ELKARRIZKETA

«Oso gutxi landu da euskaratik beste hizkuntzetara itzultzeko bidea»

Asun Garikano Iruretagoiena, literatura-itzultzailea, idazlea eta irakaslea. E. MAIZ

Asun Garikano tolosarrak irakasle lana du ogibide; beti gustatu izan zaio irakurtzea eta baita idaztea ere, eta biak uztartzen ditu literatura-itzultzaile lanarekin. Beti itzuli ditu gustuko liburuak.

Maite du irakurtzea eta maite du idaztea Asun Garikano Iruretagoienak (Tolosa, 1962). Bide horri tiraka, besteak beste, itzulpengintzan aurkitu du bere txokoa, baina gehienean, bere denbora librea baliatzen du lan horretarako. Bere ogibide duen irakasle lanarekin uztartzen du, eta idazle lana ere egina du bi liburu argitaratuz.

Tolosan jaioa zara, baina urte asko daramatzazu Araban bizitzen. Zein harreman duzu egun Tolosarekin?

Tolosatik orain dela ia 35 bat urte atera nintzen, eta geroztik Araban bizi naiz. Ikasleen aurrean aurkezten nahizenean, gipuzkoar jatorriko arabarra naizela esaten dut; Ameriketako Estatu Batuetan identitate mistoak dauden bezala. Bizitzaren erdia baino gehiago daramat Araban, eta Tolosarekin egia esan orain harreman gutxi daukat. Garai batean gurasoak-eta bisitatzera joaten nintzen, baina gero eta gutxiago.

Eta zein oroitzapen duzu haurtzaroko Tolosaz?

Nire haurtzaroa gogoratzen dudanean gehiago gogoratzen dut edo irudi argitsuagoak dauzkat inguruko herrietakoak. Nire ama Alkizakoa zen, eta nire aitona-amonak ere bai. Gehiago lotzen dut nire haurtzaroa Alkizarekin Tolosarekin berarekin baino. Asteburu askotan eta udan bertan izaten ginen. Bestetik, deigarria egiten zait nik ikasi nuenean, Enseñanzas deitzen genien eta gero frantsesetan, han euskara ez zela existitzen gogoratzea. Gerora konturatu gara eskolako lagun asko, gehienak, euskaldunak ginela eta gaurko egunetik begiratuta harrigarria egiten da nola ez genuen gure artean euskaraz hitzik ere egiten.

Iraultza etorri zen Eskolapioetara joan ginenean, eta han gela berean zegoen Kike Amonarriz. Euskaraz hitz egiten zigun, eta, orduan, hura hasi zitzaigun batzuei esaten euskaraz zergatik ez genuen egiten. Eskolan euskaraz egitea oso arraroa zen. Kikeren eraginez hasi ginen gutako batzuk gelan euskaraz egiten, jada UBI egiten genuen garaian. Aurkikuntza baten modukoa izan zen.

Literatura-itzultzaile, idazle eta irakasle. Zein ikasketa egin zenituen?

Euskal Filologia ikasi nuen. Nik ordura bitartean ikasketa guztiak gaztelaniaz egin nituen. Gogoratzen naiz, aurreko udan euskarazko liburuak hartu, garai hartan, Xabier Gereñorenak-eta, liburu erraz-errazak, eta horrela hasi nintzen pixkanaka euskaraz alfabetatzen, irakurtzen...

 

«Irakurtzea maite baduzu eta idaztea maite baduzu, itzultzaile izatea aukera bat da»



Garbi izan zenuen zer ikasi nahi zenuen?

Ez. Egia esan lau edo bost karreretarako eman nuen izena, eta orduan ere lagunarteak, eta berriz ere, Kike Amonarrizek eragina izan zuen. Ikasketa horiek hartzera bultzatu ninduten.

Non egin zenituen ikasketa horiek?

Aurrena, lehenengo hiru urteak, Donostian. Garai hartan guk bagenekien Gasteizen izen handiko irakasleak zeudela, Koldo Mitxelena, Ibon Sarasola,... izen horiek erakarrita, eta baita etxetik ateratzeko gogoak, EUTGn [Estudios Universitarios y Técnicos de Gipuzkoa] ikasten ari ginen ikasle askok erabaki genuen Gasteizera pasatzea. Bigarren zikloa, laugarren eta bosgarren urtea jada Gasteizen egin nituen.

