Euskal Herriko Gazte Orkestraren sorreran parte hartu zenuen, 1997 inguruan, eta orain berriro hartu duzu taldea, kasu honetan, koordinatzaile moduan. Zer moduz zabiltza lan horretan?
Oso ondo egia esan, gustura. Gaur egun gure gazteek daukaten maila kontuan hartu beharko genuke; izan ere, 1997ko eta gaur egungo agertokiek ez dute zerikusirik. Gauza asko gertatu dira herri honetan, eta musikaren kasuan onerako izan da. Azpimarratzekoa da, askotan islarik ez duen baina izugarriko lana egiten ari diren irakasleen lana, eta baita herri txikietako musika eskolena, kontserbatorioena, eta nola ez, Musikenerena ere. Hasiera haietan ez balitz egon irakasle guzti horien lan isilik, seguruenik gaur egun, maila beste bat izango litzateke. Oso gustura nago, oso motibagarria da gazteekin lan egitea.
Talde handia zaudete atzetik?
Ez pentsa, nahiko talde txikia gara. Kudeaketan hiru pertsona ari gara, eta musikari titularrak 80 dauzkagu, eta ordezkoak ere baditugu; orotara 110 gazte inguru daude. Hori guztia, artistikoki, Ruben Gimenoren zuzendaritzapean.
«Gure gazteek daukaten maila kontuan hartzekoa da; 1997ko eta gaurko agertokiek ez dute zerikusirik»
Nola gogoratzen dituzu hastapen garaiak?
Egoera beste bat zen. Eusko Jaurlaritzako Kultura sailean sortutako behar bat izan zen 1997an, eta hasiera-hasieratik BBK, Kutxa eta Vital fundazioen laguntza izan dugu, ibilbidea elkarrekin egin dugu. Hasierako garaia eromena izan zen; ni momentu horretan Euskadiko orkestra zuzendari nengoen, eta orduz kanpo lan eginda jarri genuen martxan EGO, Juanjo Mena zuzendariarekin batera, ilusio handiz. Datorren urtea garrantzitsua izango da gainera, izan ere, 25. urteurrena beteko du. Ibilbide oso luzea egin du, ia 1.500 gazte pasa dira urte hauetan guztietan eta horrek guztiak bere isla izan du.
Mende laurdena beteko du EGOk. Zertan aldatu da?
Musikarien maila eta heldutasuna aipatuko nituzke. Kontuan izan behar da gazte gehienen adina 20-21 urtekoa dela. Adin muga bezala 25 urte jarri dugu aurten eta azpitik ez dugu mugarik jarri, zeren talentuak adinik ez daukala sinisten dugu; hala ere, badakigu EGOra iristeko adin bat behar dela, maila bat behar delako eta suposatzen da heldutasun puntu bat adinak ematen duela, ikasketa batzuk daudelako atzean.
Gazteen eta gure gizartean eman den musika sektorearen bilakaera nabarmena izan da, nahiz eta gaur egun bizitzen ari garen egoerak zaildu. Zalantzarik gabe esan daiteke maila izugarria dagoela.
Bestalde, azpiegitura ikuspuntutik ere aldatu da. 1997an ez zegoen Kursaal entzutegirik, ez Euskalduna Jauregirik, ez Baluarterik; lehen medioak beste batzuk baitziren. Bilakaera oso ona izan da artistiko eta musika ikuspuntutik.
EGOrekin zer egitea daukazu buruan?
Momentu honetan beste gazte orkestra batzuk ere badaude, eta musika eskolek ere badute beraien lekua. Gure erronketako bat auzolana da, ibilbide hau ezin du EGOk bakarrik egin; azken batean, hezkuntza munduarekin lotura handia dugu eta hor gaude. Orain arte, normalean bi topaketa izaten genituen urtez urte eta aurten bost izango ditugu eta datorren urtean ere beste bost egiteko asmoa daukagu. Nik uste elkarlana behar dugula, bai kontserbatorioekin, eta baita Musikenerekin ere, gure goi mailako musika eskola hori delako. Eta agente ezberdinekin ere bai, jaialdiekin edota zenbait herrirekin, dituzten azpiegiturak medio. Horrek guztiak zuhurtasuna eskatzen du kudeaketan, eta norabideak, misioak eta helburuak garbi edukitzea. Bidaia hori ez dugu bakarrik egin nahi, baizik eta sare bat sortuz eta elkarlanean.
«Jendeak esaten didanean musika hori ez duela ulertzen, nik esaten diet ez dela ulermen kontua. Zer da ulertzea?»
Gazteek gazte izaten jarraituko dute. Nolakoa da haien konpromisoa?
