Ohi baino beteago datoz Amalur jardunaldiak

Ataria 2021ko ira. 28a, 07:59

Hitzaldiekin batera bi mintegi egingo dituzte eta liburua ere aurkeztuko dute; urriaren 5etik abenduaren 2ra arte luzatuko da.

Hamabosgarrenez egingo dituzte aurten Amalur jardunaldiak, eta bidaia, natura eta antropologia uztartzen dituen ekimena inoiz baino osatuago dator, hitzaldiekin batera, bi mintegi ere izango baitira, eta Amalur jardunaldien atzera begirakoa biltzen duen liburuarekin baitator esku artean. Tolosako Ekinbide Etxeak antolatzen dituen jardunaldiak urriaren 5ean hasiko dira eta abenduaren 2ra bitarte iraungo dute.

Jardunaldien sorreratik antolaketa lanetan ari den Alberto Luengo biologo tolosarrak jardunaldietako hitzaldi zein mintegietan parte hartuko duten kazetari, bidaiari edota idazleen maila nabarmendu du: «Rosa Maria Calaf, Patricia Almarcegui, Fernando Vallares, Javier Moro edota Carlos de Hita bezalako erreferentzia handiko adituen parte-hartzea izango dugu, eta horri esker, gaur egungo ingurumen eta gizarte-egoeraren aurrean jarrera kritikoa eta eraikitzailea sortzeko eta sustatzeko helburua bete ahal izango dugu beste behin». Luengok aurtengoa hamabosgarrena dela azpimarratu du, dagoeneko egonkortuta dagoen ekimena dela azalduz: «Jardunaldiak topaleku eta erreferentzia bihurtu ditugu ingurumenaren, naturaren eta antropologiaren esparruan dibulgazio jardunaldietan». Era berean, babesten duten erakundeei eskerrak eman dizkie, eta herritar guztiak bertaratzera gonbidatu ditu. Hain zuzen, hitzaldi eta mintegi guztiak herritar guztientzat irekiak eta doakoak dira, eta bertan parte hartzeko izena eman beharko da aurrez, Topic zentroaren (Topictolosa.com / 943 65 04 14) bitartez.

«LEHEN MAILAKO» BALIOAK

Aurtengo jardunaldien bereizgarria hitzaldien aurretik izango diren bi mintegiak nahiz Alberto Luengo berak egin duen Amalur jardunaldien atzera begirako liburua dira. Jose Ignacio Asensio ingurumen diputatuak biologo tolosarraren lana goraipatu du: «Izan ere, gasolina erakundeek jarri arren, ekimenaren nahiz liburuaren bihotza eta burua bera da. Amalurri esker, Luengok hainbat herrialde eta ekosistematako natura, ingurumena, pertsonak eta ohiturak bateratzen dituen berezko hizkuntza bat asmatu du, betiere ekosistema desberdinen garapen iraunkorra errespetatuz». Asensiok, halaber, jardunaldien balioa azpimarratu du, «gaur egun, trantsizio ekologikoa Europako agendaren eta administrazio guztien erdigunean dago, eta jardunaldi hauek pizgailu ezin hobeak dira garapen jasangarriaren eta ekosistemekiko errespetuaren balioak ukitzeko».

Patxi Amantegi Tolosako Ingurumen zinegotziak, bere aldetik, Amalur jardunaldiek «munduko kultura eta txoko ezberdinetara gerturatzeko, amesteko, bidaiatzeko eta mundua ikuspegi ezberdinetatik ulertzeko eta ezagutzeko» aukera eskaintzen dutela esan du, «jasangarritasun ikuspegitik, hausnarketa sustatuz, errespetua, beti, oinarri izanda». Balio horiek zabaldu dituela herritarren artean, eta balio horiek «lehen mailakoak» direla azaldu du; «are eta gehiago etorkizunera begira, garapen jasangarria eta naturarekiko errespetua sustatzeko eta klima aldaketari aurre egiteko, tokikotasunetik eta herritarrekin bat eginda, Amalur jardunaldiek herritarrekin bat egitea lortu duten modu berean».

 

EGITARAUA

Mintegiak

Bidaia emakumeena da. Ikastaro honen bidez, emakumeek munduan egindako irudikapenak ezagutaraziko ditu Patricia Almarcegi idazle eta literatura irakasleak. Mendeetan bidaia debekatua egon da haientzat, eta haien ahots eta begiradarik gabe, geografia batzuk ikusezinak izan dira. Urriaren 5etik 7ra, 19:00etatik 20:30era.

Garapen jasangarriko helburuak eta gizarte ongizatea. Fernando Valladares biologian doktorea eta Ikerketa Zientifikoan Kontseilu Goreneko ikertzaileak, Carles Castell biologia zientzietan doktoreak eta Rosa Maria Calaf zuzenbidean eta kazetaritzan lizentziatuak eskainiko dute, urriaren 15ean, 10:00etatik 14:00etara.

Hitzaldiak

90 minutu Javier Mororekin. Idazle madrildarra elkarrizketatuko du Ylenia Benito kazetariak, eta bere lana aztertuko du, ingurumenean eta gizartean izan duen garrantzia erakutsiz. Urriaren 28an, 19:30ean.

Amalur: bidaia, natura eta antropologia. Alberto Luengo biologoak Amalur jardunaldiei buruz eginiko liburua aurkeztuko du, azaroaren 4an, 19:30ean.

Atlantikoa: garai debekatuetan bidaiatzea. Daniel Landa dokumental egileak bere azken lanaz mintzatuko da. Finisterretik abiatu eta Hego Afrikako Cabo de las agujas-erako bidaia da, pandemiak baldintzatutako bidaia. Azaroaren 5ean, 19:30ean.

Bidaia bat leku batetik bestera joatea baino gehiago da. Iosu Iztuetaren gogoetak bidaiatzeari buruz. Agurtzane Belauntzaran kazetariak elkarrizketatuko du bidaiari tolosarra. Azaroak 11, 19:30ean.

Panterak: Munduan zehar felidoen bila. Andoni Canela eta haren seme Unai munduan zehar dabiltza planetako lekurik basatienetan, azken felido handien bila. Xavier Moret kazetari eta idazleak elkarrizketatuko du, azaroaren 18an, 19:30ean.

Naturaren soinua. Carlos de Hita dokumental gidoilariak azken lana aurkeztuko du. Kontzertu natural handi baten zatirik onenen hautaketa. Azaroaren 19an, 19:30ean.

Liburuen bidaia. Liburu orok aukera ematen digu bere orriek daramaten bide ezezagunari jarraitzeko. Pilar Rubio Remiro editorearekin, abenduaren 2an, 19:30ean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!