Tolosaldeko traineruak Hondarribiaren lekua hartuko du, play-offaren bi egunetan gailendu ondoren. Eskualdeko ontziak larunbatean irabazi zuen Bermeon, eta gaur goizean berriro irabazi du Portugaleteko erlojuaren kontrako partidan, Euskotren Ligarako jokoan dagoen plaza bakarra eskuratuz.
Zortzi punturekin eskuratu du Tolosaldeak play-offeko lehen postua. Deustuk eta Hondarribiak bost puntu lortu dituzte, baina bizkaitarrek bigarrengo postua eskuratu dute Bidasotarrek baino denbora orokor hobea baitute. Eta Cabo, Galiziako Ligako txapelduna, bi punturekin amaitu du azken postuan.
Hondarribiak Euskotren Liga utziko du lau urteren buruan goreneko mailan egon ostean, eta bere lekua hartuko du Tolosaldeak.
Aurrera begira, indartsu
Konfiantza ez zaie faltatu gaurko lehian, eta garaipena ez ezik, igoera ere lortu dute Tolosaldeakoek. Oraindik sinistu gabe badaude ere, eurengan sinisten jarraituko dutela adierazi du Aiora Sorozabalek, Tolosaldea traineruko patroiak ETBn egindako adierazpenetan: "Maila handia dago goran, eta nik uste oraindik ez dugula sinisten lortu duguna eta nora goazen. Joango gara pixkanaka ikusten eta ea gauzak uste baino hobeto joaten diren".
Orain arteko martxa galdu gabe, lanean jarraituko dutela dio Kike Mokoroa TAK klubeko ordezkariak: "Guk argi daukagu iparra non dagoen, guk harrobia lantzen dugu, bateletan hor ibiltzen gara gero trainerura iristeko. Honek ez gaitu gure bidetik atera behar, apaltasunez eta aurrera begiratuz".
Argazkiak: Agerremedia