Elkarrizketa

«Orain arte bizi izan ditugun joko trakets eta gogorrenak izan dira»

Josu Artutxa Dorronsoro 2021ko ira. 15a, 07:59

2020ko Tokioko Olinpiar eta Paralinpiar jokoetan aritu diren euskal kirolarien jardunari ahotsa jarri die Iñigo Asensio tolosar kazetariak; «deskontrola ikaragarria zen eta buruhauste ugari izan ditugu», aitortu du.

50 eguneko egonaldia egin du Tokion (Japonia) Iñigo Asensio (Tolosa, 1985) kazetariak, Bat Basque Team proiektuarentzat lanean. «Intentsitate handiko lanaldia izan da, eta oraindik neke fisiko eta mental apur bat dut», esan du, itzuli eta astebetera.

Olinpiar Joko berriak, hiri berria eta esperientzia berria. Nola deskribatuko zenituzke aurtengo Tokioko Jokoak?

Kirolarien eta euren jardunari erreparatuz gero, beti bezain zoragarriak. Euskal partaideei, beraien lorpenei, eta noski, kontatzera egokitu zaigunari dagokienez ere, oso onak. Lan egiteko, ordea, orain arte bizi izan ditugun traketsenak eta gogorrenak, antolakuntza eskasekoak. Ezustean harrapatu gaitu, eta deigarria izan da, Japonia bezalako herrialde batengandik beste zerbait espero dezakezulako, baina aitortu behar dut aurreikuspen asko hautsi zaizkidala: antolakuntza eraginkorrarena, garraio sistema aurreratuarena, gastronomia bikainarena...

Kazetariek, gainera, arazoak izan zenituzten jokoak hasi aurreko egunetan, ezta?

Burbuilatik atera ezinik ibili gara, ondoko supermerkatuan ontzi arinetan datozen jakiak erosi eta hotelean bertan jaten, inguruan turista japoniarrak lasai asko igarotzen ziren bitartean. Espero eta uler genezakeen, COVID-19aren eraginez, neurri berezien kontrola are handiagoa izatea, baina horrek ere ez du batere ondo funtzionatu; zutabe ezegonkorretan oinarrituta zegoen antolakuntza.

Buruko min eta buruhauste ugari izan ditugu, eta inoiz baino lan administratibo gehiago egin behar izan dugu, bertara iritsi eta guztia ia alperrik zela ohartzeko. Deskontrola ikaragarria zen; hankarik eta bururik ez zuen zerbait ari zen gertatzen. Burbuila zelako hura ez zen betetzen, eta lau aldiz aldatu gintuzten hotelez; testak egiten ez zituztenak ere ezagutu ditugu. Eta ez zen ezer gertatzen.

Espainiar irrati kate bateko kazetari batek, berrogeialdia egin behar izan zuen hotelean, berak hartu ez zuen hegaldi batean lehendik hartuta zuen eserlekuaren eremuan bidaiari batek positibo eman zuelako. Berak erreklamatu arren, ez zen nahikoa zuzentasun edo inteligentzia egon akats hori onartu eta egoera konpontzeko, besteak beste, kazetari horren lana jokoan zegoenean. Guzti horri, kazetariak gerora izandako estres egoera gaineratu behar zaio.

Erabat aldakorra izan da lana, eta oso luzea egin zaigu. Metroan 25 minutuetan egin zenezakeen bidaia bat, bi ordutan egiten genuen olinpiar batzordeak ezarritako garraioetan, eta bidaiaren erdia eguzki azpian, 37 gradutan, gerizperik gabe. Txirrindularitzako probak, Bat Formulako zirkuitu batean amaitzen ziren, eta Joko Paralinpikoetan, sekulako euri jasa bota zuen. Lurrean hiru zentimetroraino heltzen zen ura, eta elkarrizketa gunean, ez zegoen aterperik.

