Bisita gidatu antzeztuekin hasiko dira larunbatean

Ataria 2021eko irailaren 30a

Hileko lehen larunbatetan egingo dituzte, eta parte hartzeko izena eman beharko da aurrez.

Larunbat honetan, urriaren 2an, haurrentzako bisita gidatu antzeztuak itzuliko dira Topic Tolosako Txotxongiloen Nazioarteko Zentrora. 11:30ean euskaraz izango dira, eta 12:30ean gaztelaniaz.

Topic-etik esan dutenez, arrakasta handia du ekimen honek, eta geldialdiaren ostean, berriro ere programatzen jarraitzeko erabakia hartu dute. "Zentzu handia du jarduera honek, batez ere kontuan hartuta Topic antzerki-diziplina artistiko bati eskainia dagoela". Topic-etik gogoratu dute bisitariei esperientzia "ahaztezina" eskainiko zaiela, txotxongiloen etxean barrena egingo duten bisita gidatu antzeztuaren bitartez, museoko txokoak ezagutuz.

Bisitak hileko lehen larunbatean egingo dituzte: 11:30ean euskaraz eta 12:30ean gaztelaniaz, eta ordubeteko iraupena izango dute. Izena emateko, aldez aurretik zentroarekin harremanetan jarri beharko da, telefonoz (943 65 04 14) edota emailez (cit@cittolosa.com). Talde bakoitzak 5 lagunekoa izan beharko du gutxienez eta 10ekoa gehienez. Pertsonako 10 euro ordainduko dute helduek, eta 8 12 urte arteko haurrek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!