Alokairu ordainketa errazteko diru laguntzak emango ditu Tolosako Udalak

Tolosaldeko Ataria 2021ko ira. 22a, 16:00

Diru laguntza berria 18 eta 35 urte bitarteko gazteei eta behar bereziak izan ditzaketen herritar eta familiar tolosarrei dago zuzenduta; eskaera, ostiraletik hasita, azaroaren 9a bitartean egin ahalko da.

Alokairu ordainketa errazteko diru laguntzak eskainiko ditu Tolosako Udalak, lehen aldiz. Eskaerak ostiraletik hasi eta azaroaren 9a bitarte egin ahalko dira, aurrez aurre UDATEn edota telematikoki udalaren webgunean.

Laguntza hori etxebizitzarik jabetzan ez duten eta alokairuan bizi diren tolosarrei zuzenduta daudela azaldu du Xabier Balerdi Etxebizitza saileko zinegotzi arduradunak. Hauexei hain zuzen: 18 eta 35 urte bitarteko tolosarrei, eta baita behar bereziak dituzten herritar eta familiei ere, besteak beste, banandu eta familia gurasobakarrei.

Diru laguntza jasotzeko eskatzaileek honako baldintzak bete beharko dituzte, besteak beste: Tolosan erroldatuta egotea, etxebizitza Tolosan kokatuta egotea edota alokatutako etxebizitzak gutxieneko bizigarritasun baldintzak betetzea.

Era berean, bizikidetza unitatearen diru sarrerak kontuan izango dira:

  • Bizitza unitateko urteko diru sarrera gordinak gutxienez 3.000 eurokoak izango dira.
  • Onuradun bakarra den kasuetan, urteko diru sarrera gordinek ezingo dute 28.000 euroko kopurua gainditu.
  • Bi onuradun edo gehiago badira, urteko diru sarrera gordinek ezingo dute 35.000 euroko kopurua gainditu.

Alokairuaren %50, %40, %30 eta %20a ordaintzeko prest agertu da udala: diru sarrerak 15.000 eurora bitartekoak direnean %50a ordainduko du; sarrerak 15.001 eta 21.000 euro artekoak direnean %40a; sarrerak 21.001 eta 30.000 euro artekoak direnean %30a, eta, azkenik, 30.001 eta 35.000 euro arteko sarrerak dituztenei alokairuaren %20.

Hori horrela, gehienez ere 250 euroko laguntza emango da hilean, eta etxebizitza Alde Zaharrean kokatuta badago, 300 eurokoa. "Neurri honekin Alde Zaharra biziberritu eta alde zaharrean hutsik dauden etxebizitzak merkaturatzea lortu nahi da" esan du Balerdik. Alokairu errentek gehienez ere 700 eurokoak izan beharko dute eta ez dute onartuko urtebete baino iraupen txikiagoa duen kontraturik.

Deialdi horretara, 40.000 euroko aurrekontua bideratu dute. Dena den, aurkeztutako eskaeren arabera, 60.000 euroko aurrekontu gehigarria onartu ahal izango da, dagokion aurrekontu aldaketa onartu ondoren.

Etxebizitza eskubidea bermatzeko

Olatz Peon Tolosako alkateak esan du etxebizitza "lan lerro garrantzitsu bezain estrategikoa" dela, "tolosarrei etxebizitza eskubidea bermatu eta alor honetan aukera berriak eskaintzea lehentasunezkoa delako".

Zentzu horretan, gogorarazi du etxebizitza hutsen eta etxebizitza beharren inguruko azterketa egin zela lehendabizi, "Tolosako errealitatea zehazki ezagutzeko, besteak beste, etxebizitza hutsen egoera, horien kokapena, etxebizitza eskatzaileen profilak jakiteko", eta azterketaren ondorioak kontuan hartuta hartu dituzte neurriak. Esan dutenez, azterketa horretan, Tolosan 253 etxebizitza huts daudela jaso dute.

Bi noranzkotan ari da udala lanean, Peonen arabera: batetik, hirigintza garapena sustatzen, etxebizitza parkea handitzeko, eta bestetik, alokairua sustatzen, hutsik dauden etxebizitzak merkaturatzeko eta gazteen emantzipazioa erraztu eta bultzatzeko, "tolosar guztiek izan dezaten beren bizitza proiektua bertan garatzeko aukera".

Peonek gogoratu du Euskal Herria plazako gazteentzako bizitokiak bete direla dagoeneko eta Agaramunduko Babes Ofizialeko etxebizitzen zozketa ere egin dela. Urtea amaitu aurretik, gainera, Alokabiderekin hitzarmena berritzea aurreikusi du udalak, Bizigune programa sustatu eta etxebizitza hutsak birgaitzeko diru laguntza martxan jartzeko. "Visesarekin elkarlanean, Amarotzen gizarte alokairura bideratutako etxebizitza eraikitzeko lanean ere bagabiltza", gaineratu du alkateak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!