Tolosa urdinez jantzi da

Leyre Carrasco 2021eko irailaren 19a

Tolosaldeko traineruari ongi etorria emanez, jendetza bildu da Portugaleteko erlojupeko garaipena eta Euskotren Ligarako igoera ospatzeko Tolosan.

Euskotren Ligan izango da datorren denboraldian Tolosaldea trainerua, play-offaren bi egunetan gailendu ondoren. Eskualdetik babesa eta berotasuna jaso dute denboraldi guztian zehar, eta gaurkoan ere ez zaie hori faltatu. Izan ere, jendetza bildu da Tolosako udaletxeko atarian Tolosaldeko traineruko kideei ongi etorria emateko. Arraunlariek ere eskertu dute babesa, eta hauek iaz eta aurtengoan lortutako bandera guztiak gogo handiz astindu dituzte udaletxeko balkoitik.

Arraunlariak ez ezik, Patxi Frances entrenatzailea ere guztiz hunkitu da gaurkoan. "Talde handia da, arraunlari talde handia, giza talde handia". Hitz horiekin definitu du bere taldea entrenatzaileak. "Hau guztiaren atzetik lan asko dago, eta haiek dira klubaren eta taldearen buru ikusgarriak. Oso talde gaztea da, eta nire ustez taldeak aurrera egiten jarraitzen badu, orain arte lortu duena baino lorpen hobeak izan ditzake", gehitu du Francesek.

Horretarako, Tolosa eta eskualde osoaren babesa izaten jarraitu behar dutela eskatu du: "Tolosako herriak arraun-talde handia du, eta talde honekin ilusioa izan behar du. Uste dut hasi besterik ez dela egin, eta zailtasunak datorren urtetik aurrera datozela. Horregatik, hazten jarraitu nahi badugu herriaren laguntza osoa beharko dugu".

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!