Zein bide hartu zenuen behin ikasketak bukatu eta gero?

Garai hartan, karrera bukatu orduko aurkitzen genuen lana, eta niri horrela gertatu zitzaidan. Berehala hasi nintzen eskolak ematen, eta itzultzen geroago hasi nintzen. Niri beti asko gustatu izan zait irakurtzea, eta baita idaztea ere. Orduan, itzultzaile lanak bi horiek batzen ditu. Irakurtzea maite baduzu eta idaztea maite baduzu, itzultzaile izatea aukera bat da. Beti izan dut buruan gogo hori. Gustuko zerbait irakurtzen nuenean-edo zerbaitek esaten zidan barruan euskaraz jarri beharko litzatekeela, euskarazko irakurleek ere aukera izan dezaten. Horrela hasi nintzen.

Itzultzaile moduan hasteko pauso hori noiz eman zenuen?

Itzulpenak beti egin izan nituen; ipuin laburren bat, artikuluren bat edo beste zerbait. Orduan hasi zen literatura unibertsalaren bilduma osatzen, eta horrelakoren batean eskura iritsi zitzaidan urte hartako deialdirako aukeratuta zeuden tituluen zerrenda. Zerrenda horretan, Robert Louis Stevensonen Altxor uhartea zegoen. Nire artean pentsatu nuen 'probatuko nuke'. Liburu gehiago ere bazeuden, eta Stevensonena gazte literatura arlokoa zenez erraza izango zela pentsatu nuen, eta hobe nuela liburu erraz batekin hastea. Deialdira aurkeztu nintzen eta liburu hori esleitu zidaten.

 

 

«Gustuko zerbait irakurtzen nuenean edo, zerbaitek esaten zidan barruan euskaraz jarri beharko litzatekeela»



Gero konturatu nintzen garai hartako gazte literaturak ez zuela funtzionatzen gaur egungo gazte literaturaren parametroekin, hau da, gaurko egunean gazteei zuzendutako argitaletxe bati eskaintzen badiozu hamabi lerroko esaldi batekin hasten den liburu bat, esango dizute gazteentzako dela, eta esaldi laburragoak idatzi behar dituzula. Eta Stevenson sintaxia aldetik ez zen erraza. Hainbeste kostatu zitzaidan lehenengo esaldi hura, oraintxe bertan ere buruz esango nukeela.

Orduan probatu nuen zer zen itzultzaile izatea. Gustatu zitzaidala esango nuke. Ez da lan bat erabat biltzen zaituena, kontzentrazioa handia eskatzen du, eta horretan aritu zaitezke ordutan eta ordutan, denbora pasatzen ari dela konturatu ere egin gabe. Gustua hartu nion, eta hori bukatu eta gero beste bat etorri zen, eta gero beste bat...

Plazerez egiten duzun zerbait da.

Nik ogibide bezala beti izan dut irakasle izatea, eta nire diru iturria ere hori izan da. Horri esker, itzulpenak aukeratu ahal izan ditut. Beti itzuli dut gogoko nuen zerbait, nire tarte libreetan.

Batak bestea behar du?

Egon nintzen eszedentzia eskatuta bi edo hiru urtez itzulpenak egiten horretan bakarrik. Literatura itzultzeak denbora asko eskatzen du; hau da, eta batez ere, oso ondo idatzitako liburuak itzultzen ari bazara. Hori gertatzen da klasikoak irakurtzen ari garenean. Oso ondo idatzita dauden liburuak itzultzea tokatu zaigu nire belaunaldiko itzultzaileoi, orduan, maila horretako prosa bat edo maila horretara hurbiltzen den prosa bat eskaintzeko ahalegin handia egin behar da. Denbora pila bat eskaini behar diozu, eta hori ordainezina da.

Nolakoa da itzultzaile baten lana edo zuk nola egin ohi duzu?

