Inork ahaztu ezin dituen doinuak

Josu Artutxa Dorronsoro 2021ko ira. 15a, 11:59

Dantzarako doinuak interpretatuz, edozein momentu alaitzeko prest dagoen boskotea da Orkestrina Band Jazpana; larunbatean, kontzertu berezia eskainiko du, 12:00etan, Lopez Mendizabal Plazan.

Dantzarako musika eta oholtzarako lagunak. 2015eko uda zen, eta besterik ez zuen nahi Zigor Sagarna musikari tolosarrak, orkestra txiki bat osatzeko. Los Alegres taldeak eskaini zuen kontzertu batean izan zen Sagarna, eta bertan bururatu zitzaion ideia. Gerora, Tolosan proiektu askorekin gertatzen den moduan, parranda batean sortu zen Orkestrina Band Jazpana taldea. «Denborarekin galdutako tradizio musikala da, baina ez dugu ahaztu. Orkestra txikiek arrastoa utzi dute eta Euskal Herrian izan direnak omendu nahi ditugu», esan du.

Sagarnak berak ukebaxu akustikoa jotzen du, eta elkar ondo baino hobeto ezagutzen duten lau lagunekin osatzen du taldea: Jaione Urdanibia (soinu handia), Jon Urbizu (saxofoia), Gorka Otamendi (bateria) eta Armando Figeroa Mandi (perkusioa eta ahotsa). Umore Ona orkestran edo Kaxianorekin aritutakoak dira horietako batzuk.

Dantzarako doinuak jorratuko zituen talde bat sortzeko beharra ikusi zutelako elkartu zen boskotea. «Tolosan edota inguruan ez dago gisa honetako talderik, eta beraz, aukera ona izan zitekeela uste genuen. Dantza egiteko espazioak falta dira, batez ere adinekoentzat. Hemen, San Joan jaietan izaten den Mariatxien kontzertuaz gain, ez dute non dantzatu, eta hutsune hori bete nahi dugu».

Elkarrekin musika egin, plaza askotara heldu eta adin talde ezberdinak alaitzea. Helburu horiek dituzte Orkestrina Band Jazpanako taldekideek, eta orain arte, aurreikuspenak bete dituztela aitortu dute. Iurreamendi Zaharren Egoitzan eskaini zuten lehen kontzertua, duela 5 urte. «Saio oso atsegina izan zen, eta bertako egoiliar nahiz langileen erantzuna, oso ona». Geroztik, Lezon, Arbizun, Lazkaon, Donostian edota Aranon eskaini dituzte kontzertuak. «Ikusleak gustura egoten dira betiko melodiak entzuten eta dantzatzen».

Oroitzapenak berpizteko

Gainerako musika taldeentzat bezala, talde tolosarrarentzat urte konplexuak izaten ari dira azken biak. Hala ere, badirudi azken hilabeteetan esperantzarako argi apur bat piztu zaiela. «Ez gara geldirik egon eta entseguak egiten nahiz kantuak prestatzen aritu gara. Gainera, kontzertuak eskaini ditugu Tolosako Alondiga kafetegian eta Lazkaon», azaldu dute.

Larunbatean, berriz ariko dira tolosarren aurrean; Lopez Mendizabal Plazan eskainiko dute kontzertua, 12:00etan hasita. Saio berezia izango da, elkartasunez beterikoa. «Buru Bihotzez elkartearekin bat egin dugu, garai guztietako doinuak interpretatuz, musikaz gozatzeko eta oroitzapenak berpizteko helburuarekin. Hori dela eta, Alzheimerra edota bestelako dementziak dituzten herritarrak animatzen ditugu kontzertura».

Tolosako plazara bertaratzen direnak gustura egotea eta tarte gozo bat igarotzea espero dute taldekideek. 30eko eta 40ko hamarkadetan ezagun egin ziren konposizioetan oinarritzen da taldearen errepertorioa, foxtrot-a, cha-cha-cha, samba, salsa, boleroa, tangoa, bossa nova, baltsa, rocka, pasodoblea eta rantxera generoetatik abiatuz, bereziki jazz ukitua hartzen duen musika instrumentalarekin. Besteak beste, Tico-Tico, El Cumbanchero, Historia de un amor, Cachito edo La Comparsita abestiak interpretatuko dituzte. «Tartean, inauterietako doinuak ere entzuteko aukera izango da», aurreratu dute.

Bi herriren topaketa

Behinola, Kubatik Tolosara etorri, eta hemen, bertako musikak maitemindu zuen Mandi; baita Mandik bertako musika zaleak ere. Musika taldeetan bere lekua erraz topatzen duen horietakoa da. Perkusioa jotzea da bere pasio handienetako bat, baina abestea ere oso gustuko du; ahots indartsua du, gainera. «Nazioarteko abestiak interpretatzen ditugu, eta beraz, oso egokiak dira niretzako».

Besteak beste, kubatar eta euskal melodia eta erritmoak uztartzen dituen La Jodedera taldean aritzen da. Euskal Herriko kulturak, kubatar kulturak bere herrialdean duen adina garrantzia duela aitortu du. «Tolosan, garrantzia ikaragarria du musikak, herriaren izaeran ezinbestekoa da, eta Kubarekin alderatuz, ikasteko aukera handiagoak daude», nabarmendu du.

FAMILIA-MUSIKA, GAIXOENTZAKO TERAPIA

Buru Bihotzez elkarteak, Tolosaldeko familia oro gonbidatu nahi du larunbateko kontzertura. «Dementziak eragindako edonorekin batera, ekimen honekin gozatu dezazuen nahi dugu. Aldi berean, zaintzaile gisa dugun zereginean laguntzen jarraitzeko, garrantzitsua izan daiteke topo egitea edota elkar ezagutzea», adierazi dute.

Alzheimerra edota bestelako dementziak dituzten herritarren zaintzaz arduratzen den elkarteko kideak jakitun dira familia-musikak terapia ez-farmakologiko modura funtzionatu dezakeela. «Gehienetan oroitzapenak berpizten ditu gaixoengan, eta, aldi berean, eragin positiboa du haien jokabide-sistemetan eta sistema emozionaletan. Kontzertu hau, beraz, aukera ederra izango da guzti horientzat».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!