Urtebete baino gehiago, bakardadeari harremanak ehuntzen

Josu Artutxa Dorronsoro 2021ko ira. 16a, 17:59

Iaz, adiskidetasun harremanen bitartez bakardade egoeran dauden adinekoen ongizatea hobetzea helburu duen Adinkide programa jarri zen martxan Tolosan; une honetan, 14 boluntariok eta adineko 10 herritarrek osatzen dute taldea.

Gipuzkoako Foru Aldundiak, 2018an jarri zuen martxan Adinkide programa, bakardade egoeran dauden adineko pertsonei laguntza emateko. Iazko martxoan, pandemiaren hasierarekin batera, Tolosan hasi zuen bere ibilbidea, eta urte eta erdiz bakarrik sentitzen diren herritarrei laguntza eskaini ondoren, laguntza programako kideek eta Tolosako Udalak egoeraren balantzea egin dute.

Elkarlan publiko-komunitariotik jarri zuten martxan Adinkide programa Tolosan, zahartze aktibo eta osasungarrirako estrategiaren barruan kokatuz. "Aspalditik bultzatzen ari gara, adinekoen ongizatea eta autonomia bermatzeko eta herritarren zahartzearen erronkari erantzuteko, lehen mailako erronka baita", adierazi du Olatz Peon alkateak, eta jakinarazi du 2031rako biztanleriaren %46a 55 urtetik gorakoa izango dela. 

Alkateak gaineratu duenez, "udalak urteak daramatza alor honetan lanean, herritarren egungo zein etorkizuneko beharrei erantzuteko estrategiak eta gizarte-politikak garatzen eta bultzatzen, ekimen edo zerbitzu berriak abian jarriz". Etxez etxeko arreta zerbitzua indartu berri dute, eta aurreratu duenez, "hobekuntza garrantzitsuak" txertatuko dituzte eguneko arreta zerbitzuan. "Lehentasunezkoa da zahartzearen gaia prebentziotik eta osasunaren sustapenetik ere jorratzea", ondorioztatu du 

Larunbatean, azokara

Gipuzkoa mailako laguntza programa honek talde propioa du Tolosan. 14 boluntariok eta adineko 10 herritarrek osatzen dute, eta Maria Carpintero da bertako arduraduna. Urte eta erdian, 28 gizarteratze-jarduera egin dituztela azaldu du, guztiak ere, adinekoen iritziak eta proposamenak kontuan hartuta. Besteak beste, ibilaldiak, musika-kontzertuak edo antzerkirako bisitak egin dituzte, eta larunbat honetan, Tolosako Azokara bisitatuko dutela aurreratu du Carpinterok. 

Bakardade egoerak, herritar ororen, baina bereziki adinekoen, osasun fisiko eta mentalean eragiten du. Hori dela eta, adiskidetasun harremanak sustatzen ditu programak, bakardadeari aurre egiteko. Boluntarioak astean 2 orduz biltzen dira adinekoekin paseatzeko eta hitz egiteko; horrela, konfiantzazko eta adiskidetasunezko lotura afektiboak sortzen dira. "Programa malgua bada ere, jarduerak adinekoak bizi diren tokitik kanpo egitea sustatzen da, sozializazioa eta udalerrian adinekoen parte-hartzea sustatzeko", gaineratu du arduradunak.

Bakardadea kudeatzen ikasteko

Aipatu bezala, 14 boluntariok hartzen dute parte Tolosako taldean; Mireia Carceller da horietako bat eta 86 urte dituen Mari Carmen emakume tolosarrarekin egoten da. "Oso positiboki" baloratu du esperientzia, eta aitortu du Mari Carmenekin adiskidetasun-harremana ehuntzen ari dela. "Adinkideko boluntariotza malgua eta aberasgarria da". Guzti horregatik, programan parte hartzera animatzen ditu tolosarrak. "Zure inguruan bizi diren adinekoak, osasun, bizi-kalitate, konpainia eta duintasun gehiagorekin zahartu daitezen laguntzen duzu. Garrantzitsua da belaunaldien arteko eta komunitateko kideen arteko harremanak ehuntzea".

Horrez gain, ekimen honek herritar oro bere zahartzarora "aurreiritzirik gabe" hurbiltzen dituela adierazi du boluntarioak. "Gaur zahartzaroari buruz ditugun estereotipoak eraisten ditu, bakardadea kudeatzen ere ikasiz. Izan ere, proiekzio demografiko eta soziologikoei erreparatuz gero, jakina da gaur gazteagoak garenak, bihar adineko pertsonak izango garela, eta gehiago biziko garen arren, bakartiago ere biziko garela, gizartea gero eta bakartiagoa, indibidualistagoa eta inpertsonalagoa delako”. 

Programaren inguruan zalantzaren bat argitu nahi duten herritarrek, Emterio Arrese kalean (erretirodunen egoitzan) dagoen bulegora gerturatu, 676 197 354 telefono zenbakira deitu edo tolosa@adinkide.org helbide elektronikora idatzi dezakete, ondorengo ordutegian: astelehen eta asteazkenetan 10:00etatik 14:00etara, eta ostegunetan 15:00etatik 19:00etara. Adinkide.org webgunean ere eskuratu daiteke informazio osagarria.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!