Elkarrizketa

«Estetika landuko dugu gehien, eta begiekin jolasean ariko gara»

Josu Artutxa Dorronsoro 2021ko ira. 16a, 13:59

Jabetze Eskolan lehen aldiz eskainiko du argazkilaritza ikastaroa. «Pozez gainezka» dago, ezinbestekoa iruditzen baitzaio irudi oro emakumeen ikuspegitik lantzea: «Oraindik urrun gaude berdintasunaren errealitatetik».

Hemen edo han, lanean edo oporrez gozatzen, baina beti kamera eskuan. Hala ikusi ohi dugu Ura Iturralde (Tolosa, 1979) argazkilaria, eta hala ibiliko da datozen hilabeteetan, Tolosako kultur etxean. Irailaren 28tik aurrera, zortzi saioko (astearte arratsaldeetan) ikastaroa eskainiko du Jabetze Eskolaren barruan.

Zuretzat ez da argazkilaritza tailer bat eskainiko duzun lehen aldia izango, ezta?

Ez. Alde horretatik, ez da zerbait berria izango. Hala ere, Jabetze Eskola bezalako dinamika garrantzitsu batean izango denez, berezia izango da, eta gainera, bada ezberdintasun bat. Nik ez dizkiet kamera erabiltzeko teknikak erakutsiko. Nire laguntza izango dute noski, baina beste ikuspegi bat izango du. Ez da ikastaro trinko bat izango, metodologia teoriko batean oinarritutakoa; beste modu batera antolatu dut tailerra.

Ez naiz teknikaren zale amorratua. Askotan bost axola dit argazki bat bikain enfokatuta egoteak. Orain arte izan ditudan ikasleek arreta handiagoa jarri ohi dute horretan, baina niri gehiago erakartzen naute argazkiaren ideiak edota esanahiak. Horregatik, estetika landuko dugu gehien eta begiekin ariko gara jolasean. Ondorioz, ohiko argazkilaritza tailerretatik aldentzen da nire proposamena.

Zer irakatsiko duzu bertan?

Nik argazkilaritza ikastaroetan parte hartzen nuenean, gizonezko argazkilarien lanak erakusten zizkiguten, baina tailer honetan, emakume argazkilarien lan ugari ezagutuko ditugu. Horien inguruan hitz egingo dugu, eta hainbat galdera egingo dizkiogu gure buruari: Non gaude? Zergatik dira beraiek gehiengoa? Horri erantzunez, Baffest argazki lehiaketa edo No sin fotografas proiektua ere ezagutaraziko dizkiet parte hartzaileei.

Zein izango da helburu nagusia?

Ezinbestekoa iruditzen zait emakumezko argazkilarien lanen ugaritasunaz jabetzea. Orain arte gidatu ditudan ikastaroetan, ikasleei erakutsi izan dizkiedan lanen gehiengoa emakumezkoena da. Hala ere, goi mailako argazkilaritzan erabat aldatzen da ehuneko hori. Ez dakigu bidean zer gertatzen den.

Ez du axola zure mailak. Horrela dio tailerrera partaideak erakartzeko mezuak. Hastapen ikastaroa izango da beraz?

Ez du zerikusirik. Parte hartzaile bakoitzak, duen mailarekin egingo ditu argazkiak. Laguntza behar dutenean, banan bana joango naiz zalantzak argitzera. Lehen esan bezala, begia lantzeko interesa dut. Norberaren mailak axola ez duen bezala, argazki kamera motak ere ez du baldintzarik bete beharko. Punta-puntako kamera batek ez du bikaintasuna ziurtatzen; mugikorrarekin ere irudi ederrak lortu daitezke. Ikastaro honen kasuan, argazki kamerarekin ariko gara lanean.

Nahikoak izango al dira zortzi saioak?

Etxerako lan ugari bidaliko dizkiet ikasleei. [Barreak] Ikastaroa amaitzerako, gainera, erakusketa bat prestatzea da asmoa, eta beraz, lan txukuna egin nahi dut.