Nik normalean originala hartu eta lehenengo zirriborro bat egiten dut. Nahiko azkar. Liburuaren erritmoa eta tonua harrapatzeko iruditzen zait ona dela hasi eta jarraitu egitea. Hitz batekin ez bazaude seguru utzi ingelesez eta aurrera segi. Lehenengo zirriborro horrek morrontza handia dauka originalarekiko, eta bigarren bertsioa oso garrantzitsua izaten da. Nik uste dut hor ez dela esaldi bakar bat ere ukitu gabe geratzen. Lehen zirriborro hori erdibidean dago, ez da ingelesa eta ez da euskara. Hor hasten da ahalegina erdibidean dagoen hori benetan euskarara ekartzeko. Aldaketarik handienak bigarren bertsio horretan egiten dira, eta hortik aurrera dator hirugarren irakurketa, laugarren irakurketa...

 

 

«Denbora pila bat eskaini behar diozu, eta hori ordainezina da»



Zenbat aldiz orraztu dezakezu itzulpen bat?

Zazpi edo zortzi aldiz. Aldaketak gero eta gutxiago dira. Azkeneko aldaketan agian izan daiteke hitz honen ordez beste bat jartzea, edo izan daiteke ordena aldatzea; ordena aldatuta beste erritmo bat hartzen duela iruditzen zaizulako, edo prosa musikalagoa delako.

Zazpi edo zortzigarren irakurketan originalera jotzen duzu?

Gutxitan. Jada euskaraz ari naiz. Zalantzaren bat egon daiteke, baina orduan jada euskaraz dagoena ondo irakur dadila da gakoa, egon dadila argi, egon dadila ondo adierazita. Eta Lichtenberg filosofo aforismogileak esaten zuen, literaturan forma eta edukia osotasun bat direla, bat direla, gorputza eta arima bezala, eta ez gorputza eta arropa bezala. Orduan, kontua da, edukia, hau da, testuak esaten duena bigarren bertsioan jaso duzula, eta prosak eduki dezala oreka bat eta erritmo bat euskaraz irakurtzen duenarentzat, jatorrizkoa irakurtzen duenarentzat zuen bezala.

Pazientzia handia eskatzen du itzultzaile lanak?

Bai. Dudarik gabe.

Irudikatzeko, zein da zure lan egiteko tokia edo modua?

Ni erabat kontzentratzen nau pantailak. Berdin zait non dagoen, egon daiteke lantokiko bulegoan edo etxeko edozein gelatan. Itzuli normalean etxean egiten dut.

Lan bakartia dela esango zenuke?

Bai. Idaztea bera bezala. Gero, suertea baduzu eta alboan norbait baduzu komentatzeko oso ondo etortzen da. Askotan gertatzen zait, ez dakizu nola adierazi zerbait eta bueltaka zabiltza, eta ez zaizu ezer bururatzen. Behin zure zalantza hori hitzez adierazten duzunean edo norbaitekin kontsultatzen duzunean errazagoa da erantzuna topatzea. Agian zuri bururatzen zaizu edo besteari, baina hitz egiteak laguntzen du pentsatzen.

 

 

«Oso ondo idatzita dauden liburuak itzultzea tokatu zaigu nire belaunaldiko itzultzaileoi, orduan, maila horretako prosa bat edo maila horretara hurbiltzen den prosa bat eskaintzeko ahalegin handia egin behar da»



Itzultzaileok baduzue elkarren arteko sarerik edo harremanik?

Esango nuke badutela. Hor dago itzultzaile elkartea, eta Senez aldizkariaren inguruan dabilen jendea, baina nik nire ibilbidea modu bakartian egin dut. Ez dut izan harremanik beste itzultzaileekin.

Bizi daiteke itzultzaile lanetik?

Zein itzulpen mota egiten duzunaren arabera. Literatura itzultzetik nik uste dut ezetz. Beste era bateko testuak egiten badituzu, hain exigenteak ez direnak, hau da, zortzi aldiz berrikustea eskatzen ez dutenak, edo administrazioko hizkuntza delako edo... posible da. Jende asko dago horretatik bizimodua ateratzen duena. Ez da hemen bakarrik gertatzen, atzerrian ezagutzen ditudan literatura-itzultzaile gehienak ere beste zerbaitetan ari dira aldi berean; gehienak irakaskuntzan.