Oso handia da, baina nolabait hori ere geure esku dago. Horretan ere egoera asko aldatu da. Gogoan dut, gaztea nintzenean, ia-ia beharrezkoa zela kanpora ikastera joatea. Nik uste beti dela garrantzitsua kanpora irtetea, baina ez bakarrik kanpora joateagatik, baizik eta ikuspuntu ezberdinak hartzeko edo teknika ezberdinak ikasteko. Horixe baita musikaren handitasuna: musika hor dago idatzita, baina nork esaten du benetan nola egin behar den? Horrek berak asetzen gaitu maila pertsonalean. Emozioak nahasten dira, sentitu egiten da. Jendeak esaten didanean musika hori ez duela ulertzen, nik esaten diet ez dela ulermen kontua. Egia da ulermenak gehiago gozatzeko aukera ematen dizula, baina hau ez da ulertzea edo ez ulertzea. Zer da ulertzea? Geroz eta gehiago dakizun heinean geroz eta gutxiago dakizula konturatzen zara; azkenean, emozioak daudenak dira eta musikak baditu ukiezinak diren aspektu horiek. Kontzertu batean gauza asko geratzen dira, eta aseko zaitu edo ez; hori guztia oso kontuan daukagu eta konpromiso handia dute gazteek.
Gure esku dago proiektu honi balio erantsi bat ematea, diferentziazio puntu bat izatea, esaterako, irakasleen puntutik. Gure fokua hor dago, gehienbat esparru kualitatiboan; hau da, gure erronka ez da geroz eta kontzertu gehiago egitea gehiago egiteagatik, baizik eta oso ondo aukeratzea zuzendari gonbidatuak, edota irakasleak. Izan ere, kontuan izan behar da gazte batek irakasle bat, bi edo hiru dituela, beraz, guk plus hori eman behar diogu gure topaketa bakoitzean, eta alde horretatik, uste dut, eta apaltasunez diot, goi mailako irakasleak ekartzen ari garela, benetan esperientzia duen jendea daukagu, eta hori da nolabaiteko gure kontribuzioa gure gazteekiko.
Ikasleak nola iristen dira EGOra?
Urtero entzunaldiak egiten dira. Ez dakit modurik egokiena den, baina uste dut daudenen artean onena dela, eta gainera, mundu guztian horrela egiten da, nahiz eta azken bi urte hauetan COVID-19a dela eta, modu telematikoan eta bideoen bidez egin. Oinarri batzuk ezartzen ditugu, non errepertorio bat eskatzen den, hortik egiten da hautaketa. Gero, gutxi gorabehera, gazte bat gehienez hiru edo lau urte egoten da orkestran. EGO zubi modukoa da, ikasketetako azken pausoa eta profesionaltasuneko zubia egingo duen plataforma. Ia heren bat gazte aldatzen dira urtero, promozio berriak baitatoz, eta aukerak eman behar dira. Hori da sistema.
Aurtengo urtea nola doa?
Bost topaketa ditugu aurtengorako. Esaterako Soriako jaialdian eta Donostiako Hamabostaldian lehen aldiz izan gara, eta guretzat oso berezia da Errenteriako Musikasten klausurako kontzertua EGOk lehen aldiz eskaintzea.
«Nolabaiteko zubi izaten saiatzen ari gara, gure gazteei lehen esperientziak edukitzen lagundu ahal izateko»
Lehen aldi horietan urduritasun maila handiagoa duzue?
Bai, eta hori da beste esparru bat normalean behar adina lantzen ez dena. Egiten ditugun programaz gain, isla handirik ez duten osagarri batzuk lantzen saiatzen gara. Esaterako, entzunaldi bat nola prestatu. Azken batean, beraien ibilbidean, hori bilatuko dute. Alde horretatik, guk eskatzen ditugun errepertorioak edozein orkestra profesionaletan bilatuko dituztenak dira. Beste gauza bat da mailaren exijentzia. Baina psikologikoki nola aurre egin horrelako egoera bati ere lantzen dugu. Askotan zer egin behar den jakitea bezain garrantzitsua da zer ez den egin behar jakitea. Hor dago psikologia eta musikaren arteko erlazio hori; arazoak daudenetan nola aurre egin jakin behar da. Eta beste esparru garrantzitsua fisikoa da. Ez da berdina pianoa jotzea, non bat eserita dagoen eta postura nahiko naturala izan dezakeen, edo kontrabaxua edota biolina jotzea. Ordu asko sartzen direnez, luzaketa ariketak egitea, giharrak nola berotu ikastea garrantzitsua da. Askotan arazo fisiko handiak izaten dira, eta horrek bere eragina du jotzeko garaian eta kalitatean. Hor EGO lan izugarria egiten ari da, ikusten ez den lana da, baina azken batean helburuetako bat hori da: formazio integrala eskaintzea.
