Bihar irekiko ditu ateak Gazte Topaguneak

Ataria 2021eko irailaren 15a

Ohiko ordutegian egongo da irekita, ostegunetik igandera; ikasturte berriari ongi etorria emateko, irailerako dagoeneko hiru ekintza antolatu dituzte hezitzaileek.

Ikasturte berria hastearekin batera, bihar zabalduko ditu ateak Gazte Topaguneak. Ohiko ordutegian egongo da irekita: ostegun eta ostiraletan, 17:00etatik 20:00etara, eta larunbat eta igandeetan, 16:30etatik 20:30etara.

Aurreko ikasturteko segurtasun neurriak mantenduko dira. Hezitzaileek covid fitxa bat beteko dute nerabeen eta guraso edo tutoreen datuekin, eta derrigorrezkoa izango da uneoro musukoa erabiltzea eta erabilitako materiala desinfektatzea. Topagunera bertaratzeko, gainera, txanda hartu beharko da, eta hezitzaileek edukiera kudeatuko dute, gehienez 30 lagunekoa izango baita.

Ikasturte berriari hasiera emateko, irailaren 19an, igandea, beldurraren etxea antolatzeko bilera egingo da Gazte Topagunean. Irailaren 23an, mahai jolas berrietan ibili ahal izango dira gazteak, eta irailaren 30ean, eskumuturrekoak egiteko tailerra egingo dute.

Ekintzak 12 eta 16 urte bitarteko gazteei zuzenduta daude ekintzak, eta parte hartzeko aurrez eman behar da izena @topaguneatolosa instagram kontuan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!