Jolas orduan eta soinketan maskararen erabilera berrikusteko eskatu dute

Ataria 2021eko urriaren 2a

Altzoan guraso elkarteak ikastetxeetako maskara erabilpenari buruzko zalantzak azaldu ditu gaur, Tolosan. Sinadura bilketa bat abiarazi du ikastetxeetan haurrek ezin dutelako maskara kendu aire zabalean daudenean.

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuari zuzendutako gutun bat landu du Altzoan guraso elkarteak eta atxikimenduak biltzen aritu dira gaur goizean, Trianguloa plazan. Ikastetxeetan ezarritako COVID-19aren aurkako neurri zehatz batzuk arbuiatu ditu eta elkarteko kideek uste dute haurrek momentu oro maskara erabili behar izatea gehiegizkoa dela. "Patioan jolasten daudenean, aire zabalean, ariketa fisikoa egiten dutenean, edota txango eta irteeretan maskara ezin kentzea gehiegizko neurria dela uste dugu, baita diskriminatzailea ere". Hori dela eta, ikasturte honetarako ezarrita dagoen protokoloa berrikusteko eskatu dute, izan ere protokolo hori "ez dator bat kanpoaldeko eremu publikoetan maskararen erabilpenaren inguruan ezarrita dagoen arautegiarekin". 

Altzoan guraso elkarteak eskatu du era berean, "gaur egun biztanleri zaurgarrienaren gehiengoa txertatua egonik, EAEko ikastetxeetan ikasleriari ezartzen zaizkion neurriak malgutzea ahalik eta lasterren, maskararen erabilera derrigorrezkoa ez izatea lehenetsiz jolas orduan, txango edo irteeretan, eta heziketa fisikoko saioetan".

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!