Gazteak fisikoki eta psikologikoki prestatzen dituzue, beraz.
Bai, hori da. Aurreko udan entzunaldi bati nola aurre egin ikasi genuen. Adibidez, obren ordena nola aukeratu; izan ere, psikologikoki horrek badu bere eragina: zerekin hasi, errazenetik edo zailena lehenengo jo eta ondorenerako utzi errazagoak. Naturaltasun osoz gako batzuk ematen ditugu eta gero bakoitzak egiten du bere lana.
EGOn aritu eta gero zerekin egiten dute topo? Beste orkestretara joaten dira?
Bitartean ere egin dezakete hori. Egun, hiruzpalau gazte ditugu beste goi mailako gazte orkestretan eta orkestra profesionaletan daudenak. Adibide bezala, Euskadiko Orkestrarekin akordio bat sinatu dugu, non urria eta azaro artean beraien abonu denboraldiko bigarren programan EGOko 23 gazte izango ditugun bertan. Horregatik esaten dut EGOren lana batzuetan lan isila dela, ikusten ez dena. Hori da bere zeregina, eta noski, goi mailako kontzertuak eskaintzea eta horretarako zuzendari gonbidatuekin edota zuzendari artistikoekin ondo lan egitea. Hori bai, gero, auzolan horretan jarraitu egin behar da. Nafarroako Sinfonikoarekin harremanetan gaude, Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin ere bai. Nolabait zubi hori izaten saiatzen ari gara, gure gazteei lehen esperientziak edukitzen lagundu ahal izateko.
Ez du zerikusirik gazte orkestrak nagusienarekin: gazteek irakasleekin programa bat egiten dute, programa hori bakarrik, eta orkestra profesional batean astero-astero programa ezberdinak lantzen dira, zuzendari ezberdinak, ez dago irakaslerik. Intentsitatea izugarria da.
Nagusiekin nola lan egiten den ederki jakingo duzu, hamar urtez izan zarelako Euskadiko Orkestra Sinfonikoko zuzendari. Zer moduzko etapa izan zen?
Oso oroimen onak ditut. Denetarik egon zen, tentsioko momentuak ere bai, baina nik uste salto garrantzitsua egin zuela garai hartan orkestrak eta oso harro nago. Esaterako, Espainia mailan lehen orkestra izan ginen Ingalaterran bira bat egiten edo Buenos Airesko Teatro Colonen eta Txileko Santiagoko teatroan ibili ginen, Hego Amerikara egindako biran; Berlinen ere izan ginen. Erronka handiak izan genituen, apustu inportantea egin zen eta nik uste etekin onak lortu genituela. Gerora, ibilbide interesgarria egiten ari da orkestra, eta horregatik dago dagoen lekuan.
«Gaztetan esku soinua ikasten hasi nintzen Isidro Larrañagarekin eta pianoa utzi egin nuen»
Eta zuk hamar urte horietan zer ikasi zenuen?
Nik 29 urte nituen zuzendari izendatu nindutenean. Esperientzia izugarria izan zen, bai kudeaketa mailan, eta baita musikalki ere. Orduan, nire munduan murgilduta nengoen, nahiz eta oso ondo bereizi zer zen piano jotzailea izatea eta gero orkestra batek egin behar duen errepertorioa. Baina garai hartako oroitzapen oso onak ditut.
Piano eta esku soinu jotzailea zara. Noiz izan zenituen musikarekin lehen hartu-emanak?
Nik uste dut ume-umetatik. Amak pianoa jotzen zuen etxean, eta umetan Tolosan hasi nituen ikasketak. Irakasle ezberdinak izan ditut eta beti esaten dut suertea izan nuela Donostiako kontserbatorioan sartu nintzenean Juan Padrosarekin aritu izanaz, piano jotzaile handienen irakasle izan zenarekin eta Enrique Granadosen iturritik edandakoarekin. Eta baita Alicia de Larrocha eta beste pianista handiekin ere. Baina hor inflexio puntu bat badut gogoan gazte garaikoa, Mertxe Zeberio irakasle tolosarrarena zehazki, berak adarra jotzen ari naizela esaten dit, baina bera izan zen musikarekiko bakuna sartu zidana. Oso ikuspuntu aurrerakoia zuen garai hartan eta musikarekiko zuen hurbiltasunak eragina izan zuen nigan; ordutik beti egon naiz musika munduan murgilduta.
Donostiara joan aurretik, beraz, Tolosan aritu zinen.