Gutxi gorabehera zenbat denbora eskatzen dizu liburu bat itzultzeak?

Ikusi behar da zenbat denbora eskaintzen diodan. Beste zerbaitetan ari banaiz, baina, esate baterako, William Faulknerren Hotsa eta ardaila itzuli nuenean, horretan bakarrik eta asteak dituen egun guztietan lan eginez hamalau-hamabost hilabete eman nituen. 300dik gora orri ditu.

Itzultzaile izateko ezinbestean hizkuntzak jakin behar.

Umetan denok frantsesa ikasten genuen. Gero hasi nintzen ingelesa ikasten, eta garai hartan, 25 bat urte nituela zortea izan nuen Eskoziara joateko. Hala ere, literatur-itzultzaile batek batez ere irakurri egin behar du hizkuntza horretan, eta ohitu hizkuntza mota guztietara. Nire ahozko ingelesa ez da ona, berandu hasi nintzen ikasten. Hori bai, asko irakurri dut eta irakurtzen dut ingelesez. Frantsesetik ere itzuli izan dut. Itzultzaile bezala ingelesetik euskarara itzultzen hasi nintzen, baina ia aldi berean hasi nintzen euskaratik gaztelaniara itzultzen. Asko itzuli dut euskaratik gaztelaniara, eta hau aipatzen dut bigarren mailan edo utzita dagoen arlo bat delako. Azken urteetan begiratzen baduzu, eta berriz aipatuko dut Senez aldizkaria, guztia da nola itzuli euskarara. Oso gutxi landu da euskaratik beste hizkuntzetara itzultzeko bidea.

Euskadi Sarietan ere saritzen da euskarara egin den itzulpenik onena, baina ez da kontrako bidean saritzen; ez da euskaratik beste hizkuntzetara itzultzen duen lanik saritzen. Uste dut hemengo erakunde literarioarentzat oso inportantea litzatekeela bide hori sendotzea. Erakunde literarioa sendoagoa izatea nahi dugu gure lanak kanpora joan daitezen. Hemengo idazleak profesionalizatzeko bide bat izan daiteke. Itzultzaile solte batzuk badabiltza, edo bestela idazleek norbere lanaren itzulpena egiten dute. Nik uste dut inori ez zaiola gustatzen bere liburuak itzultzea. Norbere lanaren itzulpena ez dut uste inoren gustuko lana denik, eta askotan idazleek erabakitzen badute beraiek liburua itzultzea, hori da ez dutelako inor aurkitu lan hori egin dezan.

«Gaur egun itzulpen asko daude oso ondo eginda. Arazoa ez da produkzioa, baizik eta zabalkundea. Nora iristen dira itzulpen horiek? Hor hobe da ez jakitea horren erantzuna. Zenbat saltzen dira itzulpenak?»


Zein irizpide erabiltzen da itzultzeko liburuen zerrenda egiteko.

Irizpideak aldatzen joan dira. Hasierako urteetan idazle gehienak ziren mendebaldekoak eta gizonezkoak. Azken urteetan asko zabaldu da, eta Afrikako edo Ekialdeko liburuak eta emakumezko idazle gehiago sartzen saiatu dira. Hasiera batean esango nuke kanonikoagoa zela, literatura unibertsalaren obra nagusi kanonikoak sartu zirela zerrenda horietan, eta hori zabaltzen joan da.

Baduzu markatu edo arrastoa utzi dizun libururik?

Asko. Denak. Edo arrastorik handiena itzuli ditudan liburuek. Hain harreman estua duzu liburu horiekin, hau da, itzultzaileak egiten duen liburuaren irakurketa oso irakurketa barrukoa eta sakonekoa da. Bat aipatze arren, Kafe tristearen balada Carson McCullersena. Kontalari aparta izateaz gain, idazle batzuk zure barrutik buelta bat ematera eramaten zaituzte, beste batzuek, beste munduak ezagutarazten dizkizute. Egile batzuk zure barrua ezagutzen laguntzen dizute; zure barrua irakurtzen laguntzen dute.

