Mugikortasun jasangarria sustatzeko jarduerak antolatu dituzte

Eneritz Maiz Etxarri 2021ko ira. 17a, 18:00

Mugikortasun Astearen barruan eta jasangarritasuna sustatzeko helburuarekin Tolosako Udalak ekimen ezberdinak antolatu ditu. Hilaren 16tik 22ra izango da, eta Zumardia elkarteak ere parte hartuko du. Besteak beste, bide heziketa saioak, bigarren eskuko bizikleten azoka eta Bizikletaz adinik ez ekimena egingo dituzte.

Tolosako Udalak herri jasangarriagoa izateko lanean jarraitzen du, eta politika berdeen aldeko apustuko argia egiten dutela esan du Patxi Amantegi zinegotziak. Mugikortasun Astea aurkeztu dute, eta mugikortasun eredu berriak eta jasangarriak sustatzen, oinezkoentzako espazioak berreskuratzen eta egokitzen, eta ahal denean handitzen ari direla aurreratu du. Azken batean, garraio estrategia jasangarriak sustatu nahi dituzte udaletik. Europa mailan, hilaren 16tik 22ra ospatzen da Mugikortasun Astea.

"Aldaketa klimatikoari tokikotasunetik eta era integralean erantzun behar diogula sinetsita gaude", adierazi du Amantegik, eta "mugikortasun jasangarriaren bidean mugikortasun plan berria, guretzat estrategikoa dena, jada martxan daukagu".  "Garraio publikoa indartu eta hobetu beharreko lan ildoa izanik, garraiobide jasangarriagoak erabiltzeak onura izugarriak dakartzalako osasun ikuspegitik, eta baita ingurugiro ikuspegitik ere", gaineratu du.

Hiribus elektrikoa ezarri dutela herrian azpimarratu du Amantegik: "Herritarrei eskainitako zerbitzua hobetzeko". Autobusaren ibilbidea eta ordutegien aldaketak txertatzeko aukera aztertzen ari direla dagoeneko azaldu du. Hiribusa Mugi txartelean txertatzeko lanean ari direla ere esan du: "Mugikortasun jasangarriaren aldeko apustu honetan, Mugikortasun Astea aukera ezin hobea da, herritarren artean mugikortasun eredu berriak sustatzeko, herritarrak sentsibilizatzeko eta elkarrekin alor honetan aurrera pausuak emateko".

Ekitaldi ezberdinak antolatu dituzte datozen egunetarako, eta horren berri udaleko teknikaria den Iñigo Muñozek eman du. Hilaren 25ean, larunbatean, azoka berezia egingo dute Zumardiaundia parkean, Zumardia elkartearen laguntzarekin.

Zumardia elkartea azken urteetan kirola eta naturarekin lotutako aktibitateetan zentratuta ari da lanean. Kasu honetan, bigarren eskuko bizikleten azoka antolatu dute hilaren 25ean, eta tartean tailerra eta txangoa ere egingo dituzte. "Materiala, posible bada, egunean bertan jasoko genuke", esan du Iker Kortejarena Zumardia elkarteko kideak. 09:00etan hasiko dira materiala jasotzen, eta 10:00etan irekiko dute azoka, 14:00ak bitarte. Tartean, 12:00etan, bizikletako tailerra egingo dute. Bizikletak nola mantendu, bizikleta zaharrei bizitza nola luzatu... erakutsiko diete bertaratzen direnei, eta txango bat ere egingo dute, 10:30ean. "Ibilbide erraza izango da", gaineratu du Kortejarenak.

Bizikletak, patineteak, skateak, patinak edo gai bereko materiala da eraman daitekeena, eta egunean bertan eraman ezin dutenentzat, asteartean, hilaren 21ean, Zerkausian egongo dira materiala jasotzen. 10:00etatik 12:00etara, eta arratsaldean, 18:00etatik 20:00etara jasoko dute materiala.

Bide heziketa

Bestetik, ikasleei begira bide heziketaren inguruko saio batzuk antolatu dituztela. "Gazteak sarritan patinekin arrisku egoerak sortuz ibiltzen dira, eta horiek ekiditeko saio berezi batzuk antolatu ditugu", zehaztu du teknikariak. Horretarako material didaktikoa sortu dute, eta Tolosako ingurumen Zentroaren bitartez landuko dituzte ikastetxeetan. "Gehienbat aurten 6. mailakoei egokituta dago", gehitu du Muñozek.

Horrez gain, garraio publikoari garrantzi berezia eman nahi izan diote. Eskualde mailan dagoen garraio publikoko zerbitzuen egutegiak eta ordutegiak publikatzea aurreikusi dute Tolosako Udaleko web orrian. "Denen eskura izateko. Eta ez bakarrik Tolosatik pasatzen den hiribusarena, baizik eta lotura guztiak, hau da, eskualdeko beste herrietara edo Donostiara joateko", gehitu du Muñozek.

Ekimen berria

Bizikletan adinik ez ekimen berria jarriko dute martxan, hilaren 29an.. Adinekoei eta aniztasun funtzional dutenei bizikleta gerturatu nahi diete. "Triziklo berezi batzuk ekarriko dituzte gidari batekin, mugikortasun arazoak dituzten pertsonak buelta bat eman ahal izateko". Mugi ekimenaren barruan egingo dute, eta Real Sociedad Fundazioaren lankidetzari esker izango da.     

Bukatzeko, hilaren 22a, asteazkena, nazioarteko autorik gabeko eguna dela ekarri du gogora Amantegik.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!