Txakurren jabeen eta gainerako tolosarren arteko bizikidetza sustatzeko ekimenak

Ataria 2021ko urr. 6a, 09:46

Tolosako txakurren, euren jabeen eta bestelako herritarren artean elkarbizitza sustatzeko hain bat lan lerro garatzen ari da udala. Bi hitzaldi antolatu ditu txakurren jabeei zuzenduta, egingo diren ekintzen berri emateko.

Txakurren jabe diren eta ez diren tolosarren arteko elkarbizitza sustatzeko lanean ari da Tolosako Udala, izan ere, geroz eta txakur gehiago daude herrian eta, hainbatetan, gatazkak edo gaizki-ulertuak sortzen dira txakurren jabeen eta gainerako herritarren artean.

Hori horrela, elkarbizitza indartzeko helburuarekin eta hainbat tolosarrek egindako eskaerari erantzunez, Tolosan bizikidetza sustatzeko hainbat lan lerro garatzen ari da udala. Alde batetik, Txakur eredugarri programaren barruan, heziketa saioak eskainiko zaizkie txakurren jabeei, euren txakurrak hezteko baliabideak emateko eta ibilaldi praktikoen bidez txakurrak modu egokian eramateko lanketa egin eta paseo ohitura egokiak indartzeko. Tolosar guztiei zuzendutako hitzaldiak ere egingo dituzte, herritarrek txakurren jarrera eta mugimenduak uler ditzaten. Bestalde, Tolosako Udala herrian txakurrentzako soilik izango diren eremu gehiago sortzeko aukera  ere aztertzen ari da, elkarbizitza sustatzeko urratsak egiten jarraitzeko.

Txakurren jabeei zuzendutako bi hitzaldi
Udalak bi hitzaldi antolatu ditu, Kangune enpresarekin lankidetzan, txakurren jabeen eta gainerako herritarren arteko bizikidetza sustatzeko egingo den lanketa azaltzeko. Lehen bi hitzaldiak txakurren jabe diren pertsonei zuzenduta daude. Lehena urriaren 8an, 18:00etan izango da, kultur etxeko areto nagusian. Egun horretan ezin duten pertsonek, urriaren 20an, 18:30ean izango dute ekimena ezagutzeko aukera, leku berean. Aurrerago egingo dira tolosar guztiei zuzendutako hitzaldiak eta ekintzak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!