Uztailean hasi ziren Samaniego Herri Eskolako kiroldegiko eraikina birgaitzeko lanak eta dagoeneko amaitu dituzte. Eraikinak mota ezberdineko kalteak zeuzkan eta horiek konpondu dituzte ikasturte berrirako.
Batetik, eraikinaren egitura hobetzeko lanak egin dituzte. Erdi sotoko planta hormigoizko egitura batek osatzen zuen eta oxidazio ugari zeuden bertan. Kaltetutako egitura hori saneatu dute (zutabe, habe eta habexkak) eta bertako aireztapenerako irteeren azalerak handitu dituzte hego-ekialdeko fatxadan. Hautsitako edo desplazatutako hormigoizko gangatilak ere konpondu edo ordezkatu dituzte. Aldagelen sarrera inguruko kanpoaldean, berriz, estaldura jarraia eta iragazkaitza ipini dute.
Lan horiez gain, eraikinaren estalkia eraberritu dute. Txapa lakatu eta grekatu berriarekin ordezkatu dute maldadun isurialdeen, buruhormen eta fatxadaren lehengo txapazko estaldura. Egitura sendotzeko lanak egin dituzte estaldura berria jarri aurretik, eta ipar-ekialdeko eta hego-mendebaldeko beirateen ordez polikarbonato zelularra eta altzairuzko lamak jarri dira, kirol-kantxaren aireztapena eta argiztapena errazteko. Egituraren rigidazioa ere egin dute eta egituran eginiko aldaketei sute-aurreko erresistentzia bermatu zaie pintura ignifugo bidez.
Bestalde, haur jolastokia ere eraberritu dute, haurrek jolasteko eremu eroso, atsegin, didaktiko eta erabilgarria izan dezaten. Egurrezko egiturez osatutako jolastokia ipini dute, landareekin uztartuz eremua atseginagoa bihurtzeko.