Drogen arrisku murrizketaren inguruko formakuntza saioa egingo dute Tolosan

Ataria 2021eko irailaren 16a

Gazteen kontsumitzeko moduak aztertu eta prebentzio eragingarria lortzeko pausoak ematea izango da helburua; irailaren 29an eta 30ean izango dira saioak eta hilaren 24a baino lehen eman behar da izena.

Gazteekin lan egiten duten profesionalei zuzendutako formakuntza saioa egingo da Tolosan, drogen arrisku murrizketaren inguruan. Ikastaroa irailaren 29an eta 30ean izango da kultur etxean, eta hilaren 24ra bitarte eman daiteke izena, galdetegi hau betez. Bi ordutegi ematen dira aukeran, gehiengoak ahal duenean egingo da formakuntza saioa.

Eusko Jaurlaritzak antolatu du ikastaroa eta Hazkunde elkarteko kideek zuzenduko dituzte saioak. Gaur egun gazteek kontsumitzeko dituzten moduak aztertzea eta prebentzio eragingarria lortzeko oinarrizko irizpideen berri ematea izango dira saioen helburu nagusiak. Metodologiari dagokionez, edukiaren azalpen teorikoa egingo da eta prebentziorako materiala banatuko da. Ariketa didaktikoak ere egingo dira, edukiak barneratzen laguntzeko.

Honakoak dira ikastaroan landuko diren gaiak: arriskua murrizteko prebentzioaren ikuspuntua, arduraz kontsumitzea prebentziorako bidea, drogak eta hauen ondorioak, aisialdia, drogak eta giza harremanak, kontsumitzeko moduan gazteetan, lege ikuspegia, ikusgai ageri diren ondorioak eta sintomatologia, substantziak hutsik eta nahasirik kontsumitzearen eraginak, gehiegizko kontsumoa eta bere arriskuak, lan istripuen prebentzioa, droga eta motordun ibilgailuen erabilera, lehen laguntza, drogen salerosketa, hedabideak eta droga kontsumoa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!