Erronka berriak

Erabiltzailearen aurpegia Amaia Karrera Garcia 2021ko urr. 3a, 20:58

Irakasle askok ikasturte berriaren hasiera urte berriaren ilusio berarekin hartzen dugu, are gehiago, gutako askorentzat urtea irailean hasten da. Urteko helburuen zerrenda ere egiten dugu, honela, «kiroldegian apuntatu» gisako helburuak «eskola-orduari ahalik eta etekin handiena ateratzea» helburuekin ordezkatzen ditugu.

Esperientziagatik badakit asmo handiko helburuak planteatu baino, hobe dela helburu lorgarriak eta errealistak planteatzea; izan ere, motibazioz eta asmo onez puztutako globoak denborarekin airea galtzen du goma zimurtu eta itxuragabe bihurtu arte.

Hezkuntza-lana gustatzen zait eta motibatzen nau etengabeko erronkak sortzen dizkidanean, esna mantentzen nauenean, aktibo, nire lana hobetzen jarraitzeko akuilua denean.

Urteroko erronkak dira ikasle berrien etorrera, haiek ezagutzea eta bi urtez egingo dugun ibilbidea eraikitzen joatea. Urteroko erronka ere bada metodologia aktiboetan sakontzen joatea. Urteko erronka da ikasleen prestakuntza eta pedagogia-premiei erantzutea, eta azken urteotan erronka bihurtzen ari da, halaber, ikasleen bizi-premiei erantzutea.

Ez dut uste erronkak eta arazoak sinonimoak direnik; hala ere, esan daiteke gure ikuspegia erabakigarria dela zerbait erronka edo arazo gisa identifikatzeko orduan. Erronka eta arazoaren arteko funtsezko desberdintasuna da erronka bat pertsona batek gainditu nahi duen zeregin zorrotza den bitartean, arazo bat tratatzen edo ulertzen zaila den zerbait dela, eta horrek zaildu egiten duela banakoaren progresioa.

Adituen esanetan, datorren pandemia buru-gaixotasunarena izango da. Ea aurreikusteko eta dagokigun erantzukizun mailatik heltzeko gai garen.

Eskolan askotariko gaiak lantzen ditugu gure haur eta gazteen portaeratan eta jarreratan eragin nahian. Halere, ezin dugu ahaztu egunak dituen hogeita lau orduetatik gurekin sei bakarrik pasatzen dituztela. 

Irakasleria prestaturik eta prest dago etorkizuneko erronkei aurre egiteko; gizartean ditugun arazoak, berriz, guztion artean konpondu beharko ditugu, estamentu bakoitzak duen erantzukizun-mailatik abiatuta eta erabaki eta neurri egokiak hartuta.

Pandemia atzean utzi bitartean izango ditugu elkarrekin gainditu beharreko egoerak eta hura amaitzean oraindik ezagutzen ez ditugun ondorioei aurre egiteko prestatzen joan beharko gara; adituen esanetan, datorren pandemia buru-gaixotasunarena izango da. Ea aurreikusteko eta dagokigun erantzukizun mailatik heltzeko gai garen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!