Mendekotasun egoeran daudenentzat egonaldi eskaera egiteko aukera

Ataria 2021eko irailaren 23a

Ordiziako San Jose egoitzan izango dira egonaldiak.

Mendekotasuna duten pertsonez arduratzen direnek atseden hartu ahal izateko zerbitzua da, eta izen ematea zabalik da.

Urrian eta azaroan zaharren egoitzetan atsedeneko aldi bateko egonaldiak eskatzeko epea zabalik dago mendekotasuna edo desgaitasuna duten pertsonentzat. Gipuzkoako Foru Aldundiak eskaintzen duen zerbitzua da, mendekotasuna duten pertsonez arduratzen direnek atseden hartzeko helburuarekin.

Urrian eta azaroan, oraingoz, egonaldi luzeak bakarrik eskainiko dira, hau da, sei gauetatik gorakoak, eta plaza kopurua mugatua da. Ordiziako San Jose egoitzan izango dira egonaldiak, eta plaza gutxi batzuk egongo dira Donostiako Txara 2 egoitzan.

Pandemiaren eraginez, plazak oso mugatuak direla esan dute, eta 40 plaza inguru daude lurralde osorako. Hori horrela, lehentasuna izango dute behin betiko egoitza eskaera egin ez dutenek.

Zerbitzua eskatzeko, erabiltzaileek mendekotasun egoera egiaztatu beharko dute, eta aldi baterako egonaldirako gai direla adierazten duen RAI balorazioa eguneratuta egon behar da. Ospitalizaziorik izan bada, RAI balorazio berri bat eskatu beharko da, pertsonaren arreta beharrak egungo egoerara egokitzeko.

Oro har, erabiltzaileak egonaldietara COVID-19aren aurkako txertaketa osoarekin sar daitezen sustatuko da. Txertatuta ez dauden pertsonek edo lehen dosia bakarrik jaso dutenek, segurtasun neurri gehigarriak hartu beharko dituzte.

ESKAERAK NOLA EGIN

Eskaerak Tolosako Udaleko Gizarte Zerbitzuen sailean egin behar dira, eta gutxienez egonaldiaren hasiera baino 15 egun lehenago. Egonaldia hasi baino 15 egun lehenago adieraziko da plaza lortu den edo ez. Bestalde, eskaera egin ondoren uko egiteak ondorio ekonomikoak izan ditzakeela azaldu dute, beraz, ahalik eta azkarren abisatu behar da egonaldia behar ez bada.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!