Zein itzulpen izan da lan gehiena eman dizuna?

Aipatu dudan William Faulknerren Hotsa eta ardaila. Hori izan zen. Orain, agian, ez nuke itzuliko. Garai batean, erronkak hartzen genituen eta frogatu behar zen hau ere itzul daitekeela euskarara. Orain beste bide bat hartuko nuke. Bide pragmatikoagoa, eta zein liburu komeni da? Gazteentzako zein liburu itzuli behar ditugu? Bolada batean ibili ginen hau posible ote da? Faulkner itzuli daiteke? Eta liburua zaila da.

Zergatik da garrantzitsua liburu klasiko batzuk euskaraz izatea?

Liburu klasikoak, gaur egungoak eta beste lekuetakoak. Irakurtzeak irudimenaren zirkuituak zabaltzen ditu. Hemen eskoletan, gazteei, euskal literatura bakarrik eskaintzen badiegu orduan gure gazteen irudimenaren zirkuitua oso motza izango da. Gazteei eskaini beharko genizkieke euskararen literaturaren historian sortu diren obrarik ederrenen puskak behintzat. Eta ezagutu dezatela zer idatzi den Indian eta Txinan eta Errusian eta edozein tokitan. Hor egon da iritzi oker eta kaltegarri bat, eta hori izan da, kanpoko liburuak itzuliz, euskara kutsatu egingo zela edo jatorrak ez ziren formak sartuko zirela gure hizkuntzara. Hor esan behar da, hizkuntza guztiak aberastu direla itzulpenen bitartez. Latina sendotu zen grezieratik egindako itzulpenekin, Europako hizkuntza guztiak sendotu ziren latinetik egindako itzulpenekin, eta euskara ere sendotzen ari da kanpotik ekartzen ari garen lan horiekin guztiekin. Orduan, nire ikasleei beti esaten diet bereizi beharko genukeela euskal literatura, hau da, euskaraz sortu edo idatzi dena, eta euskararen literatura, euskarak duen literatura guztia. Horren barruan sartuko litzateke Nigeriako idazle bat edo antzinako idazle bat edo oraingo bat; euskaraz daudenez euskararen literaturaren parte dira.

Zer-nolako lana egiten dela esango zenuke liburuak itzultzeko?

Produkzio aldetik ez dago arazorik. Gauza asko ari dira argitaratzen. Itzulpenak gero eta hobeak dira, eta horretan aurrerapen handia egin dela esango nuke. Euskaraz idazten denean ere, orain hobeto idazten dela esango nuke orain dela 40 urte baino. Gaurko prosa askoz ere sendoagoa eta aberatsagoa da, eta hori neurri handi batean itzulpenen bitartez-eta, forma asko sartu direlako da, hizkuntzak malgutasuna hartu duelako.

Garai batean, oso ondo irakurtzen zen itzulpen bat komentatua izaten zen. Gauza harrigarria ematen zuen. Gaur egun itzulpen asko daude oso ondo eginda. Arazoa ez da produkzioa, baizik eta zabalkundea. Nora iristen dira itzulpen horiek? Hor hobe da ez jakitea horren erantzuna. Zenbat saltzen dira itzulpenak? Nik itzuli ditudan zenbait libururi buruz nahiago dut ez jakin zenbat zabaldu diren.

Eskoletan eta badakit, printzipioz, itzulpenik ez. Euskaraz sortutako liburuak agindu behar dizkiegu ikasleei irakurtzeko. Irakurle askoren artean ere askok baztertzen dute; euskaraz idatzitakoa bai, baina itzulpenik ez dut irakurriko.

Itzultzaileoi zuzendutako Jokin Zaitegi Sariketa ere bada. Beharrezkoak dira honelako bekak?

Gaurkotasuna duten egileak dira, eta horrelako edozein ekimen onuragarriak dira.

Beste herrialde batzuetako literaturaren faltarik sumatzen duzu?

Hain da mundu zabala. Jarraitu beharra dago, eta gainera idazle berriak etengabe sortzen dira. Oraindik ere desoreka handia dago, eta afrikarrak edota ekialdekoak oso gutxi dira.

