Zumarditxikiaren proiektua aurkezteko bilera, astelehenean

Ataria 2021ko ira. 23a, 14:59

Uztailean herritarrekin egindako bileran jasotako ekarpenak hartu dira kontuan; legealdi honetan lanekin hastea da asmoa.

Zumarditxikia berreskuratu eta herritarren eskura jartzeko proiektua garatzeko lanean aritu da Tolosako Udala azken bi hilabeteetan, eta uztailean herritarrekin egin zen lehen saio irekian jaso ziren ekarpenak kontuan hartuta osatu den proiektua aurkezteko, bigarren saio irekia egingo da datorren astelehenean, irailaren 27an, 18:00etatik 20:00etara, kultur etxean. Herritar guztiei irekitako saioa izango da, eta parte hartzeko beharrezkoa izango da aurrez izena ematea hirigintza@tolosa.eus helbidera mezu bat bidalita edo UDATEra deituta (010).

Zumarditxikia eremuak bere garaian izan zuen erabilera soziala berreskuratu nahi du udalak, espazio hori berriz ere herritarren eskura jartzeko. Udalak esan du 2019-2023 legealdiko proiekturik estrategikoena dela Zumarditxikikoa. «Izan ere, lehentasunezkoa da eremu hori herritarren eskura jartzea, ibaia herrian integratu eta Tolosak zein tolosarrek gaur egun dituzten beharretara egokituta herritar guztientzat aproposa izango den espazio publiko inklusibo bat sortzea».

Hala, Zumarditxikia herri erdigunean kokatutako natur eremu bat izatea da udalaren helburua: «aisiara bideratutako espazio bat, hirigintza eredu jasangarrien bidez gizarte ekintzak antolatzeko aukera emango duena». Ingurumena ere oso kontuan izan da proiektu honen garapenean, eta Tolosa Badabil Mugikortasun Plan berrian zehaztuta dauden hainbat helbururekin bat egiten du.

Aurreikuspenen arabera, datorren urte hasierarako eskuartean izango du udalak proiektu berria, eta behin proiektu horrek Ur Agentziaren oniritzia jasota jarriko da martxan. Udalak 2022an bertan jarriko du martxan obra egiteko lizitazioa, legealdi honetan bertan lanekin hasteko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!