Tolosa erdiguneko tren geltokiak itxura berria izango du

Tolosaldeko Ataria 2021ko ira. 23a, 17:00

Tolosako udal gobernua ADIF enpresarekin lankidetzan ari da proiektua aurrera eramateko. Iraileko osoko bilkurara eramango dira obrak gauzatzeko konpromiso-kredituak, urrian udalbatzak Tolosako Udalaren eta ADIFen arteko hitzarmena onar dezan.

Pixkanaka aurrera doa Tolosako erdiguneko geltokiko (Apeaderoa) irisgarritasuna hobetzeko proiektua. Udal gobernuak adierazi duenez, "ez dugu etsi eta behin baino gehiagotan bildu gara ADIF-eko arduradunekin, proiektuan aurrerapausoak emateko; orain, gainera, egindako lana fruituak ematen hasi da".

ADIF (Burdinbide Azpiegituren Kudeatzailea) proiektua prestatzen ari da dagoeneko, eta datozen hilabeteetan obrekin hasi aurretik eman beharreko urratsak onartu beharko ditu udalabatzak: batetik, konpromiso-kredituak eta bestetik, Tolosako Udalak eta ADIF-ek sinatu beharreko hitzarmena.

Izan ere, bi aldeen arteko hitzarmena sinatzeko, udalak aurrez azaldu eta bermatu behar du obrei aurre egiteko kreditu nahikoa duela, lanak 2022-2023 ikasturtean gauzatuko badira ere. Hori dela eta, iraileko osoko bilkurara urte anitzeko kreditu-konpromisoak eramango dira, eta horiek onartu ondoren eman ahal izango dio udalbatzak oniritzia hitzarmenari. Azkenik, obrak gauzatzeko hitzarmena sinatu ahal izango da.

Igogailuak eta pasabide berria

Geltokietan irisgarritasuna hobetzeko eta geltokiak modernizatzeko programaren baitan, ADIF enpresa Tolosako erdiguneko geltokiko irisgarritasuna hobetzeko proiektua lantzen ari da dagoeneko. Besteak beste, nasak (trenari itxaroteko guneak) handitzea, horien arteko irisgarritasuna erraztea, eskailerak egokitzea eta igogailuak jartzea aurreikusten du.

ADIF-en araudiaren arabera, bereizita egon behar dute hiriko eta geltokiko fluxuak; horregatik, geltokiko irisgarritasuna hobetzeko lanak aprobetxatuko dira, trenbideen gainean fluxuak bereiziko dituen pasabidea egiteko. Pasabide horrek eskailerak eta igogailua izango ditu, herritar ororen erabilera erraztu eta bermatzeko. Pasabide berri horrek Monteskue auzorako irisgarritasuna hobetu eta sarbidea erraztuko du.

ADIF arduratuko da proiektua idazteaz, gainbegiratzeaz eta onartzeaz, eta baita ere obrak esleitzeaz eta gauzatzeaz. Kostuei dagokienez, ADIFek obraren kostu osoa bere gain hartuko du, hiri-geltokiko fluxuak bereizteko pasabide berriko igogailuaren eta eskaileraren proiektuaren exekuzioaren %50a izan ezik; hori Tolosako Udalaren kontura izango baita. 
Guztira, beraz, bi milioi eta erdi euro inguruko inbertsioa egingo dute, eta udalaren ekarpena, gutxi gorabehera, 400.000 eurokoa izango da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!