«Lurrean hiru zentimetroraino heltzen zen ura, eta elkarrizketa gunean, ez zegoen aterperik»

Orain, askok esaten didate kontatzen ari naizena ez dutela inon ikusi edo entzun, eta egia da, ez delako inoiz albistegietan aterako. Baina, kazetariok ez dugu erraztasun handirik izan, eta mila trikimailu eta modu ezberdin aurkitu behar izan ditugu gure lana aurrera ateratzeko.

Zure egitekoa, euskal kirolarien ibilbidea jarraitzea izan da. Jada baduzu esperientzia, gainera. Hala ere, nola aritu zara aurten?

Inprobisatzera behartu gaituzten egunak izan dira. Aurrez, egutegi bat eta agenda bat genituen, baina hankaz gora joan zen guztia. Kirolariekin egotea eta elkarrizketak egitea oso konplexua zen. Ondorioz, enpatiarako, ulermenerako eta erreakziorako gaitasun handirik gabeko antolakuntza baten aurrean geundenaren sentsazioa izan dugu.

Nola baloratuko zenituzke Tokion euskal kirolariek egindako lana eta lortutako emaitzak?

Parte hartzeari eta lorpenei dagokienez, marka guztiak ondu dira. Momentu oso politak bizi ahal izan ditugu, akaso, Maialen Chourrautena izan da nabarmenena; Julen Aginagalderena ere hunkigarria izan zen. Une triste samarrak bizitzea ere egokitu zaigu, asko, dominetatik oso gertu geratu direlako. Hori dute Olinpiar eta Paralinpiar jokoek, txanponaren bi aldeak, gozoa eta gazia, dastatzea egokitzen dela.

Nire kasuan, kazetari bezala, aurten ez dut gozatu izanaren sentsaziorik, baina badakit, aste batzuk igarotakoan, atzera begiratu eta harrotasun hori geratuko zaidala: Han ere izan ginen, eta hori ere kontatu genuen. Nahiz eta polita izan dela esateko gaitasunik oraindik ez izan, eta asko sufritu arren, aste batzuetara, une historikoak bizi genituela gogoratuko dugu.

«Kazetari modura, aurten ez dut gozatu izanaren sentsaziorik, baina badakit gerora harro egongo naizela»

Berrikuntza nagusienetakoa, agian, harmailetan publikorik ez izatea izan da. Zein sentsazio izan zenituen?

Oso arraroa da zeinen azkar ohitu garen egoera horretara. Nolabait, estadioetako hizlarien lanari eta musikari esker, ia ez naiz ohartu ere egin. Lehen egunetan, akaso, apur bat ezohikoa irudituko zitzaigun, baina gerora, zerbait arrunta izan zen. Oso berezia izan da, kirolariekin harremana genuen bakarrak, prestatzaileez gain, kazetariak ginelako; boluntario talde oso handia ere izaten zen eremu horietan. Hautatzaile eta parte hartzaileen txalo eta oihuak izaten ziren tarteka, eta kazetariok ere laguntzen genuen zeregin horretan.

Beste berrikuntza bat, jokoetan estreinatu eta azken aldiz praktikatu diren kirol modalitateena izan da. Zein iritzi duzu honen inguruan?

Betiko eztabaida da, eta oso zaila da olinpiar bezala zein kirol izendatu eta zein ez zehaztea. Nire kasuan, ez dut barrutik bizi, gure kirolari zuzen-zuzenean eragiten dion arte: surfean partaide ugari izan genitzakeen eta bakarra izan dugu, karatea desagertzeak ez dirudi kalte handirik eragiten dionik... Pena handia sentituko dugu euskal ordezkari ugari dituen modalitateren bat desagertzen denean. Batez ere, kirolarien ibilbide eta ametsekin jokatzen den neurrian da arraroa, baina bistakoa da olinpiar izatera igarotzen diren kirolak erabat iraultzen direla.