Bai, irakasle izan nuen hasieran, esaterako, Salus Balza. Gazte garaiko momentu batean, ordea, esku soinua ikasten hasi nintzen Isidro Larrañagarekin eta pianoa utzi egin nuen. Jose Antonio Ruiz Bona Tolosako bandako zuzendaria izan zenak ea pianoa nolatan utzi nuen galdegin zidan, eta hark eskatu zidan pianoa ez uzteko. Hor berreskuratu nuen, berarekin aritu nintzen eta zoritxarrez gaitz bat tarteko gazterik hil zen eta hor zortea izan nuen Mertxe Zeberiorekin pianoan buru-belarri aritzeko.
Handik Donostiara. Eta ondoren?
Ikasketak burutu eta nire kezkak izan nituen. 18 urte nituen eta garai hartan ez zegoen batxilergo musikalik; aukeratu egin behar nuen. Zuzenbideko ikasketak egin nituen, baina pianoko goi mailako ikasketak ere garai berean egin nituen. Zenbait ikasketa atzerrian jaso nituen gero, eta bidea jorratzen joan naiz, bai kudeaketa munduan, enpresa munduan, orkestran 29 urterekin, baina beti pianoa hor eduki dut nire bizitzan, modu oso amateurrean. Orain dela zenbait urte, ordea, har hori hor neukan eta erabaki bat hartu nuen: neukan lanpostua utzi eta musika munduan murgildu nintzen, interprete xume bezala, bakoitzak jakin behar duelako non dauden bere mugak, baina benetan garbi neukana zen bidaia horretan disfrutatu egin nahi nuela. Eta gerora etorri zitzaidan gazte orkestraren aukera.
Bakarkako errezitaldietan ibili zara.
Bai, eta jarraitzen dut. Beti gustatu izan zait. Gainera, ikasketa bereziak egin nituen akonpainamenduan eta gehienbat ahotsarekin. Orduan, zenbait abeslarirekin baditut hainbat proiektu eskuartean. Adibidez, datorren Musikastean soprano batekin euskal musikaren inguruan kontzertu bat eskainiko dugu. Kontatuak ditut horrelako lanak, zeren horretarako denbora behar da; oso laguna dudan Joakin Atxukarro goi mailako piano jotzaileak esaten duen bezala, egun batean edo bitan pianoa jotzeari uzten badiozu zu zeu bakarrik konturatzen zara, baina hirugarren egunean mundu guztia konturatzen da. Horrek eskatzen duena da egunero-egunero jotzea; batzuk esaten dute %1a inspirazioa dela eta %99a transpirazioa, eta hori horrela da, lana, lana eta lana. Alde horretatik aukeraketa bat egin nuen, zeren, asko gustatzen zitzaidan eta gazte-gaztetatik piano ikasketaz gain, akonpainamenduan murgildua nintzen; akonpainamenduan bigarren plano batean zaude, baina aldi berean garrantzitsua da: hura erortzen bada abeslaria biluzik dago. Beti gustatu izan zait lagunen artean eta elkarlanean musika egitea.
Lagunartea aipatu duzunez, zure elkartean, Txinpartan, piano bat ere ba omen duzue.
Astindu ederrak eman izan dizkiogu. Oso modu naturalean aukera izan genuen piano hori bilatzeko; piano zahar bat da, noizbehinka afinatzen duguna, eta parranda dezente egin izan dugu pianoaren aitzakian.
Musika festarako ere badelako.
Hala da. Askotan gizakiok badugu tendentzia gauzak sailkatzeko. Niri grazia handia egiten dit musika 'culta' esaten denean; zer gertatzen da beste musika 'inculta' dela? Niretzat musika ona edo txarra da, gero bakoitzaren gustuak daude, eta bakoitzak egin dituen ikasketen arabera ere, musika batera edo bestera inguratzen zara. Era askotako musika zoragarria dago eta disfrutatzeko eta parrandarako ere asko balio du. Gainera, musika ardatz nagusietako bat izaten da parrandetan.
Aurrera begira, nola datorkizu etorkizuna?
Buru-belarri ari naiz EGOren proiektuarekin, maiteminduta nago. Gazteekin lan egitea ohorea da eta zer esanik ez nigan jarri duten konfiantzagatik. Ez dut ukatuko bi urte hauek oso zailak izaten ari direla, denontzat moduan, eta baldintzatzen ari dela gure hasierako egitasmoa, baina gure ibilbidea egiten goaz eta alde horretatik proiektu eta burutapen asko ditugu, ea gai garen gauzatzen joateko.
Musikari lotuta ikusiko zaitugu hortaz.
Printzipioz nik uste baietz. Nork daki zer gertatu daitekeen, baina momentuz behintzat, bai.