Bizikidetza bultzatzen jarraitzeko hitzarmena

Ataria 2021ko ira. 28a, 14:59

Tolosako Udalak Oria Bizikidetza elkartearekin hitzarmena sinatu du, orain arte egindako lana jaso eta ezagutarazteko helburuarekin.

Tolosako Udalak hitzarmena sinatu du Tolosako Oria Bizikidetza elkartearekin, "lankidetza eremu egonkor bat ezarri eta hainbat jarduera aurrera eramateko". Elkarteak orain arte egindako lana jaso eta herri mailan ezagutzera emateko prozesua abiatu du.

Tolosak urteak daramatza udalerrian bizikidetza sustatzen. Zehazki, 2006. urtean hasi zuen Udalak memoria berreskuratzeko lanketa, Tolosan izandako eta tolosarrek pairatutako indarkeria eta giza eskubideen urraketen inguruko egia ahalik eta modu zabalenean ezagutu eta dokumentatze aldera. 

Azken urteetan ekitaldi ugari antolatu dituzte Bizikidetza sustatzen lelopean eta iaz Oroimena Tolosa webgunea sortu eta jarri zuten herritarren eskura, dagoeneko argitaratuta dauden bi liburuetan (1939-1945/1945-1975) jasotako testigantzez gain, berriak ere jasotzeko. 
Gainera, Tolosako Udalak martxan du gertuko memoria bilduko duen azken lana eta testigantza horiekin ere osatuko du webgunea. 

Udalak aurrera eraman duen lanketaz eta jarduerez gain, Oria Bizikidetza elkarteak, udalaren laguntzarekin, herri barruan eta herritarren artean bizikidetza sustatzeko jarduerak antolatu eta gauzatu ditu. Elkarteak bere ibilbidea ixteko faseari ekin dio eta orain arte egindako lana jaso eta herri mailan ezagutzera emateko prozesua abiatu du, desberdinen arteko elkarrizketa prozesuak balioan jartzeko eta antzeko ibilbidea egin nahi duten herritar zein herriei laguntzeko helburuarekin. Hala, egin asmo dituzten jardueren artean daude informazio  guztia jasoko duen webgunea eta paperezko dokumentazioa sortzea. Udalak jarduera horiek diruz laguntzeko konpromisoa hartu du eta hitzarmenaren barruan elkarteak 9.983,98 euro jasoko ditu horiek aurrera eramateko. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!