Zoritxarrez, Olinpiar Jokoen errealitateak askotariko interesen eragina du. Erabaki horien atzean, beraz, ikuskizun gosea, errentagarritasuna, eta ziur, ezagutzen ez ditugun faktore gehiago ere izango dira; irizpide objektiboetatik harago doazen erabakiak dira. Hala ere, modalitate egonkorragoak izatea eskertuko litzatekeela iruditzen zait.

Izan al duzu Tokioko Olinpiar parketik atera eta hiria bisitatzeko aukerarik?

Olinpiar eta Paralinpiar jokoen artean 12 bat egun izan genituen, atseden hartzeko eta deskonektatzeko, baina zoritxarrez, eguraldi oso desatsegina izan genuen. Fuji mendia igotzeko erronka jarri genion geure buruari, eta baldintza klimatiko oso gogorretan abiatu ginen. Ekaitzak harrapatu gintuen eta 100 kilometro orduko haize ufadak izan genituen. Lagun askok atzera egin zuten, eta gutxi batzuk lortu genuen gora heltzea. Sumendiaren kraterretik oso gertu egonda ere, ezin izan genuen ikusi. Esperientzia oso polita izan zen, baina baldintzek erabat zapuztu zutena. Horrez gain, inguruko herrietan, ur termaletan eta piraguan ibiltzeko aintziretan izan ginen. Batez ere mendi inguruan ibili ginen, hiritik ihes egitea erabaki genuelako.

«Fuji mendiko igoeran, ekaitzak harrapatu gintuen; 100 kilometro orduko haize ufadak izan genituen»

Nolako hiria da Tokio?

Hiri interesgarria eta erakargarria da. Hiri berean, hiri asko dira, eta bakoitzak ezaugarri propioak ditu. Hala ere, lan baldintza deserosoak dituzunean, asko aldatzen da edozein hiri bizitzeko modua, eta Tokio nahiko grisa bizi izan dut bidaia honetan.

Londresko paralinpiar jokoetan hasi zen zure ibilbidea. Urte guzti hauetan, zertan aldatu dira jokoak?

Herrialde bakoitzak eta bere kulturak eragin handia du Olinpiar Jokoengan, baita horietan modu batera edo bestera parte hartzen dugunongan ere. Londreskoak joko britainiarrak izan ziren; Rio de Janeirokoak, berriz, latinoamerikarrak; eta Pyeongchangoak eta Tokiokoak, asiarrak. Hortaz, Rio de Janeirotik Tokiora guztia aldatu da, bi kulturak eta bi hirietako biztanleen izaerak elkarrengandik kontrajarriak direlako. Baina bitxia da, bi herrialdeek harreman eta eragin historiko handia dutelako. Kasu honetan, kultura jakin batekin egin dugu topo, eta asiarrak baino, oso japoniarrak izan direla esatera ausartuko nintzake.

Bada gauza bat deigarria iruditu zaidana: jokoekiko oposizioa nahikoa mainstream bilakatu da. Ez dugu ahaztu behar, jokoak egin diren herrialde guztietan, gizartearen zati bat ekitaldiaren aurka agertu dela. Stratford auzoko (AEB) txiroei edo Brasilen favelak desegin eta etxerik gabe utzi zituzten milaka lagunei ez zitzaien ahotsik eman, inori ez zitzaiolako interesatzen. Japonian, ordea, bazen kirol agendarekin lerrokatutako kritika bat, lehen lerroa hartu zuena: COVID-19a. Bat-batean, gizarte osoak pentsatu du Japonian ez zutela jokoak ospatzerik nahi.

«Joko Olinpikoekiko oposizioa nahiko mainstream bilakatu da aurten, eta hori deigarria iruditu zait»

Hurrengo helmuga, Paris, 2024an.

Aurrez, Neguko Olinpiar Jokokoak izango dira Pekinen, aurten. Olinpiar zikloari erreparatuz gero, kirolarientzat oso gertu daude Parisko jokoak. Niretzako, aldiz, ikaragarri urruti. Ziur, oso frantsesak izango direla.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!