Eguraldi txarra ez da oztopo izan

Ataria 2021eko urriaren 3a

41 pertsona animatu dira Bedaio inguruan mendi martxa egitera.

Artubi Kultur Elkarteak antolatuta XIV. Bedaioko Mendi Martxa egin dute goizean. Mendirako eguraldi txarra iragarrita zegoen, eta horren ondorioz normalean 100 parte hartzaile baino gehiago izaten baditu gaurkoan 41 izan dira goizeko lehen orduan Bedaioko frontoitik abiatu direnak.

Antolatzaileak pozik eta eskertuta azaldu dira, eta eskerrak eman dizkie proba egitera animatu direnei. Horiek bi aukera zituzten, luzea (23 kilometrokoa) eta motza (16,5 kilometrokoa). 23 kilometroko zirkuitua aukeratzen zutenek Larrondotik igaro ondoren, Artubi mendia (1.262 metro) igo behar zuten, eta gero, Zaratetik barrena joan Ziziolako gainatik eta Jazkugainatik, eta amaitzeko, Eskoletxera jaitsi eta Bedaiora itzuli. Bada, eguraldi txarragatik Artubirako igoera ez egiteko eskatu diete antolatzaileek parte hartzaileei.

Martxa amaituta hamaiketako ederra zuten zain mendizaleek gorputza berotu eta indarra hartzeko, eta ondoren, behin guztiek amaituta, bazkarirako aukera ere bai Bedaioko frontoian.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!