Bigarren aukera gurpil gainean

Naiara Roldan de Aranguiz 2021eko irailaren 25a

Mugikortasun Astearen barruan eta Zumardia elkartearen ekimenez, bigarren eskuko azoka egin dute goizean zehar Zumardiandian.

Kirolariak, familiak, gazteak... denetarik zen Zumardiandian kokaturiko postuetan. Erosleak produktuka topatu ditu sailkatuta salgai zeudenak: bizikletak, patineteak, patinak, kaskoak... Produktua ikusi, probatu eta bi edo lau gurpilen gainean trebezia erakusteko gune ere izan da gaurkoan Zumardiandia.

Zumardia elkarteko Iosu Iztuetak, broma artean, aitortu duenez, beldur ziren jendeak materiala eraman bai "traste zaharrak etxetik kentzeko", baina gero erostera jende gutxi hurbilduko ote zen. Ataria gerturatu denean, goiza "ondo" zihoala esan du Iztuetak. Eguraldiari begira ere egon direla, askotan egun eguzkitsuek lagundu edo kaltetuko ote duten ezin jakin, adieraziz.

Saltzaileek asteartean izan zuten lehen aukera produktuak eramateko, horretarako Zumardia elkarteak Zerkausia atondu zuen. Gaurkoan, 10:00ak bitartean, bigarren aukera izan da mugikortasuna ahalbidetzen duten gailu horiek etxetik ateratzeko, Zumardiandian bertan jaso dituzte.

Azken batean, bizikleta, patinete, patinei bigarren aukera eman eta mugikortasuna sustatzea bultzatzen da honelako ekimenen bitartez.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!