Titereszena aurkeztu dute Topic-en

Ataria 2021ko ira. 24a, 16:00

Ikasturte berrirako ikuskizunak, erakusketak, tailerrak, bisita gidatuak eta bestelako ekitaldiak egingo dituzte. Iragarri dutenez, Titirijai jaialdia, aurten, azaroaren 20tik 28ra egingo da.

Topic zentroak 2021-2022 ikasturterako antolatu dituen ekimenen berri eman du. Tolosako Ekinbide Etxeko zuzendaritza batzordeko kide Ane Garatek egin ditu aurkezpen lanak, eta gogoratu du, udazkena ekintzaz beteta datorrela 12 urte bete dituen etxera. Tolosako Udalaren izenean Izarne Iglesias kultur zinegotziak Topic-eko arduradunei eskerrak eman dizkie, guztien gozamenerako antolatutako egitaraua prestatzeko egin duten lanagatik.

"Garai errazak izan ez badira ere, garai honetan bide berriak egiten ikasi dugu, eskaintza egokitzen eta behar berriei aurre egiten. Azken urte eta erdian eragileok ez duzue etsi eta erakutsi duzue egokitzeko gaitasuna, aurrera begira lanean jarraitzeko grina, hori dena Tolosak berezkoa duen bizia eta kultur jarduera bere osotasunean berreskuratzeko", esan du kultura zinegotziak. Herritarren arnasgune, haurren babesleku eta familien elkargune bezala definitu du Iglesiasek Topic zentroa eta azpimarratu du uda honetan 1.000 bisitari baino gehiago izan direla bertan. 

Eusko Jaurlaritzako kultura sailburuorde Andoni Iturbek ere esker hitzak izan ditu Topic-eko arduradunentzat, egitarau "indartsua" osatu dutelako ikasturte berrirako. Sailburuordeak garrantzitsutzat jo du Euskal Herriko enpresek eta sortzaileek horrelako ekimenetan euren tokia edukitzea. "Hemendik kanpora kultur mailan erreferente bezala ikusten dute Euskadi. Profesionalek egiten duten lana dago alde batetik, eta horiei agertoki bat eskaintzeko ematen zaien aukera, baina balorea eman behar zaio baita ere gizarte honek duen indarrari", esan du Iturbek.

Xabier Ormazabal zentroko arduradunak eman du urrian hasi eta maiatzera bitartean izango den programazioaren berri. Familia osoari zuzendutako ikuskizun bat programatuko dute hilean behin, larunbatetan, 18:30etik aurrera. Urtarrilean, otsailean eta martxoan izango diren emanaldiak Topic-en estreinatuko dira, konpainiek bertako sormen egonaldian landu baitituzte ikuskizunak: "Asturiasko Teatro Plus taldearena da bata eta beste biak Euskal Herriko bi talderenak dira, Gorakada eta Anita Maravillas konpainienak".

Programazioa

  • Urriak 16. La Puntual Kataluniako konpainiak El Patito feo ikuskizuna eskainiko du 18:30ean. 3 urtetik aurrerakoentzako eskainiko dute gaztelaniaz. 
  • Azaroak 13. Italiako Di Filippo konpainiak Hari batetik zintzilik ikuskizun familiarra eskainiko du 18:30ean.
  • Abenduak 11. Kataluniako Xip Xap konpainiak El lobo y las siete cabritillas ikuskizuna eskainiko du gaztelaniaz 3 urtetik aurrerako umeentzat, 18:30etik aurrera.
  • Urtarrilak 22. 18:30ean Topic-en Asturiasko Teatro Plus taldeak Pan lana eskainiko du gaztelaniaz 5 urtetik gorako umeentzat.
  • Otsailak 5. Pinocchio lana eskainiko du Goradaka Teatro taldeak 18:30etik aurrera Topic-en. 6 urtetik gorako haurrentzat gomendatutako lana da eta euskaraz eskainiko dute.
  • Martxoak 26. Anita Maravillas antzerki taldeak prestatutako Kotondarrak lana 5 urtetik gorako umeentzat eskainiko du 18:30ean.
  • Apirilak 30. Gaztela Leongo Teloncillo Teatro izeneko konpainiak gaztelaniaz La Granja lana eskainiko du 3 urtetik aurrerako umeentzat 18:30ean.
  • Maiatzak 14. Argentinako Babel teatro taldeak Beethoven ikuskizun familiarra eskainiko du 18:30ean gaztelaniaz.

