Tolosan barrena, trizikloan

Ataria 2021eko irailaren 29a

Goizean, 'Bizikletaz adinik ez' izeneko ekimena burutu dute Mugi Tolosa proiektuko partaideek; ibilbide ezberdinak egin dituzte trizikloetan.

Mugikortasun Astearen baitan antolatutako azken-aurreko jarduera izan da, baina aldi berean, Mugi Tolosa ekimeneko partaideentzat antolatutako lehen ibilbidea. Bi txanda egingo dira asteazkenero, abenduaren 22ra bitarte. Lehena, 10:30ean izango da eta 4-5 kilometroko ibilbidea osatuko dute. Bigarrena, berriz, 11:00etan; hauek, 1-2 kilometro egingo dituzte. Gehienez ere 15 laguneko taldeetan egingo dira irteerak. Saio berezia izan da gaurkoa, ibilbidea trizikloan egin baitute.

Gauzak horrela, adineko herritarrek nahiz aniztasun funtzionala dutenek trizikloan ibiltzeko aukera izan dute. 2013an Kopenhagen sortu zen ekimena, eta aurten, Tolosara ekarri du udalak, Real Sociedad Fundazioarekin elkarlanean. Etxetik edo zaharren egoitzetatik irteteko zailtasuna duten pertsonen bizi-kalitatea hobetzea du helburu, eta horretarako, partaideei ibilaldiak egiteko aukera eskaini zaie.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!