Laskoain kalea biziberrituta, 'Gune Biziak' proiektuaren eskutik

Tolosaldeko Ataria 2021ko ira. 24a, 15:23

Eraberritze lanekin batera, hutsik dauden lokaletako erakusleihoak egokitu eta apaindu dira, kalea erakargarriago bilakatu eta bertako merkataritza jarduera sustatzeko.

Tolosako Udalak duela aste batzuk amaitu zituen Laskoain kalea eraberritzeko hirigintza lanak. Espaloiak zabaldu egin ziren, errepidea eta espaloia maila berean jarri ziren eta “bizitoki” eremu izendatu zen kalea oinezkoek lehentasun osoa izan dezaten. Hiri-altzari eta lorategi berriak ere jarri ziren eta kale argitazpena berritu zen Led argiekin.

Obren ondoren, baina, Laskoain kalea erakargarriagoa, atseginagoa, irisgarriagoa eta jasangarriagoa izateko lanei ekin zieten. Izan ere, Errementari eta Gudari kaleetan egin bezala, Gune Biziak proiektua garatu da kaleak berezkoa duen merkataritza jarduera berreskuratu eta sustatzeko. Proiektu honen baitan, hutsik dauden lokaletako erakusleihoak apaindu dira kalearen itxura hobetu, herritarrentzat kalea erakargarriagoa egin eta merkataritza jardueraren jarraikotasuna bermatzeko.

Eraberritu diren erakusleihoetan biniloak jarri eta horiek pintatu dira, kaleari bizia eman eta kalearen izaera atsegina mantentzeko, kaleak izan dezakeen potentzial komertziala irudikatuz. Beraz, kalearen eta lokalen erakargarritasuna hobetuta, orain, itxita dauden lokalen salerosketa edota alokairua sustatu nahi dira, etorkizunean saltoki bihurtu daitezen.

Iragana eta oraina uztartuz

Merkataritza paisaia berreskuratzeko lanketan, merkatari eta lokaletako jabeez gain, proiektu artistikoaren arduraduna izan den Garikoitz Murua GKO Gallery elkarteko arduradunak parte hartu du. "Elkarlan baten emaitza izan da Laskoain kaleko erakusleihoak apaintzeko esperientzia. Irudiak aukeratzeko orduan kontuan izan dira iraganean kalean izandako eta kalearen egungo izaerari lotutako jarduerak. Esaterako, erakusleihoetako batean, 1934an sortutako Areizaga Olioak izeneko olio ontziratzaile eta saltzailea gogorarazi nahi izan da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!