Pandemiak utzitako hutsunea betetzeko ahalegina egiten ari dira erakundeetatik. Horren adibide gisa da ekainean hasi zen Kultura Plazara jaialdia; kulturaz modu seguruan gozatzeko arte eszeniko ezberdinetako emanaldiekin osatutako egitaraua da, hain zuzen. Urrian emango zaio amaiera jaialdiari, eta jada baditu oholtza gainera igoko diren azken protagonistak.
«Herrian ekoitzi, herrian kontsumitu» esaldiari tiraka egin dute aukeraketa oraingoan, eta guztira Tolosako zortzi kultur eragile izango dira oholtzara igoko direnak. Ez dira bakarrik egongo ordea, Iruñetik iritsi berri den En Esenzia orkestrarekin batera izango baitira bertan. Tradizioa eta modernitatea musika eta dantzaren bitartez uztartzen dituen emanaldia eskainiko dute denek batera, urriaren 3an, igandean, 20:00etan, Tolosako zezen plazan.
Kike Mokoroa: «Tolosan kultur eragile indartsu pila bat dauzkagu; guztiei probetxua atera behar zaie»
«Bere garaian En Esenzia orkestrak Tafallan musika eta irudia uztartzen dituen ikuskizuna egin zuen bertako kultur eragileekin. Tolosan antzeko zerbait egiteko aukera bikaina zegoela pentsatu nuen, orkestra bera eta Tolosan ditugun kultur talde desberdinak batuz», kontatu du Kike Mokoroa antolatzailea. En Esenziaren lagun ere bada Mokoroa, orkestraren hainbat abestien itzultzailea edo kanten idazlea baita. Beraz, esan eta egin. Hasiera batean, duela bi urte inguru hain zuzen, Tolosako San Joan jaietan Euskal Herria plazan egiteko asmoa zutela azaldu du, baina osasun egoerak baldintzatuta bertan behera utzi behar izan zuten. Hala ere, Mokoroak hasieratik argi izan zuen, eta lehenago edo beranduago Tolosan ere gauzatuko zen ikuskizuna.
Zortzi kultur eragile
Antton eta Julen Telleria anaiek gidatuta eta aurkeztuta, Udaberri Dantza Taldea; Tolosako dultzaineroak; Koldo Tarragona akordeoi jotzailea; Kalean txaranga; Hodeiertz Abesbatza; Musika Eskolako Haur Abesbatza; Maite Crespillo soprano-ahotsa; eta Maddi Mokoroa eta bere zeharkako flauta izango dira orkestrarekin batera zezen plazan ariko diren zortzi artisten taldeak.
«Kultur eragile bakoitzak bere musika estiloa eta esparrua du», eta orkestra euren estilora moldatzen saiatuko dela adierazi du Mokoroak. Euskal abestiak ez ezik, italieraz ere hainbat doinu entzun ahal izango dira, baita Nafarroako kantu tradizionalen bat ere. Abesti guztiak gainera, ezagunak izango direla esan du antolatzaileak, baina kanturen batek letran edo ezkutatzen duen istorioan aldaketak izan ditzake. Beste batzuetan ordea, abestia bere horretan utziz, «orkestrak eta kultur eragileek euren ukitua emango diote».
«Tolosan inoiz ikusi ez den ikuskizun bat eskaintzea da gure asmoa», COVID-19ak utzitako hutsunea betez eta normaltasunera bueltatzeko ahalegina eginez. Hortaz, atzean utzitako festa giroa lortzea izango da euren helburua, «herrian ditugun kultur eragile desberdinekin eta Euskal Herrian aurki ez daitekeen horrelako orkestra on batekin». Gainera, Tolosako eragileen maila nabarmendu nahi izan du Mokoroak: «Tolosan kultur eragile indartsu pila bat dauzkagu, eta guzti horien gaitasunei probetsua atera behar zaiela uste dut».
La Bella Festa
«Musika-kalitatea. Protagonista beti ikus-entzulea den errepertorioa eskaintzen dugu, kontzertuetan dena ahaztuz, musikarekin gozatuz eta hunkituz, eta gau ahaztezin bat igaroz». Hitz horiekin definitu du En Esenzia taldea Alberto Larak, orkestrako sortzailea, zuzendaria, gitarra, saxoa eta klarinetea dena.
Alberto Lara: «Sinergia sortzeko ekintzak guztiz aberasgarriak dira kultur eragileentzat, eta bereziki, ikus-entzuleentzat»
2016. urtean Nafarroan sortutako taldea da En Esenzia, hain zuzen. Bost urteko ibilbidea du, eta Euskal Herrian ez ezik, Espainiako hainbat tokitan emanaldi ugari eskaini ditu; Iruñeko Gazteluko plazan sanferminetan, Bilboko Aste Nagusian, Nafarroan, Errioxan, Aragoin, Sorian, eta Katalunian, besteak beste. Gaur egun, iparraldeko orkestra garrantzitsu eta ezagunetako bat dela esan daiteke.
