Duela bizpahiru bat hilabete, Albaniako trenei buruz hitz egiten zuen dokumental bat ikusi ondoren hartu nuen bertara bidaiatzeko erabakia, argazki erreportaje bat egiteko asmoz. Bidaia telesail hartako protagonistak zioen bezala, Albaniako trenek garraiobide bat baino gehiago, bertakoek disfrutatzeko atrakzio bat dirudite.
Tirana hiriburutik, 10 km-tara kokatua dagoen tren geltoki nagusia, eraikin txiki bat besterik ez da txartelak erosteko bi leihatilez osatua. Iritsi orduko sumatu genuen begirada guztiak gure gain genituela, galdetu ere egin ziguten zergatik trena aukeratu, askoz ere eroso eta azkarragoa den autobusean bidaiatu beharrean. «Historia interesgarria duelako eta aurki desagertu egingo delako», erantzuten nien nik argazki kamera eskuetan nuela.
Desagertu, edo gutxienez trenak berritu, pentsatu nuen neurekiko. Berrogei bagoi herdoildu besterik ez baitituzte, gehienak hirurogeiko hamarkadan Italian edo Alemanian eraikiak. Hauek garraiatzeko, hogeita hamar urteko ibilbidea duten bederatzi tren-makina txekoslovakiar. Leihatiletako kristal gehienak hautsiak daude, askotan umeek harriak jaurtikitzen dituztelako. Istripurik gerta ez dadin, tren-gidariak, bidaia osoan zehar, bozina jotzen du eta mantsoago gidatu, ezustekorik gertatuz gero geldiarazteko denbora izan dezan. Beraz 35 km orduko abiaduran ia hobe da paisaiaz gozatzeko bururik ez ateratzea, gertatutako ezbeharrak bat baino gehiago izan baitira.
Egia esan niretzat, egin genituen hiru bidaiak hunkigarriak izan ziren, agian albaniarrak oso atseginak direlako edo argazkilari batentzat estetika ezin politagoa zelako
Egia esan niretzat, egin genituen hiru bidaiak hunkigarriak izan ziren, agian albaniarrak oso atseginak direlako edo argazkilari batentzat estetika ezin politagoa zelako. Esan beharra daukat trena izorratu ere egin zela, ordutegiak ez direla gehiegi errespetatzen, eta dituen lau linea desberdinetatik bakarra zegoela martxan. Guzti honek bere xarma ere badu ordea, iraganera bidai bat, albaniar komunismo garaira hurbilduko gaituen ibilbide polit bat… Presik gabe, lasai…
Denbora gelditzen baita Albanian, oasi eder ezezagun bat bizi dugun pandemia nekagarri honen barnean.