Bedaio eta bere inguruak hobeto ezagutzeko aukera

Josu Artutxa Dorronsoro 2021ko ira. 29a, 11:58

Artubi Kultur Elkarteak antolatuta, XIV. Bedaioko Mendi Martxa egingo dute igandean; bi ibilbide egongo dira, eta egunean bertan ere izena eman ahalko da.

Hemen da berriro Artubi Kultur Elkarteak antolatzen duen Bedaioko Mendi Martxa. Iaz, ezin izan zuten egin, eta igandean izango da aurtengo edizioa. Bi ibilbide egongo dira aurten: luzea (23 kilometrokoa) eta motza (16,5 kilometrokoa). Ibilbide luzea egingo duten mendizaleak, 07:30ean abiatuko dira Bedaioko frontoitik; ibilbide laburrekoak, berriz, 08:30ean irtengo dira.

23 kilometroko zirkuitua osatuko dutenek, Larrondotik igaro ondoren, Artubi mendian gaindituko dute ibilbideko puntu altuena (1.262 metro). Gero, Zaratetik barrena joan eta Ziziolako gainatik eta Jazkugainatik igaroko dira. Amaitzeko, Eskoletxera jaitsi eta Bedaiora itzuliko dira. Guztira, 1.800 metroko desnibel positiboa izango du, mendi bideak, basoa, eta mendi pistak uztartzen dituen ibilbide honek. «Herritar gutxik dakiten arren, Artubi da Tolosako mendirik garaiena, eta beraz, ezagutzeko modukoa da. Gainera, baso eta pagadi zoragarriak daude inguru horietan», esan du Jon Azpiroz, Artubi Elkarteko kideak.

Bestalde, 16 kilometro eta erdiko ibilbidea burutuko dutenek, ibilbide luzekoen bide bera burutuko dute, Artubira igoera eta jaitsiera izan ezik. Familientzat pentsatutako bidea da, mendian ibiltzeko ohitura duten 8 urtetik gorako haurrek egiteko modukoa, betiere, pertsona heldu bat lagun dutelarik. «Familiako kideren batek martxa luzea burutzen duen bitartean, besteek ere martxa laburra burutu eta bidean elkartu daitezke», azaldu du.

Martxa batean zein bestean parte hartu nahi dutenek, irteera baino ordu erdi lehenagora arte izango dute izena emateko aukera. Aurrez egin nahi izanez gero, mezu bat bidali behar da mendimartxa@bedaio.com helbide elektronikora, izen-abizenak eta burutuko duen ibilbidea aipatuz. Izena ematearekin batera, 10 euro ordaindu behar ditu partaide bakoitzak; 14 urtetik beherakoentzat, doakoa izango da. Behin mendiko ibilaldiak amaituta, hamaiketakoa izango da frontoian bertan.

Azken edizioetan, 100dik gora mendizale batu izan dira Bedaion, eta aurten ere, kopuru horretara heltzea espero dute. Partaideak ingurumen naturaletik ibiliko direla kontuan izanda, hainbat arau ezarri dituzte antolatzaileek: zakarrak kontrol guneetan bota beharko dira, animaliak ezingo dira uxatu, eta landa lurrak nahiz jabetza pribatuak errespetuz zeharkatu beharko dira. «Azken urtean, animali ugari ikusi ditut Bedaio inguruan, mendizale gutxiago ibili direlako, eta beraz, lasaiago ibili ahal izan direlako. Altxor handia dugu inguruan, oso aberasgarria», adierazi du Azpirozek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!