Mokoroaren bitartez iritsi zitzaion proposamena orkestrari, eta bi aldiz pentsatu gabe baiezkoa eman zuten. «Tolosako kasinoan elkartu ginen eta bertan bildu ginen denok batera. Talde bakoitzarekin hitz egin ostean, gure helburua zein zen adierazi eta harremana berehalakoa izan zen; hau da, gure musika eta kultura jendaurreko ikuskizun batean helaraztea izango da. Gainera, Tolosako kultur taldeak oso maila handikoak dira, eta horregatik, lana haiekin egitea hasieratik oso erraza izan da», kontatu du Larak.
Iruñatik Tolosara
Bezpera arte ordea, entsegu orokorra guztiek batera ezin izango dute egin. Hala ere, zailtasun gutxirekin denbora guzti honetan prestaketa lanetan ibili direla azaldu du orkestrako zuzendariak: «Egia esan, pandemiarekin ezin izan dugu nahi genuen guztia entseatu, baina lan telematiko garrantzitsua egin dugu eta talde bakoitzak bere zatia eta papera kontrolpean izan du uneoro. Ez dugu zailtasunik izan; aitzitik, dena erraztasunak izan dira kontzertua ahal bezain laster egiteko». Lankidetza eta koordinaziorako talde-lanarekin harro daudela jakinarazi du gainera, eta talde bakoitzaren mailan eta lanean konfiantza osoa erakutsi du.
Emaitza ez zaio atzean geratu zuzendariari, eta oraindik aurrez aurre ikusi ez badu ere, kontzertu «arrakastatsua» izango dela esan du. Musika, kultura eta folklorearen aldeko apustua egiteko asmoarekin daude, eta horretarako, jai-giroko errepertorio alaia prestatu dute, «pandemiatik ateratzen ari garen une honetan primeran gozaraziko dugu; hunkitu egingo gaituen sinergia sortuko dugu», gehitu du. Hitz gutxitan, musikarekin emozioak helaraztea eta sortzea izango da euren funtsa: «Eta irmoki uste dugu urriaren 3an hori lortuko dugula». Are gehiago esan du: «Sinergia sortzeko ekintzak guztiz aberasgarriak dira kultur eragileentzat, En Esenziarentzat, baina bereziki, ikus-entzuleentzat».
Kike Mokoroak, Tolosako kultur eragileek, Tolosako kasinoak, Bidean eta EITB-k egin duten lana azpimarratu du zuzendariak, eta Tolosako Udalari eskerrak emateko tartea ere hartu du, kulturaren aldeko apustua egiteagatik.
Guztiak bat
Guztira, hamar musikari eta ahots izango dira ikuskizunaren oinarri, eta hauek izango dira festari hasiera emango diotenak. En Esenzia orkestrak ekingo dio ikuskizunari, hain zuzen. Maite Crespillo abeslaria izango da orkestrarekin batera ariko dena. Pare bat kantu abestu ostean, Hodeiertz Abesbatzaren txanda izango da. Eztarriak prest dituztela, hauek ere pare bat kantu abestuko dituzte.
En Esenzia izango da berriro ere taula gaineko jabe. Baina orkestrak denbora gutxi iraungo du bakarrik, segituan Tolosako Dultzaineroak batuko baitzaizkie festara. Tartean ere Udaberri Dantza Taldekoak agertuko dira, eta hauek dantzaldiari ekingo diote zezen plazan. Tolosako artista txikiak ere euren tartetxoa izango dute urte guztian zehar egindako lana erakusteko, eta Musika Eskolako Haur Abesbatzak hiru abesti abestuko ditu orkestrarekin batera.
Orkestrak hamaika kide eta soinu berria izango du une batean, Maddi Mokoroa bere zeharkako flautarekin igoko baita taula gainera. Taula gainetik bat jaitsi eta bestea igoko da segituan. Koldo Tarragona eta bere akordeoiaren txanda izango da hurrena, baina ezin jakin tolosarrak zer ote duen esku artean. Dantzarako gogoa galdu gabe, horren ostean, Udaberri Dantza Taldeak oholtza berriro konkistatu eta dantzaleku bilakatuko du.
Inauteriak eta sanjoanak faltan izan dira aurtengoan Tolosan, eta horiekin batera herriko kaleak alaitzen zituzten txarangak ere. Kalean Txaranga izango da oholtza gainera igoko den azken kultur eragilea, eta lau abestiren ostean, taula gainetik igaro diren parte hartzaile guztiak batuko dira festara, azken agurra ematera.
Kontzertuak, guztira, ordu eta erdiko iraupena izango du gutxi gorabehera, eta EITB-k emango du Oholtzan programan.



