Erizainak omentzeko, 24 orduz igeri egingo du Carlos Peñak

Ataria 2021eko irailaren 29a

Urriaren 9an, 12:00etan irtengo da Orioko Arraunetxe paretik, eta itsasadarrean ibili eta gero, leku berean amaituko du.

«Muturreko igerilari solidario» modura izendatzen du bere burua Carlos Peña tolosarrak. Zeharkaldi luzeak eta elkartasuna uztartzen ditu; horrela, erronka berri bati ekingo dio urriko bigarren asteburuan. Pandemia garaian egin duten lana dela eta, erizainak omendu nahi ditu. Horretarako, 24 orduz ariko da igerian; kasu honetan, Orion.

Gauzak ondo bidean, Arraunetxe paretik irtengo da urriaren 9an, larunbata, 12:00etan, eta 24 ordu geroago, leku berean amaituko du. Bitarte horretan, itsasadarrean egingo du igeri. Orioko Udalak jakinarazi duenez, udaleko Kirol Batzordearen eta Gipuzkoako Erizaintza Elkargo Ofizialaren babesa izango du.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!