Aldaketa klimatikoari aurre egiteko ekitaldiak

Ataria 2021ko ira. 22a, 17:27

'Aldaketa globala eta landare inbaditzaileak' ibilbide gidatua egingo dute urriaren 3an.

Tolosak ere bat egin du Asteklimarekin. Udalak eta Ingurumen Zentroak hainbat ekitaldi antolatu dituzte herritarrak trantsizio energetikoaren eta klimatikoaren inguruan kontzientziatzeko asmoz. 

Ostiralean hasi eta urriaren 3an amaituko den Asteklimarekin egin dute bat, Tolosako Udalak eta Ingurumen Zentroak. Ekimenaren helburua da aldaketa klimatikoaren erronka globalari tokikotasunetik erantzutea eta udalak esan du jasangarritasunaren alde urratsak ematen jarraitzeko, aldaketa klimatikoa eragiten duten faktoreak gutxitzearen garrantzia zabaltzeko eta herritarren konpromiso maila areagotzeko asmoz antolatu dituztela ekitaldiak.

Sentsibilizazio kanpaina eskoletan:

Klima aldaketaren ezagutzan sakontzeko jolas kooperatiboak egingo dituzte 4. mailako ikasleekin. Elkarlana, ingurumenarekiko errespetua, klima aldaketa ekiditeko ohitura onak landuko dituzte, besteak beste, eta horretarako Ingurumen Zentroko hezitzaileek gidatuko dituzten tailerrak egingo dituzte.

Krisi klimatikoaren aurrean borrokak eta alternatibak hitzaldia eta dokumentala:

Irailaren 28an ikusi ahal izango da, Topagunean, 18:00etatik aurrera. Klima aldaketaren ikuspegitik, ingurugiroaz, pertsonen zaintzaz, justizia sozialaz eta pertsonen eskubideez hausnartuko dute saioan. Asociación Maya UK'UX B'E erakundeko kide den Edgar de Leon abokatuak emango du hitzaldia, eta Guatemalan lurra eta ibaiaren defentsan bizitzen ari diren egoera izango du hizpide.

Aldaketa klimatikoari aurre egiteko Tokiko Planaren zirriborroaren aurkezpena:

Tolosako Udala Aldaketa Klimatikoari aurre egiteko garatzen ari den planaren aurkezpena egingo dute. Zirriborroa aurkeztuko diete herritarrei, irailaren 29an, 18:30etik aurrera, udaletxeko batzar aretoan. Herritarrek ekarpenak egiteko epea irekiko dute ere.

Aldaketa globala eta landare inbaditzaileak ibilbide gidatua:

Idoia Biurrun botanikari tolosarrak, Tolosan eta Ibarran zehar egingo den ibilbidean zehar dauden hainbat landare espezie inbaditzaileen inguruko bitxikeriak kontatuko ditu, hala nola, nondik etorri diren, nola, zein kalte ekologiko eta sozioekonomiko eragiten duten, eta zer egin dezakegun beren hedapena geldiarazteko. Bide batez, ibilbidean zehar,  inbasio biologikoei buruzko hainbat azalpen orokor eskainiko ditu, esaterako, biodibertsitatea arriskuan jartzen duten bigarren eragilea direla, aldaketa globalaren atzetik, izan ere, bi gertaera hauek, aldaketa globala eta inbasio biologikoak, estuki loturik daude.

Idoia Biurrun irakaslea da Euskal Herriko Unibertsitatean. Bere ikerketa-esparrua landarediaren azterketa da, hau da, baso, larre eta beste hainbat habitaten dibertsitatearen eta ekologiaren azterketa. Aldaketa globalak habitat natural eta seminaturaletan duen eragina da bere aztergai
nagusietako bat. Landare inbaditzaileen hedapenaren kausak aztertu eta landare hauek ekosistematan duten eragina ebaluatzen duten hainbat lan argitaratu ditu.
Ibilbide gidatua urriaren 3an izango da eta bi ordu inguruko iraupena izango du. 11:00etan aterako dira Skate Parke ondoko zubitik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!