Zein motatako erakusketa?

Festetan emakumeen parte-hartzea islatzen duten irudiekin osatutako erakusketa bat osatzea zen hasierako asmoa, batez ere, inauterietan. Egungo egoerak, ordea, ez du festak ospatzea bermatzen, eta beraz, baliteke buruan dugun ideia hori aldatu behar izatea. Talde bat osatuko dugu guztion artean, sentimenduak eta iritziak partekatuko ditugu, eta beraz, ez dut zalantzarik ideia berritzaile eta egingarriak sortuko direla ikastaroan zehar.

Zer espero duzu ikasleengandik?

Ikasle askok, argazkiren bat mugituta dagoela ikustean, ezabatu egiten dute. Zergatik? Galdetzen diet nik. Gainera, askotan, nire gustukoenak izaten dira, sormen handikoak izaten direlako. Hortaz, partaideei eskertuko nieke ikuspegia gehiago zabaltzea, argazkiaren esanahia gehiago lantzeko. Batzuetan, teknikarekin obsesionatuta bizi garela iruditzen zait; gainera, argazkilaritza guztiz subjektiboa da. Nor naiz ni argazki bat ona ala txarra den esateko?

Urrian, gainera, Gazte Topagunean ere ariko zara ikastaro bat eskaintzen.

Ez du zerikusirik izango. Telefono mugikorrekin irudiei ukituak ematen ikasteko tailerra izango da, 16 eta 35 urte bitarteko gazteentzat. Instagram eta bestelako sare sozialetan gazteek erabili ohi dituzten filtro narrasak ekiditea da asmoa; izan ere, badira argazkilari profesionalek erabiltzen dituzten aplikazio edo programak, argazkia oso txukun uzten dutenak, asko hobetzen dutenak.

Zu, ordea, ia maiztasun handiagoarekin ibiltzen zara Tolosatik kanpo, herrian bertan baino. Orain ere nonbait zabiltza, ezta?

Bai. Iranera joan nahi nuen berriz, baina ezarritako neurriak direla eta ezinezkoa izan zen bertara bidaiatzea. Albanian izan nintzen uztailean, Komunismo garaiko trenen inguruko erreportaje bat lantzen. Orain, berriz, Montenegron nago, erreportaje turistiko bat osatzen. Ezinezkoa zait oporretara joan eta ezer egin gabe geratzea.

 

2022KO EGUTEGIA OSATZEKO IRUDIAK AUKERATZEN

Azken urteetan, Tolosanklisk argazki lehiaketak antolatu ohi duen egutegia osatzeko argazki lehiaketan, epaimahaikide izan da Iturralde. Aurtengo edizioan, oraindik ez daki zeregin bera izango duen ala ez. Orain, herritarren txanda da; irailaren 26ra bitarte dute 2022ko hilabeteak ilustratuko dituzten irudiak bidaltzeko aukera. Tolosa.eus webguneko Tolosanklisk web-orriaren bitartez egin behar da bidalketa.

Orain arteko edizioetan, herritarren artean argazkilaritzarako zaletasuna ugaritu dela aitortu du: «Tolosarren eta argazkilaritzaren artean askotariko harremanekin egin izan dut topo: teknika onekoak, sortzaileak, umore ukitukoak, argazki mota ezberdinak lantzen dituztenak...». Bizitza da aurtengo gaia. «Hilabeteroko orrialdea bizitzaren bulkada izatea nahi da, bolada goibelaren beste aldea», esan dute udaletik. «Nire kasuan, originaltasuna saritu izan dut aurreko urteetan. Aurtengo gaia hain zabala izanik, pentsa zenbat argazki eta zein ezberdinak bidali ahalko dituzten», adierazi du Iturraldek.

Erlazionatuak

"Argazkilaritza guztiz subjektiboa da"

Tolosaldeko Ataria 2021 ira 16 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!