Topic-en izango den eskaintza ez da bakarrik ikuskizunetara mugatuko. Aldizkako bi erakusketa ere antolatuko dituztela aipatu du Iñigo Aginagalde zentroko langileak. Azaroaren 20tik, maiatzaren 1era, Paperezko Antzerkiak erakusketa izango da zabalik; Eta 2022ko maiatzaren 9tik azaroaren 4ra, berriz, Iruditxoen Erretaula izenekoa, Nafarroako Artxibo Historikoarekin lankidetzan osatutakoa.

Aginagaldek gaineratu du, datorren ikasturteari begira museoko Anbigu aretoan erakusketa gune berri bat zabalduko dutela. "Urtean zehar, mota ezberdinetako hainbat erakusketa izango ditugu ikusgai. Formatu txikiagoa duten erakusketak dira eta maizago aldatuko ditugu". Lehenengo mostra, azaroaren 20tik abenduaren 16ra jarriko dute eta Lleidako Txotxongilo Zentroak prestatutako Biniliko Diskak eta Txotxongiloak erakusketa izango da ikusgai. Aurrera begira Anbigu aretora, eguberriekin, Txinako urte berriarekin eta inauteriekin zerikusia duten erakusketak ekarriko dituzte.

Topic zentroan bisita gidatu antzeztuak egingo dituzte hileko lehenengo larunbatetan, 11:30ean euskaraz eta 12:30ean gaztelaniaz. Txotxongilolaritza eta emakumea lotuz bi bisita gidatu berrezi ere egingo dira. Bata urriaren 23an, Bularreko Minbiziaren Egunaren bueltan eta bestea martxoaren 5ean Emakumeen Nazioarteko Egunaren testuinguruan.

Tailer eskaintza zabala

Asier Pagolak zehaztu du Topic zentroan egingo duten eskaintza pedagogikoa 2021-2022 ikasturtean. Horien artean, azaroaren 6an, 11:00etatik 13:00etara egingo den barazki txotxongilo tailerra azpimarratu du: "Parte hartzaileak Tolosako Azokara joango dira barazki eta frutak eskuratuko dituzte eta horiekin gero txotxongilo bat egiteko aukera izango dute. Tolosako Udaleko Merkataritza, Feriak eta Turismo sailarekin batera antolatu dugu tailerra".

Topic zentroa eta txotxongiloen mundua ezagutzeko Lehen Hezkuntzako ikasleei eskaintzen zaien eskola kanpainaz ere hitz egin du Pagolak. Ikasleek Topic-era bisita egin dezakete, ikuskizun batez gozatu, artistekin hizketaldia izan eta eraikuntza tailer batean parte hartu.  Online eskaintzen diren Platatopic tailerretan, aldiz, eta teknologia berriak baliatuz, formazioa eskaintzen zaie parte hartzaileei.

Ekimen gehiagoren habia

Modu berezian ospatuko dituzte Topic zentroan txotxongiloen eta museoen nazioarteko egunak. Urriaren 16an, berriz, eta Gipuzkoakoa Foru Aldundiaren babespean Europako Ondare Jardunaldien barruko saioak egingo dira Tolosan. Bisita gidatu egokituak egingo dira Topic-en, tailer egokitua eskainiko da 16:30ean eta El Patito Feo emanaldi egokitua emango dute 18:30ean. Horrekin batera, eguberrietan, bi emanaldi berezi prestatuko dituzte eta sarreran bildutako dirua oraindik ere erabaki gabeko eta helburu solidarioa duen elkarte batera bideratuko dute. Ekimen horren barruan, abenduaren 17an Tolosako Musika Eskolako ikasle eta irakasleekin kontzertua izango da eta txotxongilo ikuskizun berezia prestatu dute abenduaren 29rako.

Lehenagotik, ordea, Ormazabalek azpimarratu du beste hitzordu garrantzitsu bat izango dutela Topic-en: Titirijai jaialdia. "Azaroaren 20tik 28ra izango da eta familiei zuzendutako ikuskizunak izango dira nagusi. Aurten leku gehiagotara zabalduko dugu jaialdia eta kultur etxean, Zerkausian, Berdura plazan eta Leidorren izango dira emanaldiak, eta noski, Topic-en. Horrekin batera, 14 saio antolatu dira Tolosatik kanpo", esan du Ormazabalek.

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!