Asun Garikano, baina 'Maria' izena ere erabili izan zenuen.

Aspaldi utzi nuen kontu hori. Itzulpen munduan sarkin baten moduan sartu nintzen. Ez nuen inoiz ikastaro bat egin, ez neukan itzulpen masterrik, eta Stevensonen itzulpenarekin sartu nintzen horretan. Nire izenarekin sinatzen badut auskalo zenbat arrautza edo tomate botako dizkidaten pentsatu nuen, eta disimuluan sartze arren izan zen. Gero berehala hasi nintzen nire benetako izenarekin.

 

 

«Hitz egiteak laguntzen du pentsatzen»



Ameriketako Estatu Batuetan bizitzen egona zara. Bertan ikerketa lana egin, eta liburuak idatzi dituzu. Nolako esperientzia izan da?

Hor alde handia da idazleak daukan askatasuna, testua handik edo hemendik eramateko. Itzultzailea lotuta dago jatorrizko testuari. Oso lan polita izan zen. Ni beti ibili naiz testu onak bilatu nahian nire klaseetan pentsatuz. Nik hemen bi ideia banituen euskal artzainei buruz, eta Renon nengoela hango artxiboetan horren atzean zer zegoen arakatzen-eta aritu nintzen. Zehatzago esanda, hemendik hara joandako euskaldunek utzitako ondare idatzia, legatua pixka bat aztertzen aritu nintzen. Han leku aproposean nengoen hori egiteko. Mendebalde urrunera joandako euskaldun haien esperientziaren berri ematea, baina beraiek utzitako aztarnetatik abiatuta. Oso gustura egin nuen. Bigarren liburua, Kaliforniakoak hori ere, Kalifornian geunden, eta ikerlari lanak antza pixka bat badu detektibe lanarekin edo, eta bat-batean, kale nagusi bat eta Anza abizen euskalduna, eta beste bat kale bat Stanfordeko unibertsitatean, Lasuen, eta ze jende da hori? Zergatik merezi dute kale hori?

Lan asko.

Han nengoen bitartean jaso nuen dokumentazioa, eta gero hori elaboratzea eta idaztea lan luzea izan zen. Beste era bateko lana da ikerketa egitea. Gai batean sartu, eta gauzak deskubritzen zoaz.

Gustuko lana duzu hori ere?

Bai. Fikziorik ez dut egin. Ikerketa lana, historiarekin gehiago lotua da. Nik esango nuke hizkuntzarekin lan egitea gustatzen zaidala.

Irakasle ere bazara, eta Iralen aritzen zara. Zer da Irale?

Irakasleen formakuntzarako programa da. Gure ikasleak lau hilabetez liberatuta dauden irakasleak izaten dira. Hainbat ikastaro eskaintzen ditugu Iralen, batzuk euskal kulturaren ingurukoak, beste batzuk didaktikaren gainekoak, besteak, hizkuntza hobetzeko. Irakasle batentzat, guretzat, luxuzko egoera da, eta baita ikasleentzat ere. Gela batean 12 edo 14 lagun izatea entzuten...

Eta zehazki zein da zure ikasgaia?

Urte askotan egin dut Itzulpen Tailerra. Klasean era askotako testuak itzuli egiten genituen. Hori da irakasleek askotan egin behar izaten duten gauza bat. Edo gutun bat euskaraz eta gaztelaniaz erredaktatu, edo ez dakit non aurkitu duten ariketa euskaraz jarri. Hori egiten nuen lehen, eta orain, azken urteetan, Euskal Testuak ematen dut. Lehen Euskal Literatura izena zuen, baina ez ditugu testu literarioak bakarrik irakurtzen, era guztietako testuak baizik. Eta laster izena aldatu eta Euskararen Testuak jarriko diot. Itzulpenak ere irakurtzen ditugu. Asko irakurtzen dugu, eta testuak zailak direnean elkarrekin irakurtzen ditugu. Irakasleak irakurtzera animatu, zaletu, eta euskaraz argitaratuta dagoenaren berri ematen diet.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!