Kalera ateratzen jarraitzeko deia egin dute pentsiodunek

Ataria 2021ko urr. 1a, 13:40

"Ongizate sistema indartsua" izatea beharrezkoa dela bizitza "duina" izateko adierazi dute.

Pertsona Nagusien Nazioarteko egunean euren aldarriak atera dituzte kalera Tolosako pentsiodunek. Aurten ere pandemia betean harrapatu duela eguna gogoratu dute, eta, hain justu, pandemiak "ongizate sistema indartsua" izatearen garrantzia agerian utzi duela. Horrekin batera, Pentsio Sistema Publikoa egonkortzea eta 1.080 euroko gutxieneko pentsioa bermatzea beharrezkoa dela esan dute, "bizitza duina izateko".

Publiko guztiaren defentsa egiten dutela adierazi dute: "Pertsona erdigunean jartzeak zaintza-eredua aldatzea dakar eta horretarako egoitzei giza baliabide eta baliabide material handiagoak eman behar zaizkie, pertsonen segurtasuna eta duintasuna bermatzeko". Ildo horretatik, bihar Onkologikoko enpresa batzordeak, Onkologikoa Osakidetzan integratzea eskatzeko, Donostian deitutako manifestazioarekin bat egiten dutela esan dute, eta herritarrak animatu dituzte bertan parte hartzera.

Bruselan aste honetan bertan Europako parlamentuan izandako esperientziaren berri emateko ere baliatu dute gaurko ekitaldia. Bertan ezkerreko alderdi ugarirekin bildu dira, euren aldarriak partekatu ahal izan dituzte, eta balorazio baikorra egin dute.

Hurrengo deialdiei begira jarriz, urriaren 18an Zerkausian Txomin Lorcaren hitzaldia izango da egungo egoeraren inguruan. Azaroaren 13an mobilizazioa egingo dute, eta azaroaren 22an Emakumeen Indarkeriaren Aurkako Egunaren harira hitzaldi bat izango da.

Bestalde, Oneka Euskal Herriko pentsiodunen plataformak antolatuta, berriz, Emakume Pentsiodunen I. Foroa Tolosan izango da, eta emakume pentsiodunen egoera erakutsiko duen erakusketa prestatzen ari dira herriz herri zabaltzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!