, eta era berean, eztabaida taldeak edo dinamika taldeak antolatuko dituzte gazte talde ezberdinekin.

Haur, gazte eta nerabeen kolektiboa, berez, 0 eta 30 urte artekoa dela ohartarazi dute. Informazioa jasotzeko, «gazte mota ezberdinekin eztabaida talde ezberdinak antolatuko ditugu», dio Arrugaetak. Horiez gain, galde-sorta elektronikoak ere luzatuko dizkiete zenbait eragileri euren ekarpena idatziz egin ahal izateko. Eta foro telematiko bat ere zabalduko dute gazteek nahi dituzten ekarpenak egin ditzaten.

Azken batean, planteatzen ari direna ikerketa bat dela argitu dute, eta ikerketa horretan eragileen parte hartzea garrantzitsua dela aitortu du Arrugaetak, «baina ez da parte hartze prozesu bat edo ez da parte hartzea sustatzea helburu duen egitasmoa». 

Eragile ezberdinekin bildu eta modu eraginkor eta operatibo batean, bilera batean edo bitan, esateko duten guztia jasoko dute: «Ez da prozesu luze bat izango». Horrela diagnostikoa osatuko dute, eta behin diagnostikoa esku artean izanda ekintza planari ekingo diote.        

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!