Hodei Truk bueltan da

Asier Imaz / Irati Saizar 2021ko ira. 22a, 12:58

Urte batzuetako atsedenaldiaren ostean, zuzendari berriarekin dator Tolosako abesbatza; Shrabani Aranzabek zuzenduko du taldea eta David Azurza izango da koordinatzailea.

Tolosako Hodei Truk haur eta gazte abesbatzak urte batzuk egin ditu geldirik eta ikasturte berriarekin batera eraberrituta dator. Kasu honetan, gainera, zuzendari berria izango du abesbatzak: Shrabani Aranzabe. Ia 30 urtez zuzendari aritu den David Azurzak eman dio lekukoa, baina ez doa urrutira, abesbatzako koordinatzaile postua hartu baitu.

2014 inguruan hartu zuen atseden Hodei Trukek, Azurzak azaldu duenez, «laneko antolaketagatik» ezin izan zuelako proiektuarekin jarraitu. Baina orain ilusioz hartu dute erronka, eta 6 eta 14 urte arteko haur eta gaztetxoen bila ari dira, abesbatza osatu ahal izateko. Abesbatzan izena eman nahi duenak hodeitruk@gmail.com helbidera idatzi beharko du edo bestela 662 285 417 zenbakira deitu. Azaldu dutenez, gaztetxoek probatzeko aukera izango dute lehenik, abesbatza barnetik ezagutu dezaten. Gutxienez 15 gazte elkartu nahi dituzte, eta behin lanean hasita, taldea osatzen joatea da asmoa.

Entseguetarako lekua mantendu egin dute, Topic-en egingo dituzte, arratsaldez, 17:30etik 19:00etara.

"Edonork balio du kantatzeko. Gauza guztietan bezala, prestatuta edonork abestu dezake, ez badu behintzat ahots arazo larriren bat", esan du Aranzabek. Azurzak gaineratu du "interesa, ilusioa eta gogoa" izanez gero, ondorengoa erraz egiten dela. Gutxieneko abeslari kopuru bat lortzen badute, martxan jarri eta Eguberrietan kontzertu txiki bat ematea jarri dute helburuen artean: "Hodeiertz abesbatzaren eskutik goaz, eta bien artean osatuko genuke kontzertua edo zerbait eginez beraien kontzertuan hartuko genuke parte".

Martxan jarri nahi duten proiektua beste ikuspegi batekin egin nahi dute. Kantatu bakarrik ez, "abesbatza puntu bat harago eraman eta eszena mailako lan pixka bat egitea" darabilte buruan, Azurzak azaldu duenez. Urtarriletik aurrera proiektu potoloago batean sartzeko asmoa dute, baina ez dute gehiegi aurreratu: "Ideia oso berezi bat dugu, koru batentzat oso interesgarria izan daitekeen proiektu bat da; joango gara zehazten aurrerago".

Zuzentzetik koordinaziora

Hodei Truk abesbatzak 1987an ekin zion ibilbideari, David Azurza zuzendariaren eskutik. 27 urte inguru taldearekin lanean aritu ostean, etenaldia egin du abesbatzak eta indarberrituta bueltatu da ikasturte berriari ekitera. Orain, ordea, koordinatzaile lanetan ariko da. "Esperientzia luzea izan dut zuzendari moduan, eta orain Euskal Herriko Abesbatzen Elkarteko koordinatzaile lanetan nabil eta Hodei Truken ere lan horretan jarraituko dut", esan du Azurzak.

Koordinatu eta proiektuak hausnartu eta diseinatu egingo ditu, besteak beste, baina zuzendari berriari laguntza emateko ere gertu izango da, Aranzabek azaldu duenez: "Lekukoa eman didana aldamenean izatea niretzat garrantzitsua da, nirekin egongo da, eta beti dago laguntzeko". Ilusioz eta lanerako prest hartu du kargua Aranzabek: "Koruen munduan erreferente bat da David eta bere lekukoa hartzea erantzukizun handia da niretzat".

Hodei Truken abesten parte hartutakoa da Aranzabe, hainbat urtez: "Lehendik beste abesbatza batean aritu nintzen, baina ilusioa sortu zidana Hodei Truk izan zen, abesbatza finko bat topatu nuen, proiektu oso potoloak zituena; hori izan zen abesbatza mundura lotu ninduena".

Abesbatza martxan izan den urte guztietan ehunka haur pasa direla gogoratu du Azurzak, urtero, 30 edo 40 ume inguru izaten baitzituzten. "Haurrek daukaten freskotasuna eta naturaltasuna da baloratzen dena; errepertorioa arinagoa da, normalean alaiagoa, bai ikusteko eta baita entzuteko ere; jendeak asko eskertzen du", gehitu du. Haurren korua "dinamikoa eta freskoa" izan dadin egin du lan orain arte, koreografiak eta mugimenduak sartuz, espresioa landuz eta gorputzeko lanketa eginez.

Jendeak koruekiko duen pertzepzioa bestelakoa dela ere aipatu dute. Aranzabek esan du askok pentsatzen dutela koruan kantatzea elizako kontu bat dela, "baina ez dauka zerikusirik". Azurzak esan du "abesteko leku hoberenak elizak" direla, eta nahiz eta askotan kontzertuak elizetan egin, ez duela esan nahi loturarik badutenik. Pertzepzio horretatik urrun, jendeak abesbatza batean abestea zer den probatzen duenean beste gauza bat dela konturatzen direla esan dute.

Ohiturak galtzen

Pena puntu batekin dio Azurzak kantatzeko joera galtzen ari dela: "Beste modu batzuk daude orain; lehen edozein bazkari edo afari abestuz amaitzen ziren eta hori galtzen ari da, eta orain, musika jartzen da, oso altu, bafle bidez; horrekin arlo bat betetzen da baina bestea ez".

Koruek daukaten gauza bereziena "alde gizatiarra" da, Aranzaberen arabera. "Guk ez daukagu instrumenturik, ahotsa erabiltzen dugu, ahots propioa da musika egiten duena". Eta bere lana horren guztiaren kohesioa lortu ahal izatea da, "ez gainetik, ez azpitik egonik, bidelaguna izatea".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!