Txapelketako emaitza estu batetik sortutako apustua

Asier Imaz / Imanol Garcia Landa 2021ko urr. 6a, 11:58

Mikel Lizartza, Gipuzkoako Sega Txapelketan.

Mikel Lizartza tolosarra eta Iñigo Mercader hernaniarra nor baino nor ariko dira datorren asteartean; korrika eta segan ariko dira lehian, Urnietako Xoxoka belardian

Urriaren 12an euren indarrak neurtuko dituzte Mikel Lizartza tolosarrak eta Iñigo Mercader hernaniarrak, Urnietako Xoxokako belardian 11:30ean hasiko den apustuan. 6 kilometro korrika egin beharko dituzte eta ondoren segan ordu eta erdi osatu arte jardungo dira. Apustuaren irabazlea belar kilo gehien ebakitzen dituen kirolaria izango da. Bakoitzak 3.000 euro jarri ditu apusturako. Norgehiagoka ikusteko sarrerak 25 euro balioko du (16 urtez azpikoak doan), eta Tolosako Kantabriko tabernan, Anoetako Gurdi dendan, Urnietako Oialume sagardotegian eta Azpeitiko Mendizabal jatetxean erosi daitezke. Egunean bertan ere salgai egongo dira.

Garai bateko apustuen kutsua duela esan daiteke asteartean egingo dutenak. Lizartzak bigarren amaitu zuen Gipuzkoako Sega Txapelketan eta Mercaderrek hirugarren egin zuen, ia denbora berean, eta hortik sortu zen apustua egitearena. «Aizarnazabalen sega sail txapelketa egin genuen, aspaldiko partez egin gabe zegoena. Moldaketa batzuekin egin genuen, eta han ikusi zen antzeko maila dugula segan. Behintzat egun horretan emaitza hori atera zen», esan du Lizartzak. «Hor ikusi genuen polita izango litzatekeela gure indarrak neurtzea, eta ea zein ateratzen den garaile». Tolosarrak gaineratu duenez, «ez naiz izan apustuzalea, baina nire burua pixka bat probatzeko asmoa banuen, eta aukera hau sortu zen eta aurrera egitea erabaki genuen».

Apustua zehazterakoan baldintzei buruz hitz egiteaz gain, data jartzerakoan zalantza pixka bat ere izan zuten. «Orain segituan egin edo datorren urterako uztea zalantzan genuen, baina azkenean erabaki genuen orain egitea komenigarriagoa izango zela», esan du tolosarrak. «Aurten segako txapelketen datak luzatu egin dira, eta erabaki genuen denboraldiari segida eman eta urtea bukatutzat ematea».

Segan aritzen dira biak, baina apustuan korrika sartzearena ere erabaki dute. «Orain dela urte batzuk mendi lasterketetan ibiltzen nintzen, orain utzita banengoen ere», esan du Lizartzak. «Korrika egitea gustatzen zait, eta bera orain arraunean ere badabilenez, entrenamenduetan korrika egiten ere dezente ibilitakoa izango da. Beraz, iruditu zitzaigun ikusteko ere jendearentzat polita izango zela bi kirol uztartzea». Korrika asfalto gainean egitea pentsatu dute, segan ariko diren belazearen ondoan, lesio arriskua gutxitzeko.

Apustuaren gakoa erritmoa gorabehera handirik gabe mantentzea izango dela dio tolosarrak. «Jendearekin-eta gertatu daiteke norbera bere erritmotik ateratzea, eta hori saihesten saiatuko naiz. Gero, segan ikusiko dugu zer sentsazio izaten diren, eta ahal dugun gehiena emango dugu». Norgehiagokaren aurreko azken egunak korrika pixka bat egiteaz gain, atseden hartzeko ere baliatzen ari da Lizartza.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!